Genero-indarkeria gaur egungo gaitzik handienetako bat da, eta administrazioak zein gizarteak pauso sendoak egin behar dituzte, hari aurre egiteko. Rosa Mankomunitatetako gizarte-langilea da, eta biktimek zein baliabide dituzten eskura azaldu digu.
Badugu daturik Txorierrin?
Ez dago datu zehatzik, baina, egia esateko, genero-indarkeria dela-eta gugana jotzen duen emakume kopurua ez da oso handia. Eta ziur gaude kasu gehiago egongo direla. Orokorrean, laguntza eskatzen duenak oso egoera gogorrean dagoelako egiten du; kasu gehienetan, emakumea beste arrazoi batzuengatik etortzen da, eta, azkenean, tartean tratu txarrak daudela konturatzen gara. Ertzaintzak ere jakinaren gainean jartzen gaitu, kasuren bat topatzen badu.
Zein da emakume horien profila?
Genero-indarkeria baliabide gutxiko gizarte-mailarekin lotzeko joera dugu, baina maila guztietan gertatzen da. Bestalde, etorkin kopurua handitu ahala, genero-indarkeriaren kasuak ere gehitu direla nabaritu dugu. Beldur diote egoera ekonomikoari, seme-alaben etorkizunari.... Psikologikoki oso ahulak dira eta dependentzia handia dute. Ez dakite biktimak edo errudunak diren. Paperik ez duten etorkinak beldur izaten dira poliziak berriro bidaliko ote dituen euren herrira.
Zelan laguntzen diezue?
Biktimak lesio-parterik ez badakar, ospitalera agintzen dugu, mediku batek hura egiteko. Familiarik ez badu, guk laguntzen diogu. Ondoren, Ertzaintzara joaten gara, salaketa jarri, eta epaiketa azkarra egiteko protokoloa sustatzen da. Epaileak hura onartuz gero, epaiketa egiten da eta urruntze-agindua ezartzen zaio gaizkileari. Hurrengo pausoa bere eskubideen berri ematea da. Salaketa gizarte-langileon ordutegitik kanpo egiten bada, Ertzaintza bera arduratzen da guztiaz.
Zeintzuk dira eskubide horiek?
Etxetik irten behar duen pertsona bada, eta etxean har dezakeen familiarik ez badu, premiazko txostena egin eta Aldundira bidaltzen dugu faxez. Aldundiak emakumearen egoera aztertu, eta egonaldi ertain edo luzeko zentro batera bidaltzen du, harik eta etxebizitza, lana... topatzen duen arte. Abegi-zentroan bertan informazioa ematen zaio arlo ekonomikoan, juridikoan eta psikologikoan dituen eskubideei buruz, eta, horiek lortzeko, jarraitu behar dituen izapideak ere azaltzen zaizkio. Emakumea abegi-zentroan ez badago, guk ematen diogu behar duen informazio guztia, eta harremanetan jartzen dugu aipatutako arlo bakoitzaz arduratzen den erakundearekin.
Zelan funtzionatzen dute?
Egia esateko, abegi-zentroarena oso azkar egiten den kontua da, baina gainontzeko zerbitzuak astirago joaten dira, oso eskaera handia dagoelako. Laguntza ekonomikoari dagokionez, adibidez, tratu txarrak jasotzen dituzten emakumeek ez dute izaten bereziki beraiei zuzendutako laguntzarik, baizik eta, adinaren, famili egoeraren... araberako salbuespenak salbu, gainontzeko kolektiboek jasotzen duten laguntza bera dute. Arreta psikologikoaren zerbitzua ere gainezka dago eta hitzorduak oso berandurako ematen dira. Beraz, badago zer zuzendu eta hobetu.
Zerbitzu zehatzik eskaintzen zaie Mankomunitatetik?
Esandakoaz gain, ofizioko abokatua hartzeko egin behar dituzten agiriekin laguntzen diegu, baina kontu berezia bada, Clara Campoamor elkartera bidaltzen ditugu. Zerbitzu juridikoa da gure alde ahula. Ondo legoke zerbitzu egokia eskaini ahal izatea, baina ez genero-indarkeriaren kasuei dagokienez bakarrik, orokorrean baizik. Psikologoa ere badugu, baina hainbat arloz arduratzen da, eta ez da nahikoa. Esparru honetan ere zerbitzu egokiagoa eskaini beharko litzateke.
Emakumeekin egiten duzue lan, tratu txarrak ematen dituztenekin?
Terapiara doazen gutxi batzuk egon arren, oso zaila da tratu txarrak ematen dituenarekin hitz egitea hemengoa denean. Ez duelako nahi izaten, edo urruntze-aginduaren ondorioz herritik kanpo alde egin behar izan duelako. Kanpotarrei deitzen diegunean, etortzen dira gugana, baina tratu txarrak kulturarekin daude lotuta kasu hauetan, eta ez dira zerbitzu psikologikora joaten.