Oliver Barryk bekea lortu dau Mundu Batuaren Eskol

Aikor aldizkaria 2011ko uzt. 21a, 10:58
Oliver Barry badabil Bosnia-Herzegovinara joateko faltan dituen egunak zenbatzen. Gazteak 16 urte ditu, Derion bizi da eta DBHko laugarren kursoa amaitu barri dau Gaztelueta ikastetxean. Orain dala gitxi beka bat emon deutsie Mundu Batuaren Eskolan ikasteko, Móstarren. Mundu Batuaren Eskolea irabazi-asmorik bako erakundea da, eta guztira 13 ikastetxe ditu Amerikan, Asian, Europan eta Afrikan. Eskola 1962. urtean sortu zan helburu hau ebala: bakea eta nazinoarteko aditzea kultura anitzeko hezkuntzaren bitartez bultzatzea. Azaldu deuskun bezala, arrebak be lortu eban bekea orain urte batzuk, eta horrengaitik animau zan eskaera egitera. “Ilusino handiz agindu neban, baina, egia esan, ez nintzan oso baikorra, normalean bekea nik baino urte bat gehiago daben ikasleei emoten deutseelako. Aukeratze-prozesua gainditu eta lortu dot; pozik baino pozago nago”. Mostarren urte bi egingo ditu eta Nazinoarteko batxilerra ikasiko dau bertan. Zehatz-mehatz ez daki abentura honek zer ekarriko deutsan, baina aukerea ahalik eta gehien aprobetxauko dauala ziurtatu deusku. “Oso aberasgarria izango da, bai ikasketa arloan, bai arlo pertsonalean”. Oliverrek 80-100 herritako gazteakaz ikasiko dau eskolan, eta facebooken bidez jarri da kontaktuan hareetako batzuekaz. “Susmo ona hartu dot, eta uste dot ondo konponduko garala. Lagun barriak egiteko gogo bizia dot”. Aspertuta Oso ikasle ona ez dala esan deuskun arren, 9,2 batez besteko notea dau bere espediente akademikoan. “Beti hobetu ahal da. Aitortu behar dot gehiena azken momenturako ixten daben ikasle horietariko bat nazala, baina hemendik aurrera asko ikasiko dot, eta egunero”. Etorkizunean zertan ibili gurako leuken oraindik ez dakiela aitatu deusku; argi dauan gauza bakarra da ezaguerea euki gura dauala ahalik eta gai gehienen inguruan. Ingelesa eta frantsesa hitz egiten dau; eta euskerea, gitxi. Oliver Vigon jaio zan. Ama hangoa da eta aita ingelesa da. Txorierrira orain dala lau urte etorri ziran. “Asko gustaten jat, oso leku nasaia dalako”. Aspertuta dabilela dino, denpora libre gehiegi daualako. “Batez be orain, udan”. Halanda be, guk ezin dogu ulertu zelan aspertu ahal dan, hamaika zaletasun dau-eta. Besteak beste, eskrima Euskadiko txapelduna da bere mailan; pianoa eta bateria joten ditu; arku-tiroa egiten dau; saskibaloian be badabil; menditik ibiltzea izugarri gustaten jako; liburuak, filmak eta musika iruntsi egiten ditu... Horrezaz gainera, boluntarioa be bada bere ikastetxeak dituen zenbait proiektutan. “Gauza asko ditut egin barik: urpekaritza eta parakaidismoa, esate baterako. Gitarra joten ikastea be gustauko litxakit... Ahalik eta esperientzia gehien izan gura dot; danetarik egitea gustauko litxakit”. Bitartean, Mostarren izango dau hurrengo esperientzia. Bertara abuztuaren 21ean abiauko da.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).