Oroitzapenetan sakonduz

Aikor aldizkaria 2010ko abe. 17a, 14:10
Loiuko joan dan mendeko historia argazki-bilduma baten jaso da. Datorren urterako dokumental bat kaleratuko da.
Jesus Sustatxak eta Luis Gómezek orain dala urte eta erdi ekin eutsien beharrari. Loiuk bilakaera izugarria euki dau azken hamarkadetan, eta loiuztarrek ahalegina egin dabe aldaketa hori argazkien bidez jasotzeko. Etxez etxe ibili dira, auzoz auzo eta baserriz baserri, herritarrei tirador-hondoan ebezan antxinako argazkiak berreskuratzeko eskatzen. Gutira 500 argazki batu dabez, eta horreetako 300 ikusgai jarri zituen Landatxueta jatetxean. Izan be, eskola zaharretako ikasle ohiek bazkaria antolatzen dabe urtero jatetxe horretan. Bazkaria 20. aldiz egin dabe aurton eta aukerea aprobetxau dabe argazki-bildumea jente-aurrean aurkezteko. Jatetxean 200 lagun inguru bildu ziran, eta erretratuek hain ikusmin handia sortu eben, ezen gehienek bazkaria aurretik eskaini zan kopaua galdu eben argazkiak ikusteagaitik. Erakusketa ez eze argazki-albuma be egin dabe Jesusek eta Luisek. Albumean egileen ustez esanguratsuenak diran 100 erretratu argitaratu dabez. Argazkiok Loiuk berak eta bertakoek bizi izandako momenturik inportanteenak jasoten dabez kirol, gizarte, politika eta urigintza-arloan. “Erretratuakaz batera horreen ganeko aitamena be idatzi dogu. Halan, argazkian agertzen diran lagunak nortzuk diran azaltzeaz ganera, argazkia zein urtetan aterata dagoan be aitatu dogu, zein lekutan, paraje horretan zer egoan lehen eta zer dagoan gaur egun... Argazki bakotxari jagokona irakurriz gero, herria zer zan eta zer dan atera daikegu ondorio; hau da, gure historia eta ohiturak ezagutu”. Bildutako argazkirik zaharrenak joan dan mendearen hasierakoak dira, beraz, egindako lanak ederto adierazoten dau Loiuren bilakaerea. Jesus loiuztarra da jaiotzez eta Luis orain dala 40 urte joan zan hara bizitzen. Biek ondo baino hobeto ezagutzen dabe bilakaera hori. “Azken 45 urteetan euki dogun aldaketea oso handia izan da maila guztietan. Herri nekazaria izateari itxi deutsagu eta gaur egun banaka batzuk dira baserrian behar egiten dabenak. Gizarte-harremanak be bestelakoak dira gaur egun. Herritarrok alkarri laguntzen geuntsan lehen, alkar ezagutzen genduan eta etxeko ateak beti egozan zabalik. Herritarrok herria egiten genduan: frontoian, plazan, eleizan, tabernan... Orain, barriz, giltzaz ixten dira ateak eta Loiu lohiri bihurtu da”. Urigintza arloari jagokonez be aldaketa garrantzitsuak egon dira. “Herria hau zen antxina: eleiza, udaletxea eta sakabanatuta egozan hainbat baserri. Baserri asko desagertu egin dira eta urigunea joan da atontzen udaletxe eta eleizaren inguruan”. Testigantzak eta ohiturak Edozelan be, argazki-erakusketea zein albuma oso arrakastatsuak izan dira eta askok eskatu dabez erretratuen eta albumaren kopiak. Are gehiago, erakusketea herriko beste leku batzuetan be jarteko proposamena egin deutsee Jesusi eta Luisi, eta auzokideek oraindino jarraitzen dabe eurenengana joten, argazki gehiago ixteko. Erretratuak batzen ibili diran bitartean, herriko ekintzarik inportanteenak bideoz grabau be egin dabez: jaiak, Olentzeroa, inauteriak eta azokak, batzuk aitatzearren. “Herriko historian gehiago sakontzeko asmoa dogu. Horretarako, dokumental bat atera gura dogu eta han herritarren testigantzak, Loiuko ohiturak, fiestak, bizitza... azaldu. Taloa egiteko erabilten dan urina zelan egiten dan be grabau egin dogu herrian lotzen dan errota bakarrean, baita ohiko txarribodea be”. Era berean, Loiuren ganeko abestia konposau dabe eta horri eleizako organistak jarriko deutso musikea. Ahotsa eleizako koruak eta herriko txikitero batzuk ipiniko deutsie, eta abestia dokumentalean sartuko da. Lana datorren urtean egongo da amaituta. Loiuk eta hangoek arlo guztietan bizi izandako momenturik inportanteenak jaso dira argazkietan Bidean alkartu dan bikotea Jesusek eta Luisek oso parte-hartze aktiboa euki dabe Loiuko bizitza sozial eta kulturalean. Lehenengoa herriko alkarte guztietan ibilia da: dantza, futbol eta pelota taldeetan, jai-batzordean, nekazaritza-kooperatiban... Eta bigarrenak gazteei zuzendutako hainbat tailer jarri dau martxan. Urteerak be antolatu ditu eta aide zabaleko zinearen arduraduna izan da. Bakotxak bere kabuz egiten eban herriaren aldeko beharra. Baina egun baten alkarregaz topau eta Loiuko historiarako eta sustraietarako zaletasunak betiko alkartu zituan. Aitatutako argazki-bilduma eta dokumentala grina horren emaitzak dira. Halanda be, gizon honeen jakin-minak ez dau mugarik eta etorkizunean liburu bat argitaratzeko asmoa dabela esan deuskue. “Sustraietan sakondu eta Loiuko joan dan mendeko historia batu gura dogu liburuan”. Historia eta pasadizuak be bai, herrian ahoz aho helarazo diran hamaika kontakizun dagozalako. “Deriora porru-landaren bila joan eta kanpoan hiru egun emon zituan mutilarena, edo hil zala pentsauz lurperatua izan eta hurrengo egunean etxeko atea jo eban gizonarena, esate baterako”. Harro dagoz eta eskuartean dabezan proiektuak ahalik eta jente gehienengana ailegetea gustauko litzakie. Beharra musu-truk egiten dabe, eta horren ordainetan jentearen esker ona jasoten dabe. Nahikoa, euren esanetan. “Herria maite behar da, baita bertokoak be”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).