Kulturaren hauspoa

Aikor aldizkaria 2011ko mar. 23a, 11:26
Kanpotik ikusi dogunean eraikin handia eta bitxia iruditu jaku, baina askoz inpresino hobea hartu dogu barrura sartu garenean. Kultur Birika Derioko kultur etxea eraikin zabala da, argitsua, modernoa eta lekuak arretaz antolatuta dituana. Hemendik aurrera kulturaren ardatza izango da udalerrian. Bisitaldia sototik hasi gara. Han autoa ixteko 77 leku dagoz, eta horreetako hiru elbarrituentzat dira. Aparkaleku pribadutzat erabiliko da eta lekuak epe luzera emongo jakez jaubeei. Sotoan be herriko alkarteek erabili leikiezan bederatzi biltegi dagoz, eta liburutegiaren biltegia eta udal artxibo historikoa. Aparkalekurako sarrerea zein biltegietarakoa independenteak dira. Sototik atera eta sarrera nagusirantz abiau gara. Atea zabaldu eta harrera-zerbitzua topau dogu aurrez aurre. Gustau egin jaku altzarien diseinua eta benetan eraikin modernoa dala pentsau dogu. Arreta deitu deuskun beste ezaugarri bat eraikin barruan dagoan argitasuna izan da. Atzean dogun hormarantz birau dogu burua eta horma osoa hartzen dauan leihatea ikusi dogu. Argitasuna eta modernidadea nagusi izan dira sartu garan gela guztietan. Beheko solairua kuriosidadez jarraitu dogu aztertzen: vending gunea, erakusketak eta bestelako ekitaldiak egiteko areto zabala, eta olgetan edo solasean ibilteko gunea. Arrapala batek lehenengo solairua eroan gaitu. Bertan udal kultura saileko bulegoa kokatu da, eta biltegi txiki bat eta administrariek zein alkarteek erabilteko hiru batzar-gela txiki atondu dira. Liburutegia be badago lehenengo solairuan: umeentzako saila, nagusientzakoa, ikasgela eta hemeroteka, tartean. Eraikin osoan wifia dago eta mahai guztiek badabe entxufea erabiltzaileek ordenagailu eroangarria bertan konektetako. Bisitagaz jarraitu dogu eta Kz-gunearen aretora sartu gara, eta alkarteek erabili leikien areto zabal batera. Azken honi Txorierri jarri deutsie izena, baina Lauaxeta, Iparragirre eta Etxepare gelak be badagoz. Gelotan berbaldiak eta antzeko kultur ekimenak egingo dira. Bigarren solairuan euskal herrialdeen izenak dituen aretoak topau doguz. Orotara sei areto dagoz eta han udal tailerrak kokatuko dira. Aretoetako bat herriko dantza taldeak eta abesbatzak erabiliko dabe entseguak egiteko. Solairu honetan vending gunea eta oso terraza handia be badagoz. Aitatutakoaz ganera, kultura etxeak baditu, besteak beste, klimatizazino-sistemea, eguzki-plakak eta soinu-sistemea. Era berean, igongailu bi ditu eta komunak elbarrituentzat dagoz egokituta. Beste alde batetik, eta beharrezkoa izan ezkero, etorkizunean beste solairu bat altzeteko aukerea egongo da liburutegiaren ganean. Herritarren topagunea Kultur Birika kultura etxea Uribe Derioko parkean altzau dabe. Kultura etxea herriko gainontzeko kultura eta kirol instalazinoetatik hurbil dago, eta derioztarren bizitza kulturalaren ardatza izango da. “Kultur Birika herritarren topagune bihurtzea dogu helburu”, esan deusku Jesus Lagunas kultura zinegotziak, “Zerbitzu batzuk, udal tailerrak esate baterako, sakabanatuta euki doguz herritik, eta ideia horreek guztiak leku berean egotea izan da”. Asmoaren haritik, funtzino anitzeko eraikina diseinau da eta aretoek aukerea emongo dabe ekimen ezbardinak antolatzeko. Kultura etxeak Gurea Aretoak eta Larrabarri baserriak eskaintzen dituen zerbitzuak be osatuko ditu. Izena arretaz zaindu daben azpiegiturearen beste alderdi bat izan da. “Kultur Birika jarri deutsagu izena, hori dagoan natura-gunea kontuan hartuta eta herritarrak hona etorri eta kultura arnasteko gura dogulako”. Eraikinak kulturari zuzenduta dagozan 3.221 metro karratu ditu eraikita. Udalak 5,5 milioi euro inbertitu ditu azpiegituran, eta 230.000 euroko ekarpena jaso dau Bizkaiko Foru Aldunditik.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).