Itsasne Zubiri, Berbalagun egitasmoaren koordinatzailea: “Gai zehatzak jorratzen dabezan taldeak sortuko doguz aurton”

Aikor aldizkaria 2011ko ira. 12a, 09:12

Berbalagun proiektua inoiz baino indartsuago jatorku. Haren partaideek udako geldialdiari esker hartu dabez indarrak, eta hainbat nobedade ekarri deuskuez aurtengo ikasturterako. Zeintzuk dira nobedade horreek? Egitasmoaren funtsa hau izan da orain arte: euskaldun barriak, edo euskerea ikasten zebilzanak, eta euskaldun zaharrak batu, kafe bana hartzen edo paseo bat emoten eben bitartean, euskeraz egin eien. Taldeak sortu ziran herri guztietan, baina taldekideak beste muetatako ekintzak be egiteko hasi ziran eskatzen. Besteak beste, urteerak egin doguz museotara, padel ikastaroa, maskara tailerra, bedar ikastaroa, mendi-urteerak... Aitatutakoek euki daben arrakastea ikusita, gai edo diziplina zehatzak jorratzen dabezan taldeak sortzea erabagi dogu ikasturte honetarako. Esate baterako? Igaz padel taldea sortu zan Sondikan eta Loiun, eta aurton be ha jarriko dogu martxan. Horrezaz gainera, informatika, eskalada eta idazketa tailerrak be gura doguz bultzatu, eta lur zati bat edo bi hartu eta han solotxua atondu. Ikasturteak aurrera egin ahala, ziur gagoz proposamen barriak aterako dirala. Guk ahaleginak egingo doguz horreek guztiak, ahal bada, martxan jarteko. Nortzuek emongo dabez ikastarook? Berbalagunek eurek. Igaz antolatutako ikastaroak taldekideek emon ebezan, eta oso positiboa izan zan, halan inplikazino gehigarria lortzen dalako. Zelango eragina eukiko dabez nobedadeek taldeen estrukturan? Ez dabe eragin handirik eukiko. Ohiko taldeak mantenduko dira eta gura dauanak jarraitu ahalko dau bertan parte hartzen. Baina berariazko talderen baten aritzeko gogoa badau, hori egiteko aukerea be eukiko dau. Era berean, bakarrik ekintza zehatz baten parte hartu nahi badau, ba, ez dago inongo arazorik. Gainera, ez da beharrezkoa berbalaguna izatea, ikastaroetan izena emoteko. Edonork har daike parte. Badago baldintzarik? Baldintza bakarra euskeraz aritzea da. Bestetik, ez da beharrezkoa herrikoa izatea, han sortu dan taldean aritzeko. Edozein herritarrak har daike parte edozein herritan antolatzen diran ekintzetan; txorierritarrak ez diranek, baina berton behar egiten dabenek be bai. Familiei zuzendutako ekintzarik egingo da? Bai. Igaz, adibidez, maskara tailerra eta mendi urteera antolatu ziran, familia osoari zuzenduta, eta aurton talo tailerra egiteko eskatu deuskue. Familia osoa etor daiteke antolatzen diran urteetara eta Mintza Eguna bezalako ekintza berezietara. Umeentzako jolas tailerra sortzea be pentsau dogu, halan, gurasoak nasaiago ibiliko dira berbalaguneko taldeetan dagozan bitartean. Horren haritik, ondo legoke, seme-alabak eskolaz kanpoko ekintzetan dagozan bitartean, guraso talde barriak sortzea. Izan be, gurasoek euskereaz egiten entzutea eredurik onena da umeentzat. Ikasturteak urritik ekainera arte iraungo dau, izena emoteko epea? Ez dago, bakotxak gura dauanean emon ahal da izena. Lagun barriek gugaz bat egitea gura dogu, ekarpenak egiten dabezanak eta euskereagaz konpromiso tinkoa hartzen dabenak. Berbalagunen taldeetan ibiltzea onuragarria da guztiontzat: euskaldun barrientzat, hizkuntza praktikaten dabelako; eta euskaldun zaharrentzat, euskerea sustaten laguntzen dabelako. Are gehiago, euskaldun zaharren papera ezinbestekoa dala esango neuke, taldeetan hizkuntza ondo dakien lagunak egon behar diralako. Beraz, onuragarria da maila guztietan. Noski. Lehenengo eta behin, hizkuntza bera zaintzen dalako eta euskerea gehiago entzuten dalako gure herrietan. Gainera, gurean lagun asko dago euskerea dakiena, baina ha erabilteko aukerarik ez dauana, eta asko eskertzen dabe egitasmoa martxan jarri izana. Eta beste aldetik, atxakia ezin hobea da jente barria ezagutzeko eta giro euskaldunean murgiltzeko. Herrien arteko loturea izateko be bada erabilgarria, alkarregaz hainbat ekimen antolatzen doguzalako, eta horretan euskera alkarteen inplikazinoa be oso inportantea da.