Ortu solidarioa

Aikor aldizkaria 2010ko urr. 25a, 14:02
Goilurra gizarteratzeko enpresak proiektu barri bat jarri dau martxan, Larrabetzun. Proiektua gizarte-esklusioko arriskuan dagozan lagunei dago zuzenduta, eta Santi Gerrikagoitiaren negutegietan kokatu dabe. Santi Olatxu baserrian bizi da Carmen bere emazteagaz. Gizona orain dala 50 urte ailegau zan Mendatatik Larrabetzura, eta han, 20 urtean ibili zan errotari-laguntzaile. Bizimodua ortutik ateratea erabagi eban ondoren, eta soloan 30 urte emon ditu. Baina behar gogorreko hainbat urte, hilebete eta egunen ostean, nasaitasunez gozetako momentua ailegau jako baserritarrari eta erretiroa uztailean hartu eban. Santik zortzi negutegi ditu; piperrak, tomateak, indabak, letxugak... landatzeko 3.000 metro karratu. Zer egin horreekaz? “Saharan egiten ebilzan proiektu baten barri euki genduan eta negutegiak bertara agintzea erabagi genduan hasiera baten”, azaldu deuskue senar-emazteek. “Baina handik hilebete batzuetara beste eskaintza bat egin euskuen: negutegiak Goilurra enpresari lagatea, han gizarte-esklusioko arriskuan egozan lagunak soloko beharretan trebatzeko. Eta oso ideia polita eta egokia iruditu jakun”. Maiatzean lau atzerritar hasi ziran beharrean Santiren negutegietan: saharar bat, txetxeniar bat, portugaldar bat eta bolikostar bat. Guztiek dabe behar-kontratua eta soloko beharrak ikasten dabilzan bitartean soldata be jasoten dabe. Santi egunero hurbiltzen da negutegietara, barazkiak zelan landatu, hazi eta hartu azaltzera eta ahal dauan guztietan laguntzera. Buruan lehengo kezkak ez dauan arren, soloko arazotxuek oraindino kezkatzen jarraitzen dabela autortu dau. Nolanahi be, proiektu berezia da larrabetzuarrarentzat, orain dala gitxi arte bere beharra izan danagaz harremanetan segitako aukera emoten deutsalako eta bere lurretan ekoizten jarraitzen dalako. Iraungite-datarik bakoa Hasierak ez dira errazak eta kasu honetan be buruhauste bat baino gehiago euki dabez Santik eta Carmenek. “Normala da. Lehenengo aldia da soloagaz harremana dabena eta dana hasiera-hasieratik ikasi behar izan dabe. Baina oso mutil prestuak dira, eta gu gustura gagoz eurakaz”. Eta buruhausteak anekdota dibertigarriak bihurtu dira egunak aurrera joan ahala. “Behin Santi ikusi eben lorak kentzen. Hurrengo egunean negutegietara ailegau eta porru guztiei lorak, haziak, kendu eutseezala topau genduan. Ai ene!”. Bikotea pozik azaldu da hartutako erabagiagaz. Alde batetik, ogibidea ikasten daben bitartean behar egiteko aukerea emon deutsee lau lagunei; eta bestetik, euren ekarpen txikia egin dabe soloa hutsitu ez daiten. “Negutegi asko dagoz abandonauta eta penea da”. Goilurra enpresarena iraungite-datarik ez dauan proiektua da. Langileek eurek gura arte edo beste behar bat topau arte egon ahalko dira bertan. “Eta batek daki! Baten bat baserritar trebea bada eta animaten bada, erakundeek emoten dabezan laguntzak eskuratu eta bere ustiategia jar daike martxan”. Gainera, etorkizunean proiektua handiago egiteko asmoa dau enpresak; hau da, lur gehiago hartu eta negutegietan jente gehiagok behar egin daiela. Goilurra Ezkerraldeko enpresa da, eta batutako uzta Mercabilbaon eta euren influentzia-zonan saldu dabe. “Beste helburu bat bidezko merkaturatzea bultzatzea da, ekoizlearentzat zein kontsumitzaileentzat onuragarria izango dana”. Proiektua “Pais Vasco, un alma solidaria” golardoa jaso dau eta saritzat 20.000 euro emon deutsie. Dirua proiektuan bertan inbertituko da. “Santi eredutzat dogu” Takio Daham Saharakoa da; eta Magomed Kishiev, Txetxeniakoa. Beste hainbeste etorkin bezala, Euskal Herrira etorri ziran aukera baten bila eta Larrabetzun topau dabe. Ez eben soloaren gaineko aurretiko ezaupiderik, baina ikasten joan dira eta harro azaltzen dira euren eskuz landatu eta jaso daben uzta erakusten deutsuenean. “Postu bat jarri genduan Larrabetzuko Produktuen azokan eta dana oso ondo urten zan. Pozik gagoz”, txukun esan dabe gaztelaniaz. “Euskera apur bat be bagabilz ikasten”. Behar gogorra da; halanda be, neurria hartu deutsiela azaldu deuskue. “Behar hau euki ezean, langabezian egongo ginateke, beharbada. Hau hobea da, langabezia baino. Gainera, Santik laguntzen deusku eta guk eredutzat dogu”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).