<i>Fikzioaren izterrak</i>

Aikor aldizkaria 2010ko aza. 18a, 12:42

Testua: Gotzon Barandiaran

Fikzioaren izterrak Ur Apalategi, SUSA Ez da lehen aldia Ur Apalategik gure literatur sistema hainbat kontakizunetarako testuingurutzat hartzen duena. Umorea, bikote harremanak, gai politiko sozialak, euskaldunon keriak, konplexuak eta handiusteak lehenago ere hartu izan ditu narraziorako gaitzat. Aurrez idatziak dituen Gauak eta hiriak zein Gure Gauzak, S.A nobelekin batera, Fikzioaren izterrak ipuin liburuak trilogia osatzen duela esan dezakegu. Ur Apalategik euskarazko literatura irakasten du Paueko unibertsitateak Baionan duen fakultatean, Bernardo Atxagaren narraziogintzari buruzko doktore tesia idatzi zuen, literaturgintzari buruzko saiakerak argitaratu ditu eta Utriusque Vasconiae argitaletxeko kide da. Halandaze, euskarazko literatur sistema ez zaio batere arrotza. Eta hori nabarmena da Fikzioaren izterrak liburua borobiltzen duten zazpi ipuinetan. Ziria sakon sartu, gogoeta eragin eta idazleek jendartean dituzten irudi mitifikatu guztiei barre egiten die Ur Apalategik. Protagonista gehienak (idazleak, gehienak) patetikoak dira eta patetikotasun hori azaleratzeko sarritan egoerak lartxu puzten baditu ere, ironiari esker, liburuko ipuinen arteko maila orekatua bezain zorrotza dela iruditu zaigu. Euskaldunok geure buruari barrez, ez Vaya semanitakoen antzera.