Euskal Herria dantzan

Aikor aldizkaria 2011ko api. 20a, 09:55
Argazkiak: Bizkaiko Dantzarien Biltzarra
Maiatzaren 1ean Euskal Herriko Dantzarien Eguna ospatuko da Erandiogoikoan. Han gure Herriko bazter guztietatik etorritako lagun andana batuko da, euskal folklorea bizirik dagoala erakusteko. Jai-egun handia izango da. Euskal Herriko Dantzarien Eguna 1978. urtean egin zan lehenengo aldiz. Handik hona, lurralde osoan zehar ibili da urterik urte, eta oraingo honetan gurera iritsiko da, Erandiogoikora hain zuzen be. Dantzariek zazpi herrialdeetako dantzen alardea eskiniko dabe, eta kolore anitzeko ikuskizunaz gozeteko aukerea eukiko dabe futbol zelairaino hurbiltzen diranek. Gainera, aukera parebakoa izango da, dantzariek euren arteko harremana sendotu daien. “Hitzordu honen bitartez herrialdeetako dantza taldeetan dabilzan gazteen beharra azaldu gura dogu jente-aurrean. Era berean, bertoko dantzearen sena erakutsi gura dogu”, esan dabe antolatzaileek. Halanda be, Dantzarien Eguna ez da bakarrik dantzen agerraldia izango, egun guztian zehar jai giroa egongo da-ta. Euskal Herriko dantza taldeak batzen dituan Euskal Dantzarien Biltzarrak antolatu dau ekimena. Egunari goizeko 11:30ean emongo jako hasierea. Aitatu bezala, dantzen erakustaldia egingo da Erandiogoikoko futbol zelaian, eta dantzariek hurrengo errepertorio hau eskiniko dabe: Ezpata dantzea, Agurra eta Zinta dantzea (Gipuzkoa); Orbaitzetako joko dantzea eta Auritzeko ingurutxoa (Nafarroa); Dantzari dantzea, Makil joko nagusia, Arku dantzea eta Dominguillo (Bizkaia); Txakolin, Estradillas de Arrastaria eta Jota de la Perra (Araba); Soka dantzea, Euskaldunak, Sorginak eta Kadrila (Nafarroa Behea); Ahurtiko makil dantzea, Makil txiki barri eta Beteluren fandangoa (Lapurdi); eta Barrikada arribada, Ostalersa, Satanak, Aitzina pika eta Godalet dantzea (Zuberoa). Ikuskizunak eguerdiko 13:30ak arte iraungo dau eta arratsaldeko 16:30ean, bazkaldu ostean, erromeria egongo da Luhartz taldearen eskutik. Sustraietan murgildu Bestalde, aurreko egunerako be, apirilaren 30erako, antolatu egin dabez hainbat ekimen. Halan, dantzari txikiek dantzen agerraldia eskiniko dabe Astrabuduan, goizeko 11:30ean. Ekitaldian Txorierriko eta Uribe Kostako dantza taldeek hartuko dabe parte, Goi-Alde, Trabudu eta Uztargi Erandioko dantza taldeakaz batera. Nagusiek arratsaldean izango dabe txandea. Altzagako udal merkadu zaharrean Euskal Herriko folklore zabalari errepasoa egingo deutsie eta dantzarik esanguratsuenetariko batzuk dantzatuko dabez. Ekitaldia iluntzeko 8:30ean izango da, eta bertan herriko taldeak arituko dira. Kanpoko talderen bat be konbidatuko dabe eurakaz dantzatzera. Azkenik, erakusketa bi egongo dira maiatzaren 2ra arte. Lehenengoa Astrabudua eta Altzaga auzoetako saltokietan jarriko da. Komertziotan dantzarien jantziak izango dira erakusgai. Eta bigarrena Josu Murueta Astrabuduako kultura etxean izango da. Kultura Etxean Iraultza Astrabuduako taldearen kide baten jantziak jarriko dira erakusgai. Euskal Herriko Dantzarien Egunak egitarau luzea ekarriko deusku aurton: dantzak, erromeria, erakusketak... Aukera ezin hobea da gure folkloreari eta ohiturei eusteko, eta euren sustraietan bete-betean murgiltzeko.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).