Mariano Ruiz, Zamudioko entrenatzaile ohia: “Ord

Aikor aldizkaria 2011ko eka. 10a, 12:35
t/a: Gaizka Eguskiza
Futbolean ezer ez da betiko, are gutxiago entrenatzailea, baina batzuetan salbuespenak daude. Eta haietako bat gertu dugu, Zamudio klubean. Mariano Ruiz entrenatzaileak 19 urte eman ditu talde zuriaren aulkian, eta agur esateko garaia heldu zaio. Aikor! aldizkariak atzera begiratu dio bilbotarrarekin batera. Zelan bizi izan zenuen klubak egindako omenaldia? Oso ondo, oso polita izan zen. Eskertzekoa da klubak eta bertan bildu zirenek egindako omenaldia. Zamudio taldeko aulkian 19 urte eman duzu, denbora luzea, eta hori ez da batere ohikoa... Ez. Entrenatzaile askok diote zikloek 4-5 urte iraun behar dutela. Ni gustura ibili naiz Zamudion; Santutxun ere 14 urte eman nuen. Hainbeste urte eman dut klubak konfiantza handia izan duelako niregan. Gainera, talde onak entrenatu ditut, eta hainbat partida irabazi ditugu. Zergatik utzi diozu entrenatzeari? Entrenatzeko gogorik ez dut galdu, eta ondo sentitzen naiz. Hala ere, uzteko garaia iritsi zait. Izan ere, ez naiz gaztea, eta nagusia zarenean, une txarrek eragin handiagoa dute gazteagoa zarenean baino. Presioa eta lana handiak dira. Orain nire atzetik datozenek hartuko dute lekukoa, eta ziur nago haiek ondo egingo dutena. Erabakia gogorra izan da, eta badakit hasieran arraro egingo zaidala, baina moldatuko naiz. Zelan baloratuko zenuke zure ibilbidea? Beti egin dut lan klubaren alde, eta oso gogor. Seriotasuna eta errespetua erakutsi dizkiet batzarkideei, jokalariei, arerioei eta zaletuei. Profesionala izan banintz moduan egin dut behar. Zein izan da zure unerik onena eta txarrena? Oso pozgarria izan da klubean hainbeste urte ematea. Une txar bat, adibidez, 1994an gertatu zen: lidergoari eutsi genion denboraldi osoan zehar, baina azken partida berdindu genuen etxean, eta ezin izan ginen igo. Oso tristea izan zen, denboraldi bikaina egin baikenuen. Momentu onari dagokionez, aurtengo denboraldia aipatuko nuke. Taldeak erakutsi duena baino maila altuagoa du, baina azken partidetara arte sufritu dugu mailari eusteko. Nire azken urtean jaitsi bagina, oso penagarria izango litzatekeen. Bigarren B Mailan ibili zen Zamudio 1996-97ko denboraldian. Hori berriro egiteko aukerarik badu klubak? Ezinezkoa ez, baina zail-zaila izango litzateke. Hirugarren Mailako taldeek maila altua dute. Lehen, duela gutxi, entrenatzaileak baino ez zuen taldea kudeatzen; orain, ordea, laguntzaileen, prestatzaile fisikoaren edo atezainen entrenatzailearen laguntza du. Hori aurrerapena da, eta taldeen mailak ere gora egiten du. Zelaiak eta prestakuntza fisikoa ere hobeak dira. Era berean, igotzeko kanporaketetan edozeinen kontra jokatu dezakezu; eta lehen, aldiz, zure inguruko taldeen kontra jokatzen genuen. Zer goraipatuko zenuke klubari buruz? Zamudio Bilbotik gertu dago, eta Bizkaiarekin dituen komunikabideak onak dira. Horren ondorioz, jokalariek jarrera ona adierazten dute hona etortzeko. Gainera, klub serioa da, hau da, sinatzen duena ordaindu egiten du. Azkenik, kontuan hartu behar dugu zelaia belar naturalezkoa dela, eta hori ez da oso arrunta. Batzuek ez dute hori aintzat hartzen, edo alde egiten dutenean baloratzen dute, baina oso garrantzitsua da. Denbora luzea eman duzu entrenatzaile, 34 urte, alegia. Zerk erakarri zintuen? Zaletasun itzela izan dut beti. Jokalaria nintzela entrenatzeko txartela atera nuen, eta garai hartan partidak eta partidak ikusten nituen. Beste jokalari askok, aldiz, ez dute partidarik ikusten. Santutxun jokatzeari utzi nionean, talde gaztea entrenatzea eskaini zidaten, eta gero talde nagusia entrenatzeko aukera ere izan nuen. Gurpilean sartu nintzen, eta oso gustura ibili izan naiz. Ordu asko eta asko eman ditut futbolean, eta horrek denbora luzea kendu dio familiari. Baina beharrezkoa da entrenatzaile ona izateko: beste taldeak eta jokalariak ikusi, hortik ikasi... Goiko mailetan entrenatzeko aukerarik sortu zitzaizun? Ez, zurrumurruak egon ziren, baina besterik ez. Agian, komeniko zitzaidan taldeetan denbora txikiagoa ematea, baina ziklo luzeak egin ditut eta ez naiz damutzen. Krisiak gogor astindu du futbola, batez ere beheko mailetan. Zelan ikusten duzu etorkizuna? Egoera gero eta zailagoa da. Lehenengo Maila, eta hemen, Bizkaian, Athletic oso arrakastatsuak dira, baina beheko mailetan batzarkideek oso gogor egin behar dute lan. Eta horrenbeste lan egiteko gero eta gutxiago daude prest. Klub txikietan jokalarien gurasoek eta erakunde publikoek hartzen dute ardura, baina hori ez da oso egonkorra. Gainera, lehen gertatzen ez zen moduan, futbolaz gain beste zaletasun batzuk ere badaude gaur egun, eta guztietara bideratzen dira diru-laguntzak eta publizitatea. Etorkizunean egoera hobetzea oso zaila da, askoz jota mantendu egingo da, eta mantentze hori garaipentzat hartu behar da.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).