Lezama euskaldunon topagune bihurtuko da

Aikor aldizkaria 2010ko aza. 18a, 15:13
Euskararen Egunaren haritik familia osoari zuzendutako ekitaldiak antolatu dira, eta nobedadeak ere egongo dira
Euskararen Nazioarteko Eguna abenduaren 3an ospatuko da, baina Txorierrin azaroaren 27tik abenduaren 1era bitartean izango dira ospakizun honen inguruko ekitaldiak. Anfitrioi lezamarrak ibiliko dira aurten, eta ekitaldiak herriko frontoian egingo dira. Horiek Txorierriko Mankomunitateak antolatu ditu Zorrizketan Lezamako euskara elkartearekin eta Berbalagun egitasmoan parte hartzen duten lagunekin batera. Egun nagusia azaroaren 27a izango da. Kukubiltxo antzerki taldeak Txirrikiz umeentzako antzezlana eskainiko du goizeko 12etan, eta ostean euskal jolasak egingo dira: soka tira, bolo-jokoa eta makila dantza, batzuk aipatzearren. Gaztetxoek zein helduek edukiko dute han indarrak neurtzeko aukera. Horretarako, 10 lagunek osatutako lau talde aurreikusten dira. Era berean, telebista-saio batean oinarritutako Hitzapasa jolasa egongo da, eta irabazleek sari ederra jasoko dute. Beraz, familia osoari zuzendutako goiza izango da. Andoni Egaña, Sustrai Colina, Etxahun Lekue eta Jone Uria bertsolariek hasiera emango diete arratsalderako antolatutako ekitaldiei. Goi mailako bertsolariak arratsaldeko 7etatik aurrera ibiliko dira bat-batean Lezamako frontoian, eta bertaratutakoei gozaraziko dietela ziur gaude. Izan ere, euren ibilbidean zehar erakutsi digutenez, bertsolari txukun-txukunak dira, trebeak eta zorrotzak, eta txorierritarrok ere zaletasun handia dugu bertsoetarako. Taberna Ibiltariaren lagunek lekukoa hartuko diete bertsolariei. Hitzordua iluntzeko 8:15ean izango dugu, frontoian. Eta handik Lezamako tabernetara eta kaleetara eramango dituzte euskal kantak eta jarraitzaileak. Xaramelak edonon entzungo dira eta festak gorputzak eta indarrek nahi arte iraungo du. “Ahalegina egin dugu jendearen inplikazioa eskatzen duten ekitaldiak antolatzen”, azaldu du Laura Martinez Mankomunitateko euskara teknikariak. Azaroaren 29an eta 30ean eta abenduaren 1ean eskoletako umeen txanda izango da. Orotara lau urtetik 11 urtera bitarteko 1.085 ume batuko dira frontoian, bakoitzari adinaren arabera dagokion ekitaldian, hain zuzen ere. Bideoa eskoletarako Txan magoak 10-11 urteko umeentzako saioa eskainiko du azaroaren 29an, goizeko 10etan, eta hurrengo egunean zazpi urtetik bederatzi urtera bitartekoek Mementu ridiccoli antzezlanaz gozatzeko aukera izango dute. Saio bi egongo dira: bata, goizeko 9:30ean; eta bestea, goizeko 12etan. Kuko, Truko eta Bolenwaider pailazoek amaiera emango diete abenduaren 1ean Euskararen Egunaren haritik antolatutako ekintzei. Pailazoek ere eskainiko dituzte saio bi: bata, goizeko 9:30ean; eta bestea, goizeko 12etan. Ikuskizuna 4 urtetik 6 urtera bitarteko umetxoei dago zuzenduta. Adin eta gustu guztientzako ekitaldiak ekarriko dizkigu aurtengo euskararen jaiak. Baina nobedaderen bat ere bada. Horrela, Txorierriko eskola bakoitza bideo bat dabil prestatzen, eta han ikasleek eta irakasleek euren burua eta eskola bera aurkeztuko dizkiete gainontzeko eskolakoei. Eskola bakoitzak bideoaren kopia bat aginduko die besteei, ikasleek klasean ikus dezaten. Beste alde batetik, bertsolaritza eskolakoak buru-belarri dabiltza abesti bat prestatzen eta hori ere bideo barruan sartuko da. Bideoa frontoian emango dute ikuskizunak hasi baino lehen. “Bideo horrek eskoletako ikasleen arteko zubia izatea du helburu, elkar ezagut dezaten, eta giroa sortzea errazagoa izan dadin”. Euskararen Eguna Txorierriko euskaldunok eta euskaltzaleok egutegian ondo baino hobeto idatzita dugun hitzordua da. “Aurreko edizioak erabat arrakastatsuak izan dira eta oso giro polita sortu da beti. Espero dugu aurten ere horrela izatea”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).