Literaturia ekimenak Euskal Herriko idazleak eta irakurleak hirugarren aldiz batuko ditu Larrabetzun, ekainaren 3tik 5era bitartean.
Euskera hutsezko literatura azokea da Literaturia, eta helburu hau dau: euskerazko literaturea jentearengana hurreratzea eta literaturearen alde ludikoa agerian jartea. Liburuetan ez eze musikan, poesian, antzerkian... be topau daitekelako literaturea. Ekimena orain dala hiru urte jaio zan Larrabetzuko Literatura Eskolaren baitan, eta handik hona herria erakustoki erraldoi bihurtzen dau hiru egunean zehar. Bertan euskal literaturearen inguruan dabilen mobimentua, eta azken beharrak ezagutzeko aukerea eukiko dogu. Horren haritik, aurton sei argitaletxe aurkeztuko dabe liburu bana, Literaturian beste inon baino lehen: Iñigo Aranbarriren Zamaontzia nobela barria (Susa); Alberto Ladron Aranaren Zer barkaturik ez nobela barria (Elkar); Goizalde Landabasoren Banskit nobela barria (Txalaparta); Decameron. 10 ipuin (Igela); Joseba Tobarren Anaitasuna aldizkaritik finantza kapitalismora saiakera (Utriusque vasconiae); eta Karmele Igartuaren Itsaso kontra bat hil osteko poema liburua (Pamiela).
Kukubiltxo antzerki taldeak hasiera emongo deutso aurtengo azokeari, barikuan. Ruper Ordorikak be emonaldia eskainiko dau Anguleri kultura etxearen aurrean, eta Arkaitz Estiballes, Fredi Paia eta Etxahun Lekue bertsolariek Hudaltzainak ikuskizuna eroango dabe Hori Bai gaztetxera.
Asteburu bizia
Euskal Herriko irakurle taldeek Literatura eskolea eukiko dabe zapatu goizean eta han irakurzaletasunaren transmisinoa eukiko dabe hizpide. Era berean, liburuaren aurkezpenak egingo dira eta arratsaldean Bernardo Atxagak zuzentzen dauan Erlea-4 aldizkaria aurkeztuko da plazan. Besteak beste, Anarik, Mursegok eta Jon Miner eta Intxitxu Lotien bandak musikea jarriko deutsie gauari.
EHAZE Euskal Herriko antzerkizale alkarteak antzerki testuen inguruko mahai-ingurua zuzenduko dau domeka goizean, eta Maialen Lujanbio eta Unai Iturriaga bertsolariak bertso-trama literario baten protagonistak izango dira arratsaldean. Hura ez da lekua ikuskizunak eta poesia errezitaldiek amaierea emongo deutsie Literaturiari.
Asteburu bizia izango da eta gaztetxoek be euren lekua eukiko dabe han. Halan, Literaturiatxua azokaren barruan, hainbat ekitaldi antolatu dira eurei zuzenduta: trikitiaren emonaldia eta ipuin bertsotua, tartean. Honeek zein nagusiei zuzendutako ekitaldiak www.literaturia.org webgunearen bidez zabalduko dira mundura.
Ekainaren 3an, barikuan
20:00: Harrera ekitaldia, Kukubiltxo antzerki taldearen eskutik. Anguleri kultura etxearen aurrean.
23:00: Ruper Ordorika, Anguleri kultura etxearen aurrean.
00:00: Hudaltzainak, Hori Bai gaztetxean.
Ekainaren 4an, zapatuan
10:00-11:30: Literatura Eskola, Euskal Herriko irakurle taldeen eskutik. “Irakurzaletasunaren transmisinoa: noiz eta nola?â€, Anguleri kultura etxean.
12:00-15:00: Liburuen aurkezpenak, plazan.
15:00: Bazkaria, Gurpide alkarteak antolatua. Eskolan.
18:00: Umeentzako antzerkia, Tximintx Derioko euskera alkarteak antolatua. Anguleri kultura etxearen aurrean.
20:00: “Erle irakurlearen saioaâ€. Erlea-4 aldizkariaren aurkezpena, Bernardo Atxaga eta hainbat partaidegaz. Plazan.
23:00: Kontzertuak: Anari + Mursego + Napóka Hiria + Jon Miner eta Intxitxu Lotien banda + Bi hitz & Beats. Hori Bai gaztetxean.
Ekainaren 5ean, domekan
10:00-11:30: “Antzerki testuen iragana, oraina eta geroa†mahai-ingurua, EHAZEk bideratua. Anguleri kultura etxean.
12:00-15:00 Liburuen aurkezpenak, plazan.
15:00: Bazkaria, Gurpide alkarteak eta Txinpasmendi gurasoen alkarteak antolatua. Eskolan.
17:30: Bertso-trama literarioa, Maialen Lujanbio eta Unai Iturriagaren eskutik. Tramagilea: Josu Goikoetxea. Plazan.
19:00: Hura ez da lekua ikuskizuna, Hori Bai gaztetxean.
20:00: Poesia errezitaldiak: Miren Agur Meabe, Jon Benito, Paddy Rekalde, Josetxo Azkona, Asier Serrano eta Antonio Casado de Rocha. Hori Bai gaztetxean.
LiteraturiatxuaEkainaren 4an, zapatuan
13:00: Eskolako umeen trikitiaren emonaldia, herritik.
14:00: Umeek ipuinak irakurri, umeek irudiak egin. Anguleri kultura etxearen aurrean.
Ekainaren 5ean, domekan
13:30: Ipuin bertsotua, Larrabetzuko bertso eskolako gazteek antolatua. Anguleri kultura etxearen aurrean.