Elkarbizitza, spray eta rap-kolpearen bidez

Aikor aldizkaria 2011ko abe. 15a, 15:05
Txorierriko Mankomunitateak “Nola egin aurre gatazkei?” ekimena jarriko du martxan urtarrilean. Ekimena Esku-hartze komunitario sailetik eta Gazte informazio bulegotik koordinatu da, eta gazteak bitartekotza arloan sentsibilizatzea du helburu. Besteak beste, umorea, Rap-a eta graffitiak erabiliko dira horretarako. Janire Akasuso Esku-hartze komunitarioko teknikaria da; eta Fernando Gardeazabal, gazte teknikaria. Proiektuaren nondik norakoak eurek azaldu dizkigute. Zergatik sustatu ekimena? Garrébil kultura eta hezkuntza arloetako ekimenak garatzen dituen enpresa da, eta aukera eman ziguten gurean egitasmo hau egiteko. Interesgarria iruditu zitzaigun, izan ere, gatazken aurrean indarkeria edota irainak erabiltzeko joera nagusi da gizartean. Horren haritik, uste dugu, gatazkei aurre egiteko, gazteei beste mota bateko erremintak erakutsi eta eskaini behar zaizkiela. Zeintzuk gaztek hartuko dute parte egitasmoan? Egitasmoa 12 urtetik 16 urtera bitarteko gazteei dago zuzenduta; hau da, Derrigorrezko Bigarren Hezkuntzan dabiltzan neska-mutilei. Guztira 500 lagun inguruk hartuko dute parte proiektua osatzen duten ekintza ezberdinetan. Ekintza batzuk institutuaren bidez koordinatuko dira; eta beste batzuk, gaztelekuen bidez. Aipatutako gazteak dira etorkizuneko helduak, eta, beraz, eurek osatuko dute etorkizuneko gizartea. Hau bezalako ekimenen bidez ingurune garatuago batean bizi ahal izatea dugu helburu, indarkeria baztertu eta gainontzekoak gisakotzat hartzen ditugun ingurune garatuago batean, hain zuzen ere. Mezua neska-mutilei helarazteko, eurengandik oso hurbil dagoen lengoaia erabiliko duzue. Zeintzuk dira ekimenaren nondik norakoak? Egitasmoa hiru zatik osatzen dute, eta antzerkia, rap eta graffitiak erabiliko ditugu erremintatzat, betiere egitasmoaren ildo nagusiarekin zerikusia duten ekimenak egiten direla. Egitasmoaren lehenengo zatiari dagokionez, La Pez antzerki taldeak emanaldia eskainiko du Sondikako Kultur Etxean, eta han Iñigo Iraultza arituko da aktore nagusi. Guztira bi saio eskainiko dira, bat DBHko bi kurtsoko. Saioetan Invert raperoak ere hartuko du parte. Musikari hori “Oilar-auskaren” Espainiako Txapelketaren finalista izan da. Bideo bat proiektatuko da. Bideoan Betagarri eta Zenttric musika taldeen eta Fernando Llorente Athleticeko jokalariaren iritziak batuko dira. Aretoan landutakoa ikasgeletara eramango da. Bai, hori da hain zuzen egitasmoaren bigarren zatia. Ezinbestekotzat jotzen dugu gazteekin aurretik landutako alderdien inguruko hausnarketa egitea. Horregatik, ikasgeletan saioak antolatuko dira, aurreko ekintzan aurkeztutako kontzeptuak finkatzeko. Eta hirugarren zatiak hiri-artea edukiko du ardatz nagusi. Lehenengo eta bigarren ekintzak barneratu eta haien inguruan hausnartu ondoren, gazteek sormen artistikoaren bidez islatu ahalko dituzte proiektuan bideratu diren, eta, euren ustez, esanguratsuenak izan diren ideiak. Horretarako, hiru tailer egingo dira: graffiti tailerra, Derioko gaztegunean; rap tailerra, Zamudioko gazte-estazioan; eta antzerki tailerra, Sondikako gaztegunean. Tailer bakoitzean 25 lagunentzako tokia dago; horietako 15ek institutuan bertan eman beharko dute izena, eta beste 10ek, gaztegunetan. Tailerretan edozein herritako lagunek hartu ahalko dute parte. Noiz egingo dira ekintzak? Proiektuaren lehenengo zatia, hau da, kultura emanaldia urtarrilaren 18an egingo dugu; eta hausnarketarako saioak, urtarrilaren 21etik 27ra bitartean. Ostean, tailerrei ekingo diegu: rap tailerra urtarrilaren 27an izango da; antzerki tailerra, otsailaren 4an; eta graffiti tailerra, otsailaren 11n. Ilusio handiz prestatzen zabiltzaten proiektua da, zelako itxaropenak dituzue? Oso arrakastatsua izatea espero dugu, beste herrietan egin diren esperientziek hala erakutsi dutelako. Egitasmoan jorratuko direnak gazteei oso lotuta dauden ekimenak dira, eta eurentzat oso erakargarriak izango direla uste dugu. Txorierriko neska-mutilek proiektuarekin bat egitea espero dugu. Dena dela, hau ez da izango gazteekin jorratuko duzuen ekintza bakarra. Ez. Gazteak oso eragile garrantzitsuak dira guretzat, eta eurekin dugun harremana hemendik aurrera estuagoa izatea dugu helburu. Hori dela-eta, gazte arloan hainbat ekimen eta proiektu jarriko ditugu abian. Oinarri pedagogikoak “Nola egin aurre gatazkei” egitasmoak gazteek indarkeria baztertu eta elkarbizitzari lotutako oinarriak barneratzea du helburu. Besteak beste, ideia hauek helaraziko zaizkie ekimenen bitartez: - Gatazka konpontzeko, indarkeria ez da beharrezkoa. - Gatazkan ez dago errudunik, pertsonen arteko behar eta interes ezberdinak baizik. - Gatazka batean, beste pertsonaren lekuan jartzeko gai izan behar da. - Gatazka batean, norberaren eta bestearen emozioak kudeatzeko gai izan behar da. - Adierazpen-komunikazioak bideratzen du, pertsonen arteko akordioak lortzea. - Auto-estimu maila egokia izatea ezinbestekoa da, elkarbizitzari baikortasunez aurre egiteko.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).