Daniel Ojanguren, aeromodelista: “Kontzentrazio

Aikor aldizkaria 2012ko urt. 26a, 11:46
Argazkiak: Nacho Díaz de Liaño
Daniel Ojanguren SUBYKE Derioko aeromodelismo elkartearen kidea da, eta Espainiako gaur egungo txapelduna F3C kategorian. Dani gogotik dabil pistan, bere helikopteroak milaka akrobazia egiten duela. Izan ere, hilabete gutxi barru txapelketa izango da berriro, eta titulua berrestea du helburu. Hegaldiak partekatu ditugu berarekin. Apur bat berandu ailegatu den titulua duzu... Bai, lehian urteak daramatzadalako. Txapeldunordea izan nintzen 2002an, 2003an eta 2004an, eta bosgarren lotu nintzen 2005ean. Hurrengo urtean eta 2008an laugarren postua eskuratu nuen; eta hirugarrena 2009an. Laugarren lotu nintzen berriro 2010ean. Openetan ere hartu dut parte, eta munduko txapelketan izan naiz, Alemanian, Zamoran, Italian... Lehiaketako helikoptero bi dituzu, zeintzuk dira euren ezaugarriak? Batak gasolina erabiltzen du, eta bestea elektrikoa da. Txapelketa lehenengoarekin irabazi nuen. Modeloa da VIVE90, JRkoa. Super Gracy fuselajea du; eta motorra IES 91 da, SR3C modeloa eta 15 cm3koa. Helikopteroak 6,200 kilo pisatzen du. Elektrikoa SILFIDE E12 da. Kontronik motorra eta erregulagailua ditu, eta Super Gracy fuselajea. Apur bat gutxiago pisatzen du. 5,800 kilo. Azken hau nahiago dut, motor indartsuagoa duelako, baldintza atmosferikoekiko sentikorra ez delako eta zarata gutxiago egiten duelako. Hala ere, elektrikoa joan den urtearen erdialdean-edo erosi nuen, eta berarekin artean oso ondo moldatzen ez nintzenez, bestearekin lehiatzea erabaki nuen. Zertan dautza txapelketak? Lau txanda daude eta txanda bakoitzean 10 figura akrobatiko egin behar dira: hiru, hegaldi geldikorrean, eta zazpi translazioan. Figurak osatzeko ibilbide zuzenak, atzealde-biraketak... egin behar dira, arauak kontuan hartuta. Zaila da eta oso kontzentrazio handia eskatzen du. Arreta handia jarri behar da, eta teknika ere oso inportantea da. Helikopteroa ondo doituta edukitzean dago gakoa, eta atzamarrak 1.000 kilometro orduko abiaduran mugitzean. Non entrenatzen zara? Lehiaketako helikopteroak aparatu handiak eta astunak dira, eta leku zabala behar da gidatzeko. Horregatik, translazioa praktikatu behar dudanean, lagun batzuekin Urduñan dudan pistara joaten naiz. Derioko pista txikiagoa da eta hona soilik hegaldi geldikorrak egitera etortzen naiz, edo erakustaldiak egitera. Leku zabalagoa beharko genuke berton. Lehia-garaian hirutan edo lautan entrenatzen naiz astean, gutxienez lau orduan. Zortzi edo hamar hegaldi egiten ditut egunean. Zaletasun garestia da? Aeromodelismoa ez da garestia, baina lehian aritzea bai. Gaur egun, 200 euro baino gutxiagoren truke lor daitezke radiokontroleko aparaturen bat, hegazkina bada; eta 300 euroren truke helikopteroa bada. Lehiaketako makina batek, berriz, 3.000 euro inguru balio dezake. Papera eta zotzak erabilita hegazkinak egiten zenituen, txiki-txikia zinela. Izan ere, hegan egiten zuen edozein gauzak atentzioa deitzen zidan. Balsa egurrezko lehenengo hegazkina lortu nuen 12-13 urte nituela, eta 17rekin nire lehendabiziko igorlea erosi eta radiokontroleko lehenengo hegazkina muntatu nuen. Lanean hasi nintzen eta 1985ean helikopteroa erosi nuen. Hor hasi zen istorioa. Zaletasunean egin dudan geldialdi bakarra delta hegalean ikasteko izan zen. Zergatik helikopteroa aukeratu, eta ez hegazkina? Helikopteroaren hegaldi mota gehiago gustatzen zait. Gainera, izugarri atsegin dudan tresna mekanikoa da, eta mekanikaria neu naiz: neuk muntatzen ditut helikopteroa osatzen duten aleak, neuk konpontzen dut matxurarik duenean... Endredatzen egotea gustatzen zait, ikertzen, egiten... eta zaletasun horrek aukera hori ematen dit. Asmo berezirik urte berrirako? Egia esan, ez. Buru-belarri arituko naiz Espainiako aurtengo Txapelketa prestatzeko, lehia oso estua delako, eta titulua berresten ahaleginduko naiz. Alemanian egingo den Europako Txapelketara joateko asmoa ere badut, eta ahal dudan open guztietara. Eta Derion urtero antolatzen den erakustaldira, noski; hori ezinbestekoa da. Pozik nabil SUBYKE elkartean eta haren bazkide egitea ez nuen birritan pentsatu. Aeromodelismoa gogo handiz bizi dugu, gazteei zuzendutako ikastaroak antolatzen dira eta ondo hornituta dagoen tailerra dugu. Helikopteroa bertan muntatu ahal duzu eta, jende gehiago dagoenez, laguntza jasotzen duzu, iritziak elkartrukatzen dira... Benetako helikopteroa gidatzea pentsatu duzu inoiz? Egin dut! Lagun bat pilotua da eta bere helikopteroa gidatzen utzi zidan behin. Oso esperientzia polita izan zen; are gehiago, benetako helikopteroa gidatzea radiokontrolekoa gidatzea baino errazagoa dela esatera ausartuko nintzateke. Benetakoa gidatzen duzunean, aparatuari dagokionez beti posizio berean zaude, baina hori aldatzen da radiokontroleko helikopteroa non duzun arabera: ezkerra eskuma bihurtzen da, behea goi...

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).