Esku artean doguz udagoieneko lorak

Aikor aldizkaria 2010ko ira. 27a, 08:34
Argazkiak: Urrusti
Azken hilabeteotan ez dau euri askorik egin, eta lurra siku dago. Baina guk ez dogu galdu ilusinorik ez gogorik. Otzarea eta labanatxua harturik, Mikel Llodio, Jose Luis Medrano eta Patxi Arias Lezamako Urrusti mikologia alkarteko kideakaz ibili gara perretxikotan. Mendian ez dago sekretu handirik. Intuizinoa, eskarmentua eta ikusmen ona oso mesedegarriak dira, perretxikotan ibiltzeko. Baina helburua ez da ahalik eta onddo gehien hartzea, naturan tarte atsegin bat pasetea baino. Urrusti alkartean ondo ikasita daukie hori, eta ingurumenaren aurrean begirunez jokatzen irakasten deutsee alkartekideei mendi urtekera guztietan. “Mendia topau dogun moduan itxi behar dogulako”. Perretxiko muetak asko dira eta garau gehiago edo gitxiago topauko doguz tokien arabera. Mendian gora eta behera ibili ostean, atsegina da otzarea beteta eroatea etxera, eta familiagaz batera gozatzea perretxikoez. Baina mendia garbitzen dauenik be badago eta lurralde batzuek araudiak eta kuota-sistemak ezarri ditue. Esaterako, Arabak. Urrustikoak ez datoz bat halako neurriakaz. “Alde batetik, ikerketen arabera, biltzeak ez daukalako ondorio txarrik perretxikoen ugalketan. Eta, bestetik, neurriok ondorio txarragoak ekarri leikiezalako. Hau da, egunean kilo bitik gora ezin bada hartu, jazo leite onddotan dabilenak erabagitea garau txikiak hartuko dituala, eta orduan onddo horreek, heldu barik badagoz, ez dabe esporarik botako, eta mendiari kalte handiagoa egingo jako”. Urrustikoen ustez, beste era bateko neurriak hartu beharko litzatekez: lizentzia-sistemak ipintea, arautu bako salmentea kontrolatea edo biltzaileek oinarrizko ezagutzea dabela ziurtatzea, banaka batzuk baino ez aitatzearren. Ezagutzea armarik baliagarriena dalako. “Badago perretxikoak inongo erizpide barik jasoten dituanik; eta ez ezagutzearen ondorioz hartutakoen erdiak baino gehiago botaten dituanik: perretxikoak onak izan zein txarrak izan”. Guztien zeregina Lezamarrek azaldu daben legez, perretxiko guztiek, jangarriek nahiz hilgarriek, euren zeregina dabe mendian, eta susmorik bada garauren bat pozoitsua izango ete dan, ez da onuragarria ha kentzea, ez naturarentzat, ez gure atzetik datozanentzat. “Animaliek ez dabe jango, eta zikotza ez danak beste hainbeste izango dau hartzeko”. Ez dakigunean, galdetzea da onena. Urrustikoak taldeka banatzen dira mendi urteeretan, eta aditu bat edo bi joaten dira talde bakotxean. “Zalantzarik badago, ez da hartzen”. Perretxikotan dabiltzanak ekipamendu egokia eroan behar dau mendira: labana eta otzarea. Eta azken hori konpartimentutan zatituta badago, askoz hobeto. Holan perretxiko mueta desbardinak batu eta sailkatzeko aukerea egongo da. Plastikozko boltsea ez da bape komenigarria esku artean dogun beharrerako. “Eragozten dalako perretxikoen esporak mendira botatea. Horrezaz ganera, boltsea hermetikoa danez, garauak usteldu egiten dira”. Ekintza ugari Eguraldiaren menpean gagoz, eta ez dakigu perretxiko sasoia oparoa izango ete dan. Baina Urrustikoek ekintza sorta zabala antolatu dabe urritik abendura bitartean. Urriaren 2an, Gorbeiara joango dira eta egun horretan bildutako garauak ikusgai ipiniko ditue hurrengo egunean Lezamako Nekazaritzako Azokan. Untza Derioko mendi taldeak hilaren 30erako antolatutako urteeran be parte hartuko dabe, eta azaroaren 14an Markina-Sarriara (Murgia) joango dira. Azaroaren 28rako, Páramo de Masara antolatu dabe urteerea, eta Gabonetan Argazki Txapelketea egingo dabe laugarren aldiz. Urrusti Lezamako taldea Txorierrin dagoan mikologia alkarte bakarra da. Alkartea hamalau lagunek sortu eben orain dala bost urte, eta gaur egun 50 bazkide ditu. Urrustik hartu-emon estua dauka eskualdeko mendi alkarteakaz, eta gura daben guztiek hatu leikie euren jardueretan. Alkarteagaz hartuemonetan ipinteko, bide bi dagoz: www.urrusti.vpweb.es webgunearen bitartez, edo urrustimic@gmail.com helbidera mezu bat bialduz. Gainera, aurton kamisetak jarri ditue salgai, urteeretara dotore-dotore joateko.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).