Entzun, disfrutau egin dogu literaturea

Aikor aldizkaria 2011ko eka. 20a, 15:16
Argazkiak: Lourdes Etxebarria
Larrabetzu euskal idazleen eta irakurleen topagune bihurtu da hiru egunean; izan be, ekainean Literaturia euskera hutsezko azokea egin da bertan. Literaturea irakurri, entzun, ikusi, disfrutau eta ikutu egin da herriko txoko guztietan. Asteburu bizia euki eben larrabetzuarrek ekainaren 3tik 5era bitartean. Herria azoka erraldoia bilakatu zan hirugarren aldiz, eta literaturea, hainbat bidetan adierazota, asteburuko protagonista nagusia izan zan. Literaturiari Kukubiltxo eta Ruper Ordorikaren eskutik emon eutsien hasierea, eta handik aurrera adin eta gustu guztiei zuzendutako ekitaldi andanak hartu eban txandea, eten barik. “Programa osatua izan dala uste dogu, eta hara batu dan lagun-kopurua kontuan hartzen bada, pozik egoteko modukoa”, esan deuskue antolatzaileek. Besteak beste, liburuen aurkezpenak, mahai-inguruak, antzezlanak, kontzertuak, olerki emonaldiak, ipuin kontalariak, musikariak eta marrazkilariak batu ditu Literaturiaren aurtengo edizinoak; ia danetarik. Herri bazkarietara be lagun asko hurbildu ziran. “Orain eurek, bisitariek, dabe berbea, baina guk jasotako balorazinoak baikorrak izan dira oso. Eta betiko moduan, datorren urtera jarri gara begira, konturatu gabe”. Literaturiaren laugarren edizinoa eukiko dogu datorren urtean, beraz. Ha apurka-apurka sendotzen eta heltzen doan azokea dalako, eta han gogoa eta ilusinoa herritar guztiek jarten dabezalako. Aitatu deuskuen moduan, Literaturia irakurle eta idazleen talde baten topagunea da; literaturaz gozau eta haren gainean hausnarketea egiten dauan talde baten topagunea, hain zuzen be. Taldekideak nahikoa modu naturalean jarten dira harremanetan, eta hainbat adierazpenetako ekitaldietan hartzen dabez parte. “Ondorioz, pentsetekoa da gogoz eta goxo egindako beharrak gutxika-gutxika uztea ekarriko dauala”. Transmisinoa Aurton eztabaidagai euki dabezan gaien artean, irakurzaletasunaren transmisinoa egon da. Larrabetzuko Literatura Eskolak mahai-ingurua antolatu dau 111 Akademiagaz eta Euskal Herriko hainbat irakurle taldegaz batera. Literaturearen transmisinoa eragile askoren esku dagoala jakinik, gogoeta egin dabe herrietako irakurle taldeek ha susteteko hartu behar daben eginkizunaren gainean. “Irakurle talde bakotxak bere ezaugarriak badituela kontuan hartuta, gazteek dabezan zaletasunen eta jokabideen araberako neurriak hartu beharko doguzala konturatu gara. Geu joan behar gara eurengana, etorriko diran zain egon barik”. Literaturia Larrabetzuko Literatura Eskolaren baitan sortutako ekimena bada be, herriko taldeek eta eragileek be ahaleginak batu dabez bere inguruan. Ekimenak literaturea ahalik eta era zabalenean bizi eta ha kaleratzea dau helburu. Esan bezala, badabe buruan datorren urteko edizinoa, eta, horretarako, hainbat helburu hartu dabez: lagun kopurua handitu, kalidadeari eutsi, jentearen ekarpenetik elikatu, herrian dagoan auzolana jagon... “Hemendik aurrera, urte osoa dogu gizarteko eremuetan eragiteko eta berton sortuko diran asmo barriei ekiteko. Hau da gure erronkea”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).