Pop eta komikiaren arteko erretratuak

Aikor aldizkaria 2011ko mar. 3a, 11:07
Herrian “Txus” bezala ezagutzen badute ere, Jesus Robledak “tchule” izengoitiarekin sinatzen ditu bere margolanak. “Jesus izena dugunoi horrela esaten digutelako Extremaduran”. Larrabetzun 12 urte daramatzan lagun honek apirilaren 1etik 14ra bitartean izango du erakusgai bere lana Anguleri kultur etxean. Txusen baserriraino hurbildu gara eta han, arkupean, topatu dugu, margolanez eta kolorez inguratua. Erretratuak margotzen ditu eta lanek burura pop estiloa ekarri digutela esan diogunean, berehala azaldu dizkigu bere estiloaren ezaugarriak. “Pop korrontearen eta komikien artean dagoen estiloa da. Horrela, gaztetxoa nintzela irakurri nituen ehunka komikietan dago oinarrituta, eta etxean ditudan milaka komikietan. Kolore bizietako margolanak dira eta, komikietan egiten den bezala, lerro beltzak erabiltzen ditut, marrak-eta nabarmentzeko. Baina kontu handia eduki behar da, erretratuak karikatura bihur ez daitezen”. Marrazki lauak egiten ditu, kolore lauak eta biziak erabiliz. “Akrilikoekin egiten dut lan, bila nabilen efektua lortzeko, oso bide egokia delako”. Erretratu batean erretratatutakoaren arima azaldu behar da, eta hori ez dela batere erreza aipatu diogu. “Beno, zuhaitz bat margotzea askoz errazagoa da, madariondo bat madariondo bat delako... eta erretratu batean, berriz, pertsonaren esentzia igarri behar da. Baina ondo egiten baduzu, lekua dago zuretzat merkatuan. Nik gero eta bezero gehiago ditut”. Enkarguzko margolanak egiten ditu Txusek eta aginduak bere helbide elektronikoan jasotzen ditu. “Oso prozedura erreza da: nire helbide elektrikora erretratua egingo zaion lagunaren hiru argazki agindu behar dira; hiru laurdeneko argazkiak nahiago ditut, aurrez aurre eginda ez daudenak. Eta ez da beharrezkoa laguna ezagutzea; inportanteena argazkian horren ezaugarriak agertzea da, keinu bereizgarriren bat...”. Gustuei buruzko informazioa ematea ere eskertzekoa da. “Horrela erretratuak pertsonalizatu ahal ditut, musika talderik edo super-heroirik kutunenaren izena kamisetan margotu... Ilearen kolorea aldatu ere egin ahal dut, pertsona bat ezagutzeko, esate baterako, ile-moztea horren kolorea baino askoz inportanteagoa delako”. Larrabetzuarrarenak poltsiko guztietarako margolanak dira, eta ez dute markorik behar, mihisearen ertzak ere margotzen dituelako. Txus orain dela urtebete hasi zen erretratuak margotzen, hala ere, oso harreman estua du arte eta pintura munduarekin. Horrela, bada, 18 urte zituela lehen urratsak eman zituen erretratugile bezala, eta, bizimodua ateratzeko, horma-irudiak margotu ditu ezin konta ahala negoziotarako eta negoziook ere dekoratu egin ditu. Baina krisia ailegatu zen, kidea haurdun gelditu zen eta, larriena dena, Txusek iktus bat izan zuen. “Dena lotu zen eta atsedena hartzea zuhurrena zela erabaki genuen, orduan arte bizi izandako ibilbide profesional estresagarriz deskantsatzeko eta ideiak berritzeko”. Azken urtean 18 erretratu margotu ditu, “zorabio eta zorabio artean”. Fisikoki nabaria ez bada ere, iktusak arrastoa utzi diolako. “Medikamentu asko hartzen ditut eta batzuetan ez dut ezertarako gogorik; egia esan, bost hilabetean geldirik egon behar izan naiz... Pixkanaka-pixkanaka joan behar naiz aurrera. Ez da pauso handia gizateriarentzat, beharbada, baina bai, niretzat”. Tarteak Aipatutako 18 margolanak datozen urteei begira bikoiztea edo hirukoiztea espero du Txusek. Erretratuak margotzea ez zaiola asko kostatzen dio, bizikletaz ibiltzea bezalakoa dela: ez da inoiz ahazten. “Hasiera batean apur bat kostatu ahal da, erritmoa galduta duzulako. Baina bete-betean aritu eta laster hartzen da berriro. Erretratu bat egiteko, hasieran hiru egun ematen banituen, egun bat eta erdi ematen dut orain”. Egin dituen margolan guztiez dago harro, guztiak “bere tarteak” direlako. Eta aitortu du poztasunik handiena erretratatutakoak bere burua ezagutzen duenean duela, margolana etxera eraman nahi duenean. Baina aukeratzekotan, iktusa izan ostean margotu zuen Kuba herriaren irudi batean oinarritutako margolanarekin geldituko zen. “Oso txarto nengoen eta pixkanaka-pixkanaka joan nintzen hura margotzen. Nahiko ondo gelditu zitzaidan eta animatu nintzen”. Haratago joan eta margolanen gaia zabalagoa izatea gustatuko litzaioke. “Baserriak margotu, adibidez, nire estiloa kontuan hartuta lan politak eta bereziak egin ahalko nituzkeela uste dudalako. Eta niretzat margotzea ere gustatuko litzaidake: buruan dudan eta denborarik ezagatik margotu ezin izan dudan hainbat gauza”. Martxoan, Durangoko taberna batean ditu margolanak erakusgai, eta apirilaren 1etik 14ra bitartean “Retratos y acrílicos” erakusketa egingo du Anguleri Larrabetzuko kultur etxean. Lehenengo aldia da herrian bertan bere lana erakusten duena, baina ez dago urduri, bere lana publikoa izan denez, kritikarekin ausarta delako. “Atsegina da jendeak zure lana aintzat hartzea, baina jendearen portzentaje txiki bati gustatzen bazaio, horrekin nahikoa da niretzat. Ezin dut helburu handiagorik eduki”. Informazio gehiago: art-eria@cthule.com

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).