Aitor Koteron, aktorea eta produktorea: “Bi anai

Aikor aldizkaria 2011ko aza. 16a, 13:31
Imanol Rayo zuzendariak Bi anai filma aurkeztu eban Zinemaldian; aurkeztu eta Zinemira saria lortu. Ha Bernardo Atxagaren eleberri homonimoan dago oinarrituta, eta pertsonaia nagusietako bat txorierritarra dogu. Aitor Koteron Manuel da, eta hau Gohierriko gazteak zinemarako egin dauan lehenengo beharra izan da. Pelikulea azaroaren 11n estreinau zan aretoetan. Zelan esperientzia? Produkzino-beharretan nabil gaur egun, eta aktore moduan orain dala lau urte egin neban azken beharra, antzerkian. Lagun batek euki eban filmaren castingaren barri, eta paper baterako profil zehatz bateko aktorea behar ebela jakin eban. Nire izena emon eban eta probak egiteko deitu eusten. Papera neuri emotea erabagi zan azkenean. Pentsa eizue, dana bat-batean izan da, esperientzia itzela: zineman egin dot debuta paper protagonista bategaz, Zinemaldira joan gara eta, gainera, Zinemira saria lortu dogu. Bestetik, aurrekontu gitxiko proiektuetan gertatu ohi dan moduan, familiako giroa sortu zan filmazioan eta oso gustura ibili nintzan han. Produkzino-etxeagaz izandako harremana be hamarrekoa izan da. Nor da Daniel? Adimen urriko gaztea da, baina bakarrik gauza batzuetarako; gai dalako bere instintuak eta sentimentuak aurrera aterateko. Halan, jenteak ez dau tuntuntzat; kontua euki behar da beragaz. Instintiboki mugiten da eta pisu handia dau filmean. Arazo gehienak bere inguruan sortzen dira. Ez dau berbarik egiten, baina oso gauza indartsuak egiten ditu. Alde batetik, pertsonaia bera indartsua dalako; eta bestetik, berba bat be bota barik, denpora gitxitan gauza asko esaten ditualako. Dana dala, Daniel nor dan nik azaldu beharrean, hobe da zeuek zinemara joan eta han deskubritzea. Paper gatxa, beraz. Paper guztiak dira gatxak. Danielena edozein aktorek gustura hartuko eukean papera da, harek dakarren erronkagaitik, eta kontzeptuaren indarragaitik: oso pertsonaia berezia da, ez dau testurik eta, pelikulea bera moduan, oso lineala da. Zaltasunak mugak jarten deutsuezanean datoz, baina hori edozein paperagaz gertatzen da. Alde handirik dago liburu eta pelikulearen artean? Liburua esplizituagoa da, beharbada, eta pelikulan gehiago erabilten da intsinuazioa. Nire ustetan, pelikulea ikustea olerkia ikustea da; are gehiago, kritikari batek euskal zinemagintzaren jaiotza dala esan dau. Baina nik ez deutsuet kontauko zertan datzan. Atxaga maite dogun idazlea da, Txorierrin zein Euskal Herrian, eta uste dot pelikulea ikustea merezi dauala. Pozik dago bera emaitzagaz? Oso harreman estua egon da Atxaga eta Rayoren artean. Rayok hiru aldiz idatzi dau gidoia eta Atxagak jarraipena egin deutso prozesuari. Filmazioan egoteko aukerea be euki dau, eta gardentasun handia egon da alde horretatik. Emaitzea ikusteko gogo handiz ibili da, ea pelikulea gidoiagazko zintzoa dan. Eta nik uste dot zintzotasuna ikusi dauala, gustau jakolako. Egia esan, guztiok pozik egoteko moduko pelikulea da. Imanol Rayoren opera prima da, zelan moldatu zara zuzendariagaz? Oso ondo. Rayok argi euki dau hasiera-hasieratik filma eta halan helarazo deusku bertan parte hartu dogun guztiei. Filmazioaren azken hilebeteetan euki dauan erantzukizuna oso handia izan da, eta hori oso estresagarria da eta barrutik eroaten da. Halanda be, oso jarrera ona eta zintzoa euki dau gurekiko. Emaitza estreinaldiaren egunean bertan ikusi zenduen aktoreek. Egia esan, ni prentsarako emonaldira joan nintzan, estreinaldira joan baino lehen. Eta nahiko hotz joan nintzan, gainera. Pelikulak eta han egindako beharrak ekarriko eustezan emozinoak, onerako zein txarrerako, aldez aurretik bizi gura nituan. Eta gero, estreinaldira nasaiago joan, pelikulaz disfrutau. Eta zelan ikusi dozu zure burua pantaila handian? Arraro, baina sentidu positiboan. Hartualdi asko grabau genduzan, nire ustez politak ziranak, baina zuzendariak gero erabili ez dituanak. Azken baten pelikulea berarena da, eta berak hartu behar ditu erabagiak. Nik zorionak emon deutsadaz, oso behar ona egin daualako. Izan be, baztertu dituan hartualdietariko asko esplizituagoak badiran be, horreek ez erabiltea erabagi dau, eta pelikulearen mamina intsinuazioaren bitartez transmitidu. Eta hasiera-hasieratik hain argi eban helburu hori lortu egin dau. Nire beharrari jagokonez, ha pelikulearen osagarrietako bat dala uste dot, eta emaitza taldeka egindako beharren ondorioa dala. Zinemira saria jaso dozue, poztekoa. Ha produkzinorik onenari emoten jakon saria da, baina epaimahaiak pelikulea bere osotasunean balorau dauala uste dot. Ramón Agirre aktoreak oso ondo azaldu eban: hau pelikula erradikala da. Ez gagozalako halako zinema ikustera ohituta. Danak dau sentidua, baina plano estatikoek eta luzeek aukerea emongo deuskue imajinazinoa askatu eta geure ondorioak aterateko.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).