Parte-hartzailea eta euskeraz!

Aikor aldizkaria 2011ko aza. 16a, 13:23
Euskerearen Eguna Larrabetzun ospatuko dogu aurten. Ekimena nobedadez beteta etorriko jaku, asteburu bitan zehar herritar guztiengan pentsautako ekitaldiz disfrutatzeko aukerea eukiko dogulako. Gainera, ekitaldiok barri-barriak eta erabat parte-hartzaileak izango dira. Euskerearen Eguna abenduaren 3an da, eta haren hariko ekimenak egun horren aurreko asteburuan antolatzeko ohiturea dago gurean. Baina, oraingo honetan, Txorierriko Mankomunidadeak Larrabetzuko eragile eta taldeen proposamenak jaso ostean, abenduaren 3aren inguruan be zerbait antolatu behar zala atera dau ondorio. Beraz, Euskeraren Egunak aurten luze joko dau Txorierrin, eta herritarrok aukera-sorta zabala eukiko dogu, giro euskaldunean murgildu eta hizkuntzaren normalizazinorantz beste pausu bat emoteko. Euskera Zerbitzutik adierazotakoaren arabera, oso parte-hartze eta gogo handia egon da ekitaldiak proposatzeko orduan. Horregaitik, oso egitarau itxuroso eta egokia antolatu da, era askotariko ekimenak dituana eta herritar guztien gustukoa izango dana. Euskerearen jai erraldoiari Euskal jolasen Txapelketeak emongo deutso hasierea, azaroaren 26an. Ideia hau da: herri bakotxeko euskera alkarteetatik talde bat osatzea, bost talde hain zuzen be, gero sokatiran, txingetan eta abarreko kiroletan onena nor dan erakusteko. Hitzordua arratsaldeko 6etan izango da frontoian. Halanda be, ekimena lehia baino askoz gehiago izango da, harek, gainontzeko ekitaldiek moduan, giroa sortu eta txorierritarron arteko harremana sendotzea daualako helburu. Bestetik, Taberna Ibiltaria nahitaezko bihurtu da hango eta hemengo jaietan. Euren ahotsak eta soinuak, baita jarratzaile sutsuenak be, iluntzeko 8etatik aurrera egongo dira entzungai herriko kale eta tabernetan. Berbalagun taldeak halan proposatuta, sendabelar ibiltaldia egingo da azaroaren 27an, goizeko 10etatik hasita. Aditu baten azalpenak entzun ostean, larren artean ibiliko dira Larrabetzu inguruan dagozan bedarrak aztertzen, adituak hareek zertarako balio daben azaltzen deutsen bitartean. Asteburuari amaierea emoteko, arrastiko 6etan Kanpanolue taldeak haurrentzako berbenea eskainiko dau arratsaldean, frontoian. Berba zaharrak Euskal kulturearen transmisinoa bermatuta dogu? Galderari abenduaren 1ean saiatuko da erantzuna emoten, Anguleri Kultur Etxean iluntzeko 8etan egongo dan mahai-inguru baten. Han honeek hartuko dabe parte: Lorea Agirre, HUHEZIko irakaslea eta Sorguneak taldeko kidea; Paul Bilbao, Kontseiluako presidentea; eta Mitxelko Uranga, filosofoa. Rafa Ruedak eta Estankonak musikea jarriko deutsie hurrengo eguneko gauari; barikuko gauari, hain zuzen be. Kontzertua 23:00etan emongo dabe Hori Bai gaztetxean. Eta zapaturako, ekitaldi bi antolatu dira arratsaldean: Kukai dantza konpainiaren emonaldia, frontoian; eta Berba zaharren Txapelketea, Gure Etxean. Azken ekimen honen bitartez, herrietan galtzear dagozan berbeak eta esaera zaharrak ezagutu eta hareek berreskuratu gura da. Adin eta gustu guztiei zuzendutako ekimenak ekarriko deuskuz Euskerearen Egunak. Eta aitatu beharra dago, eguraldi ona izanez gero, frontoian egitekoak diran ekimen batzuk, herriko plazara eroango dirala (euskal jolasak kasu). Gatxa da helburu bakar bat esatea, Euskeraren Egunak helburu asko ditualako, bata bestea bezain inportantea: euskerea erabiltea eta gitxieneko kontzientzia sortzea, hizkuntzea egun horretan ez ezik gainontzeko egunetan be erabilteko; giroa sortzea euskaldunen eta, euskeraz ez jakin arren, euskaldun sentitzen diranen artean... “Horren haritik, herri ezbardinetako jentea batu eta horreek alkar ezagutu daitezala be bada oso garrantzitsua. Ekintzak atxakia izan daitekezalako, euren artean lotura bat lortzeko, eta etorkizunari begira gauzak alkarregaz egin ahal izateko”, esan dau Laura Martinez euskera teknikariak. Eskoletan Orotara herri eskoletako 1.163 umek eta gaztek hartuko dabe parte eurentzat espresuki antolatu diran ekitaldietan. Zirika zirkus taldeak emonaldia eskainiko dau azaroaren 29an, lau urtetik sei urtera bitarteko umeei zuzenduta, eta 10-11 urtekoek Erregea eta bufoia lana ikusteko aukerea eukiko dabe hurrengo egunean. “Seigarren mailakoek bertsolaritza eskola jasoten dabe klasean astero, eta ekimen hau eurentzat aproposa dala pentsau dogu. Andoni Egaña bertsolaria eta Ander Lipus aktorea aritzen dira bertan, eta ha gazteen adinera moldatu dabe”. Marsel magoak zazpi urtetik bederatzi urtera bitarteko umeak aho bete hortz itxiko dituan saioa be eskainiko dau abenduaren 2an. Larrabetzuko eskolako ikasleak zeremonia-maisu ibiliko dira aurten, eta aurkezpena egin beharko dabe saioen aurretik. “Era berean, ikastetxe bakotxean, bertsolaritzan dabilzanek bertso bat asmau dabe eta ume guztiek horreek ikasi beharko dabez aurkezpenen ondoren, danek batera abesteko. Lipdub bat be grabau da eskola bakotxean, eta hareek alkarri pasauko deutsie giroa sortzen hasteko”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).