Julen Larruzea, atleta: “Hil arte ibiliko naz bi

Aikor aldizkaria 2011ko api. 20a, 09:59
Bizitza osoa emon dau korrika egiten Julen Larruzeak: txikitan atletismoa egiten hasi zan gazte larrabetzuarra; geroago, duatloietan ibiltea erabagi eban; bere hurrengo erronkea triatloiak dira. Momentuz bere kabuz entrenaten dau, baina laster entrenatzaile baten agindupean jarriko da, ziur asko. Zelan hasi zinan korrika egiten? Nik betidanik egin dot kirola. Ikastolan, guztiek legez, futbolean ibili nintzan, baina ondo egiten nebana korrika egitea zan. Anaiak be korrika egiten eban. Eta serio hasi nintzan atletismoa egiten: Galdakaoko klub batean eta entrenatzaile baten agindupean. Eta korrika egitetik bizikletara... Bai, bakarrik korrika egiten nebanean, behin baino gehiagotan hartu neban mina. Zauriak osatzeko, bizikletaz ibilteko gomendatu eusten, eta zaletasuna hartu neban. Nik kirola egunero-egunero egiten dot; ezin naz arrasti osoan etxean egon. Orduan korrika eta bizikleta buztartzea bururatu jatan, eta orain dala urte bi duatloiak egiten hasi nintzan. Gero eta hobeto egiten dot, eta hobetzeko marjina be badodala uste dot. Zelango lasterketetan hartzen dozu parte? Zein nahiago dozu? Neguan atletismoa egiten dot, hau da, krossak-eta. Eta eguraldi ona datorrenean, duatloiak egiten dodaz. Normalean Estadu mailan ibilten naz, baina Alemanian eta Frantzian be egon naz. Hiru duatloi mueta dagoz: sprint (5 km korrikan, 20 km bizikletaz eta 2,5 km korrikan); laburra (10 km, 40 km eta 7,5 km) eta luzea (12 km, 75 km eta 12 km). Niri bardin deust: ondo entrenatu ezkero, edozein egiteko gauza naz. Ni batez be korrika egiten naz ona, eta lehenengo zatian ondo ibilten naz. Kirol gatxa da? Korrika egitea errazagoa da, baina duatloietan teknikea da oso garrantzitsua. Hasiera batean korrika egiten dozu, baina gero bizikleta hartu behar da. Aldaketea landu behar da denporarik ez galtzeko. Eta duatloietan aldaketa bi dagoz: korrikatik bizikletara, eta bizikletatik korrikara ostera be. Hori ikasteko denporea behar da, baita material ona be. Nirea, esate baterako, ez da goi-mailakoa, nik ordaindu behar dodalako eta oso garestia dalako. Dirua aitatu dozu. Laguntzarik ez daukazu? Ez, bat be ez. Gernikako talde batean nabil, baina nik ordaintzen dot fitxa. Beste alde batetik, lasterketetan parte hartzeko izen-emotea be ordaindu behar dot. Urtean 1.000 euro gastaten dot bakarrik horretan. Eta materiala (zapatilak, bizikleta....) nahiko berezia eta garestia da. Apirilean Euskadiko duatloi txapelketan ibili zara Arrigorriagan. Zelan? Ondo, pozik. Zortzigarren postuan amaitu neban lasterketea. Gogorra izan zan, baina espero baino bigunagoa. Triatloiak be egin nahi dozuz. Duatloitik triatloira, ez da oso saltu handia? Triatloien denporaldia ekainean hasiko da. Aurton uger egiten hasiko naz, eta nahiko ilusionauta nabil. Saltua? Bai, uger egin behar dalako, baina niretzat ez da hainbesterako izango. Soroslea izateko titulua eskuratu neban eta ondo moldatzen naz uretan. Ez naz itoko (kar, kar). Momentuz musturra baino ez dot sartuko mundu honetan. Zein izan da zure lorpenik handiena kirolean? Gaztea nintzala, Euskadiko atletismo txapelduna izan naz birritan edo hirutan. Ganera, kadete mailan Estaduko laugarrena izan nintzan. Azken bolada honetan, 23. postuan amaitu dot Espainiako duatloi txapelketea. Ez zan garaipenik izan, baina itzelezko esfortzua egin neban, izugarrizko esperientzia bizi izan neban, eta oso harro nago. Zelan eta non entrenaten dozu? Momentuz ez daukat entrenatzailerik, baina orain serioago hartu gura dot, eta beharbada baten bat hartuko dot. Izan be, 28 urte daukadaz eta kirol honetan adinik aproposena da. Entrenatzaileren bat hartzen badot, planifikazioa hobea izango litzateke eta diziplina handiagoa; gaur egun astero egiten dot planifikazioa eta oso nekatuta ailegaten banaz etxera, beharbada ez naz ateraten. Lekuari jagokonez, Galdakaoko atletismo pistara joaten naz; bestela, Larrabetzu inguruko mendietatik ibilten naz. Noiz arte emongo dozu korrika egiten? Ez dakit. Erretzeak hil egiten ei dau, baita korrikak be. Oso gogorra da, eta normalean lesinoak ekarten ditu. Korrika egiten, ez dakit, baina bizikletaz hil arte ibiliko naz. Eta bizikletan ez bada, beste gauza batean izango da. Niri gauez ibiltea ez jat inoiz gustau, baina orain askoz gitxiago. Itzel ondo pasaten dot kirola egiten eta astebururo-astebururo hartzen dot parte lasterketaren baten.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).