Gaizka Peñafiel, musikaria:“Lagun askoren talen

Aikor aldizkaria 2011ko abe. 15a, 15:27
Argazkiak: Alain Asenjo
Gaizka Peñafiel lezamarrak Lagunartean diskoa aurkeztu barri dau, bakarlari moduan bere lehenengo beharra dana. Trikitilariak musikearen beste esparru batzuetara jo dau, eta pop eta folk-kutsua dauen disko intimistea landu dau. Pozik egoteko modukoa da. Emaitzagaz oso pozik gagoz. Eta ni oso harro nago albumagaz zein parte hartu dabenakaz, behar izugarria egin dabelako. Prozesu luzea izan arren, oso gustura ibili gara eta hori nabaritu egiten da diskoa eskuartean hartzen danean. Sei hilebetetan zehar mimoz egindako beharra izan da. Diskoaren 10 abestien berbak zuk zeuk idatzitakoak dira. Zer kontaten deuskue? Kanta generikoak dira orokorrean, edonork bere egin leikezanak. Entzule moduan, kantakaz identifikauta sentidutea gustaten jat, eta horren bila ibili naz berbak idazteko orduan. Eguneroko bizitzaren sentipenak eta uneak islatu dodaz abestietan: maitetasuna, bizitzea, heriotzea, herria... Baina badago gai bat guztietan agertzen dana: adiskidetasuna. Letrak zein musikea era naturalean azaleratu ziran eta hareen baitan itxi doguz, bakarrik azaleko aldaketak eginez. Bateren bat azpimarratuko zenduke? Gatxa da, baina badagoz hiru oilo-eperdia jarten deustienak. Bata Zure altzoan da, gutaz arduratu dan eta bihotzez maitetu gaituen personea hilten danean ixten dauen hutsuneaz mintzatzen dana. Bestea Ortzimugarantz da, iragan eta gaur egungo oroitzapen asko kondentsaten dituana, eta sortu zanetik kaleratu dan arte sentimentalki eboluzinoa euki dauena. Eta azkenik, Itsasargia, bizitzan nor izan eta zer egin gura dogun konturatzen garan momentuaz hitz egiten dauena. Trikitilari bezala ezagutzen zaitugu; halanda be, diskoak ez dau trikitixa ardaztzat. Trikitixa lagun dodala ni neu ikustea da ohikoena, baina txikitatik erakarri nabe beste instrumentu batzuk, eta azken urteotan askogaz ibili naz jolasten. Batez be gitarra erabili dot diskoa konposatzeko; halanda be, maketan beti trikitixa sartzen neban lehenengo, azkenean erosoen sentiduten nazen tresnea dalako, eta emoten dituan aukerak hobeto menperatzen ditudalako. Trikitixaren eragina estudioan gengozala areagotu zan, eta maketan baino presentzia handiagoa dau orain. Bestetik, diskoaren estiloari jagokonez, zer sortzen ari ginan ez dogu inoz balorau, etiketen zalea ez nazelako eta sorkuntza-prozesua freskoa eta naturala izatea gura gendualako. Baina oso album poperoa urten jaku, folk-kutsu izugarria be badauena. Lagunak euki dozuz kolaboratzaile diskoan: Kepa Junkera, Xabi Solano... horregaitik izenburua? Diskoan parte hartu daben idazle eta musikarien artean badira batzuk beste batzuk baino proiekzino handiagoa dabenak, baina niretzat danak dira garrantzitsuak, maila berean. Kasurik adierazgarriena Iñaki Aretxabaleta lezamarrarena izan da, beharbada. Betiko laguna da eta diskoan bai ala bai agertu behar zana, halako adiskideek sentidu handiagoa emoten deutsielako izenburuari. Diskoan parte hartzeko eskatu jakenean, inork ez eban eskakizunik egin eta bidean erraztasunak baino ez dira egon. Ganera, kolaborazino edegiak izan dira oso, bakotxak kantuak eskatzen eutsana bere izaerea ezarriz grabau dauelako. Inplikazino profesionala ez eze maila pertsonalekoa be bada azpimarratzekoa, proiektuagaz hasiera-hasieratik egin dabelako bat. Horregaitik, azalean nire izena agertzeak ez dau esan gura diskoa bakarrik nirea danik; lagun askoren talentu eta ekarpenen buztarpena dago haren funtsean. Ondorioz, argi egoan zein izan behar zan izenburua. Juan Luis Goikoetxeak ederto adierazo dau hitzaurrean: “lagun artean, artea lagun agertu da Gaizka herriko plazara...”. Diskoaren ekoizpena www.gaizkapenafiel.com webgunearen bidez jarraitu dogu. Emaitzen aldekoa baino, prozesuen aldekoa naz, ganorazko prozesuek normalean emaitza onak dakarrezalako. Ganera, halako ekoizpenak oso aberasgarriak izaten dira eta bada zer kontau eta erakutsi barrutik bizitzen ez dabenei. Egia esan, feedback izugarri ona jaso dogu bloga jarraitzen eben personengandik. Behar handia bada be, entzuleek merezi dabe sukaldatutakoaren errezetea ikustea, hau da, 10 kanta baino gehiago aurkeztu dakien. Guztiz disko pertsonala izatea gura neban, eta horregaitik, webguneaz ganera, diskoaren diseinuaz, argazkiez eta bideoez be arduratu naz; Alain Asenjo eta Asier Olazarren laguntza parebakoagaz, jakina. Nora eroango zaitu? Promozinoan gabilz buru-belarri, eta diskoak jasoten dauen harreraren arabera aztertuko dogu zuzenekora eroatea. Momentuz, Lezaman egingo dogu aurkezpena abenduaren 23an. Hau ez da nire bizitzea aldatzeko edo nire karrereari bultzadea emoteko egin dan beharra; aspalditik gordeta neukana adierazoteko beharrak bultzatu nau. Zelango beharra da? Erraz entzuten dana, eta melodia sinpleak eta hitz garbiak dituana. Edozeinek entzun leiken diskoa da: gazteek izango dabe euren gustuko kantaren bat, gurasoek besteren bat, eta aitita-amamek be besteren bat, beharbada. Hori, besteak beste, ekoizpen musikalaz arduratu dan Asier Ercillari eta hitzak moldatu dituan Beñat Gaztelumendiri esker izan da, kantei aparteko ikusmira emon deutseelako. Dana asmatuta egon arren, guztion artean nahasketa interesgarria sortu dogula uste dot. Autoekoizpena da; zeintzuk dira horren abantailak? Dan-dana erabagiteko aukera euki dogu eta, beharra amaitu ostean, Baga-biga diskoetxeagaz kaleratzea erabagi dogu, diskoak behar eban euskarria eskaintzen deuskuelako, erabagite-ahalmena murriztu barik. Ekoizpen orokorraz Asier Olazar eta ni neu arduratu gara, eta benetan konturatu gara zelango beharra ekarten dauen disko bat kaleratzeak. Diskoa Asierri eskini deutsat, beragaitik ez balitz ez gendukelako izango esku artean.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).