Euskararen ahotsa jarraitzen dute zabaltzen

Aikor aldizkaria 2010ko ira. 24a, 15:44

Oporraldi ostean gogotsu etorri zaizkigu Berbalagun egitasmoaren kideak. Horrela, bada, talde batzuk irailean hasi dira elkartzen, baina ikasturteari urrian emango diote hasiera ofiziala. TOTOAN Txorierriko euskara elkarteen federazioak orain dela urte bi jarri zuen martxan Berbalagun proiektua, Mankomunitatearekin batera. Hala ere, hori ez da ekimen berria gurean, Larrabetzun eta Derion aurretik ere bazeudelako mintzapraktika taldeak. Ekimenak euskara ikasten dabiltzanak eta euskara badakitenak batzea du helburu; lehenengoek hizkuntza praktikatzeko, eta bigarrenek euren ezagutza konparti dezaten. Hau da, horiek euskara modu naturalean erabil dezaten herriko edozein txokotan. Izan ere, hizkuntza jakin arren, asko dira euskaraz berba egiteko ohiturarik ez duten lagunak. Arrazoiak ere anitzak dira: barregarri geratzeko beldurra, lotsa edo norekin berba egin ez izatea, banaka batzuk aipatzearren. Berbalagun egitasmoa 17 urtetik gorako pertsonei dago zuzenduta, eta bertan parte hartzeko baldintza bi betetzea baino ez da beharrezkoa: euskaraz berba egin nahi izatea, eta astean ordubete libre edukitzea. Parte-hartzaileak bi edo hiru lagunek osatutako taldeetan banatzen dira, eta talde bakoitzak askatasuna du ordubete hori zertan eman nahi duen erabakitzeko: paseoan ibiltzen, kafe bana hartzen, kartetan egiten... Joan den urtean 21 mintzapraktika talde sortu ziren Txorierrin: 1 Sondikan, 2 Loiun, 11 Derion, 2 Zamudion, 1 Lezaman eta 4 Larrabetzun. Abantailak baino ez Taldeok oso dinamika aktiboan ibili ziren murgilduta urritik ekainera bitartean, euskaraz berba egiteko gelditzeaz gainera, proiektuaren arduradunek antolatutako ekitaldiz gozatzeko aukera ere izan baitzuten. Ekitaldi horien artean hauek dira aipagarrienak: ikastaroak, mendi irteerak, bazkariak eta afariak, antzerkia, bisita gidatuak eta txangoak. Ekintzok helburu bikoitza izan dute: alde batetik, Txorierriko berbalagunek elkar ezagutzea; eta bestetik, euskaraz edozer egin daitekeela erakustea. Era berean, ikasturte amaieran berbalagunek Mintza Egunean hartu zuten parte, Arrasaten. Mintza Eguna Euskal Herri osoko berbalagunak batzen dituen jaialdia da. Egitasmoak badu bere bloga, eta kideek han jarraitu ahal diete proiektuaren inguruan dauden nobedadeei, edo egindako ekitaldietako argazkiak ikusi. Agenda ere argitaratzen da hilero, bailaran zein inguruetan euskaraz egiten diren ekintzen berri emateko. Parte-hartzaileen esanetan, berbalaguna izateak abantailak baino ez dakartza: lagun eta leku berriak ezagutzea, batzuek erdi ahaztuta duten hizkuntza berreskuratzea, euskarari norberaren ekarpena egitea, tarte atseginak pasatzea, euskara ikasten dabilenari laguntzea... Beraz, anima zaitezte! Izena emateko: Telefonoa: 635 75 35 95 (Itsasne) e-mail: txorierri.berbalaguna@gmail.com Bloga: www.aikor.com/txokoa/berbalagun Txorierriko Mankomunitatea Txorierriko euskara elkarteak Udal euskaltegia Txepetxa AEK euskaltegia