Gutariko askok zuhaitz baten gainean etxetxua izateko amesa euki dogu, gaztetxuak ginala. Gurasoengandik eta ingurutik urruntzeko miniatura-aterpe bat, geure-geurea izango zana, eta ez beste inorena. Atzerriko telesaioetako protagonistak bai zoriondunak zirala! Amesa egia bihurtu geinke orain, Eduardo Gómez lezamarraren eskutik. Gotorleku txiki bat seme-alabentzat, edo, zergaitik ez, guretzat be bai.
Eduardok Estadu Batuetatik ekarri dau ideia. Mueta honetako eraikuntzekiko jakin-mina orain dala bost urte biztu jakon, eta informazinoa eta dokumentazinoa batzen hasi zan. “Pozua†zehartzera be animau zan eta halako proiektuetan dabilzan onenetariko bategaz ibili zan Estadu Batuetan, bere proiektuak aztertzen eta bere teknikak ikasten. “Zuhaitzetako etxeak beste herrialde batzuetan era profesionalean egiten baziran, geuk be berton egin geinkela pentsau genduan. Lehenengo proiektua geure etxean bertan egin genduan eta, ondoren, beste etxetxu bi eregi doguz. Enkargu asko jaso doguzâ€.
Etxetxuak segurtasun-neurri zorrotzei jarraituz altzaten dira, ezbeharrak eta istripuak ekiditeko. Eduardok azaldutakoaren arabera, edozein muetatako zuhaitz gainean egin daitekez, palmondoetan izan ezik, azala oso biguna dabelako. Aukerak be ugariakdira: zuhaitz txikia bada, eraikuntza bere inguruan egin daiteke, zuhaitz gainean pisurik ipini barik; oso zuhaitz handia bada, ostera, gauza izango da etxetxuaren pisuari berak bakarrik eusteko; eta ertaina bada, posteak jarri leitekez lurrean, pisua zuhaitzaren eta posteen artean banatzeko. Gainera, etxetxuak neurrira egindakoak dira eta zuhaitz baten gainean ez eze zuhaitz biren, hiruren, lauren... gainean be altzau leitekez. “Eraikuntza honeen ezaugarririk inportanteenak etxetxua zuhaitzari atxikiteko erabilten doguzan euskarri flotatzaileak dira. Euskarriok era naturalean mugiten eta hazten ixten deutsie zuhaitzari. Egiturak ez dau esfortzurik jasan behar eta, era berean, ez deutso minik egiten zuhaitzari. Horretara, bada, egiturea iraunkorra izatea bermatzen da, baita zuhaitzaren bizitasuna eta edertasuna beâ€.
Diseinuak be aukera zabala emoten deusku eta, besteak beste, umeentzako jolasgunea, txori-behatokia edo lagunakaz partekatzeko txoko txikia egin geinkez. “Pinuaren zura erabilten dogu eta tratamentu berezia emoten deutsagu, etxetxua urteetan egoera onean mantenduko dala ziurtatzekoâ€. Etxetxuaren neurriak zuhaitzaren tamainua kontuan hartuta erabagiko doguz, “hiru metro karratutik 12 metro karratura bitarteko egiturea izan leitekeâ€. Etxetxuaren itxurea erosleraren gustuen eta nahien arabera atonduko da.
Erabat seguruak
Altuera dala-ta gurasoak kezkatuta egoten dira. Halanda be, nahikoa da etxetxua lurretik metro bat eta erdira edo metro bira altzetea. Umeek bost metroko altueran egongo balira moduan disfrutauko dabe, eta gurasoak nasaiago ibiliko dira. “Guztiz seguruak dira, eta hainbat erispide kontuan hartuta egiten doguz. Arriskua egon leiteken lekuetan, esate baterako, leiho finkoak jarten dira; eta altuera gitxira dagozan etxetxuetan, edegi leitekezanakâ€. Eta oso sendoak dira. “Etxean dogunak ziklogenesi bi jasan dau, eta ez dau kalterik izanâ€.
Zuhaitzeko etxea egiten aste bitik lau astera bitarteko denpora-tartea emoten dau Eduardok, beharraren zailtasunaren eta eguraldiaren arabera. Eta prezioa be beharraren araberakoa da, “plataformak balio dauen 2.000 eurotik aurreraâ€. Egiturea desmuntagarria da, ez dau argi edo uraren hornidurarik, eta altzetako ez da baimenik behar.
Zuhaitzen gainean etxetxuak ikustea ez da ohikoa gure lurraldeetan, baina Eduardo baikorra da eta ez dau zalantzarik bere proiektuaren arrakastaren inguruan. “Zuhaitza lorategiko elementurik politena bihurtzeko proposamena egiten dogu. Eta etxetxua jostailua da, landua, diseinuzkoa, neurrira egindakoa, eta berezia bere diseinuagaitik eta kokapenagaitik. Jakin-mina sortu dauâ€. Informazino gehiago: www.casitasenarboles.com.