-Egun on Alazne!
-Halan ekarri Luki!
-Kafesnea beti lez?
-Bai mesedez.
-Bazkide asko lortu dituzu, Alazne, Baserri Antzokirako?
-Ehun baino gehiago eta mila baino gitxiago.
-Aiko erantzun zuhurra.
-Badakizu Luki zenbakien kontua zelan dan. Guk eskolan olagarroari hamarratz esaten geuntsan eta euki zortzi daukaz.
-Zenbakiek izan beharko leukie Oñatiko Andoni Salamero olerkariak idatzia lakoak. Dino –buruz nabil- gustatuko litxakiola, bi eta bi lau izanik bat soberan geratzea, soberako hori maiteari oparitzeko.
-Polita Luki!
-Pasetan dana da, neskato, gazte denporan sarritan egiten dala matematiketan-eta, asko estudieu eta gutxi ikasi.
-Aititak esaten eustan: mundu honetan, Alaznetxu, irakatsi-irakatsi bizitzak egiten jona. Neuk be lehengoan ekin egin neutsan merkatari bati Baserri Antzokiko kide egin daiten, eta ia ordubeteko txapa emoten euki ostean dinost: Dirurik gozoena beste batek utzia, ederrena norberak irabazia.
- Eta zuk zeuk zer erantzun zeuntsan?
-Baserri Antzokiak irabazita dan-danok irabazten dogula; diruari eta kolesteroldunari ibiltzea komenidu jakela.
-Erantzun ona Alazne. Edozelan bere, esperientziarik, hau da, bizitzako eskolarik ez daukien ikasleei gertatzen jake Arrietako kantak dakarrena:
Apalazio zalduna
Apalazio zalduna
hiru erregeen eguna
zotzak eta paluak
estudianteen kontuak
estudianteei ostu deutsez
hiru oilanda katuak
haren hazurrak txupau ezinik
hareek darabilez saltuak eta brinkoak.
-Ondo bizi Luki!
-Bueno, bizi!