Gerra bateko proiekzinoak

Aikor aldizkaria 2011ko aza. 17a, 11:51
“Gerra Zibila gogoan” ekitaldia egingo da abenduaren 2an Loiun. Ekitaldi horretan argazki batzuk jarriko dira ikusgai, eta argazkiotan Madrilen, Oviedon eta Bizkaian dagozan gerra aztarnak ikusi ahal izango dira. Hareei buruzko azalpenak emango dira eta matxinada frankistaren kakoak eta ondorioak be aztertuko dira. Hitzordua iluntzeko 8etan izango da herriko eleizan. Iñaki Olabarrieta eta Juantxu Bilbao loiuztarrei izugarri gustaten jakez historia eta artea. Hori dala eta, oporretan eta ahal daben guztietan, handik eta hemendik ibilteko aprobetxaten dabe. Beti Euskal Herriko eta Estaduko herrien nondik norakoak ezagutzen, beti ikasten. Azaldu deuskuenaren arabera, behin liburu bi ailegau jakezan eskuetara: Por los escenarios de la Guerra Civil eta La maginot cantábrica. Liburuok arretaz irakurri, eta pentsau eben interesgarria izango zala han aitatzen ziran lekuak eta aztarnak bertatik bertara ikustea. Argazki-kamera hartu eta liburuetan azaltzen diran ibilpideak egin ditue; igaz, Madrilen izan ziran, eta aurten, Oviedon. Era berean, zapaturo ibili dira txokorik txoko Bizkaian. Guztira, berrehun argazki batu ditue, eta hareetan nagusi dira gerra lekuak eta bando biek erabilitako bunker eta lubakien hondakinak. “Gaia oso garrantzitsua eta interesgarria da berez. Memoria Historikoa zaindu beharreko zerbait da eta uste dogu ezinbestekoa dala bildutako materiala besteei erakustea eta azaltzea. Hori dala eta, bururatu jakun argazki proiekzino bat egitea; ekarpen xumea da, guk geure historiari egiten deutsaguna”. Argazkiak batzea ez da behar erreza izan. Loiuztarren esanetan, bisitautako leku gehienak oso egoera negargarrian dagoz, banaka batzuk (Elgeta eta Laudioko aztarnak) izan ezik. “Salaketa egin gura dogu lerro honeetatik. Lur publikoetan dagozan gehienak, eta lur pribaduetan dagozan batzuk be, erabat itxita dagozalako. Sastrakak jaun eta jaube dira leku horreetan, eta askotan in-gurua garbitzen ibili behar izan dogu argazkiak atera ahal izateko. Penagarria da, gure historiaren zati bat diralako —historia tristea bai, baina geurea—, eta guztiok zaindu beharko gendukez”. Menditik ibili dira, Guadarraman (Madril), Lugonesen (Oviedo), Larrabetzun, Gaztelumendin, Lauroetan, Galdamesen, Gorbeian, Markinan... sasi artean, aztarna bila. “Askotan emoten eban geu gentozala gerratik”. Eta argazkiez gainera, hamaika bitxikeria ekarri ditue eurakaz batera. “Adibidez, Foru Aldundiaren lurretara sartzen itxi ez euskun zaintzaile haregaz izandako berbak. Edo beste behin, bunker bati argazkia aterateko, Lugones herriko komentu batera joan ginanean. Komentuak lau urte inguru eroiazan itxita, eta komeriak egin behar izan genduzan argazkia atera ahal izateko”. Horren guztiaren barri abenduaren 2an emongo deuskue iluntzeko 8etan Loiuko eleizan. Balak ikusgai Argazkiak proiektagailu handi baten erakutsiko ditue, eta irudi bakotxak bere azalpena eukiko dau. Francoren altzeteari be egingo deutsie errepasoa eta 36ko gerraren gertakariak azalduko ditue, bando biak zelan osatu ziran, zeintzuk izan ziran gure inguruan egin ziran batailarik esanguratsuenak eta beroneen ondorioak, eta zelangoak ziran errepublikanuen gerra-azpiegiturak eta zelangoak fronte nazionalekoenak, besteak beste. “Alderik nabarmenena hau da: errepublikanuenak ostenduagoak ziran, ingurura ondo egokituak, gehiegi ez nabarmentzeko. Frankistenak, barriz, begi bistan egozan, “hemen nago ni” esango balebe moduan”. Bala bi eta bala-zorro bat be jarriko ditue ikusgai. “Bala-zorroa 1932. urtekoa da eta Txekian egin eben. Bera Gamizmendin topau genduan. Balak 1936. urtekoak dira eta Alemanian egin ziran. Bata Lauroetan bertan topau genduan; eta bestea, Gamizmendin”. Bestetik, gerra garaiko urteetako egunerokotasuna azaltzen daben argazkiak be ipiniko ditue proiekzinoan, eta herrian eta inguruan gertatuko pasadizuak kontauko ditue. Behar zoragarria, denpora handia eskatu dauena, egin behar izan dabe material hori guztia biltzeko eta informazinoa jasotzeko. “Eta ahal dogun arte jarraituko dogu dokumentazinoa batzen. Pozgarriena hau izango da: jentea, batez be gazteak, gure ekitaldira hurbiltzea, eta geure historia inoz ez ahaztea”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).