Kirolaren kultua

Aikor aldizkaria 2011ko urr. 21a, 09:16
t: Gaizka Eguskiza
Kulturismoa gihar handi eta distiratsuak baino zerbait gehiago da. Kirola da, eta kulturismoa egiten dutenek kirola maite dute. Artabe Sondikako gimnasioan baditugu kulturista batzuk. Lander eta Edu horietako bi dira, eta eurekin egin dugu berba. Lander Vázquezek 26 urte dauzka eta gizarte-hezitzaile da lanbidez. Betidanik izan da kirolaria eta mendizalea. Hamasei urte zituela, igeri egiten zuen, baina nekatu egin zen eta kulturismoari ekin zion. “Oso gustura sentitu nintzen hasiera-hasieratik”, dio Landerrek. Edu Terán ere kirolari peto-petoa da. Hogeita bost urteko informatikako eta telekomunikazioetako teknikaria bizikletaz joaten da lanera. Gainera, astean hirutan egiten du korrika, eta egunero joaten da gimnasiora. “Nire asmo bakarra kirola egitea da”, esan du. Biek egiten dute kulturismoa, baina Landerrek Eduk baino serioago hartu du. Eduren esanetan, “kulturismoak harrapatzen zaitu: hasiera gogorra da, giharretan mina duzu-eta, baina gero oso pozgarria da tentsioa askatzen laguntzen dizulako. Gainera, kirolari esker gustura sentitzen naiz nire buruarekin”. Landerren giharrak ikusgarriagoak dira. Bere ustez, kirola baino, “bizimodua” da kulturismoa. “Entrenamendu bakoitzak ekartzen dit poztasuna. Txapelketak ondo daude: eszenatokian zaudela txaloak entzuten dituzu, eta haiek lan gogorraren saritxoa dira. Baina nik ez dut horregatik egiten kulturismoa. Niri horrek dakarren egunerokotasuna gustatzen zait. Gogorra izan daiteke, baina halaber polita ere bada, nork bere buruari exijitzen diolako. Kirol guztietan gauza bera gertatzen da: gero eta marka hobeak lortu nahi dituzu”. Kulturismoari lotutako hainbat aurreiritzi daude. Haietako bat dietarena da. Eduk ez du “inoiz” dietarik egin, koipe handirik ere hartzen ez duelako. Dena dela, jendeak egunero hiru-lau aldiz jaten duen bitartean, berak bost aldiz jaten du normalean. “Janari-kopuru txikiagoa, baina maizago”. Landerrentzat, ordea, gogorragoa da elikadurarena. “Lehiaketaren batean parte hartzen baduzu zorrotzagoa da prestakuntza: ordu gehiago entrenatu behar duzu, ezin duzu alkoholik edan.... Baina sakrifizioa ez da hainbesterakoa”. Kirol honen inguruan sortzen den beste zalantza bat osasunari dagokiona da. Osasuntsua da kulturismoa epe luzera? Gure kirolariek argi dute. “Gehiegikeriak txarrak dira edozein esparrutan. Giharrak lantzea berez ez da txarra, baina entzun behar diozu zure gorputzari: gehiagorik ezin badu, ezin zaio gehiagorik eman. Bakoitzaren gorputza eta gaitasunaren arabera entrenatu behar da. Baina ez du zerikusirik adinarekin. Gimnasioan atleta edadeko batzuk daude eta itzelak dira”. Giharrak handitzeko, makinetan ibiltzen dira Edu eta Lander, eta gainera korrika ere egiten dute. Normalean ordu eta erdi entrenatzen dute egunero, baina txapelketa gertu badute, bi ordutik lau ordura bitartean ematen dute. Euren ustez, oso garrantzitsuak dira Artabe Sondikako gimnasioko entrenatzaileak, Unai Atxa eta Javier Pérez. “Aurrera egiten laguntzen digute: lagunak, entrenatzaileak, maisuak... dira. Konfiantza ematen digute”. Baietz txapelketara joan! Bion erritmoak ezberdinak izan arren, biek hartu dute parte txapelketetan. Edu txantxa eta apustu baten ondorioz joan zen bere lehiaketa bakarrera. “Baietz txapelketan parte hartu!”, esan genuen gimnasioko lagun batzuok. Azkenean neu bakarrik sartu nintzen lehian eta apustua irabazi eta kobratu egin dut (kar, kar). Txapelketaren esperientzia itzela izan zen, primeran pasatu nuen”. Landerrek 2008an hartu zuen parte bere lehendabiziko txapelketan, eta 2010ean Euskadiko txapelduna izan zen. Etorkizunari begira, biok jarraituko dute kulturismoa egiten. “Bizitza normala egingo dut: entrenatzerakoan, jaterakoan... Ez dakit beste txapelketaren batean parte hartuko dudan. Gogoaren arabera. Kirolak bizi-kalitatea ematen dit eta hura lortzen dudan heinean, kirola egiten jarraituko dut. Gainera, ez dut Lander bezain gihartsua izan nahi”. Landerrek, ordea, erronka argia jarri dio bere buruari. “2013. urteari begira pisua hartu eta maila altuago batean sartu nahi dut lehian.” Biak dira kirolariak; biak, kulturistak.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).