Txorierritarron sarea, Aikor!ren arimea

Aikor aldizkaria 2012ko ots. 7a, 13:19
Sarea Txorierri osoan hedatuta genduala, barikuan batu ginan Derioko Kultur Birikan, Aikor! aldizkariaren urteurrena ospatzera. Hamar urte bete dira 0 alea kaleratu zanetik, eta ekitaldiak berezia eta hunkigarria izango zan itxurea eban. Txalapartaren ahotsak deitu zituan lagunak eta begien itxi-ireki batean bete zan aretoa. Ha txiki gelditu zan, eta askok gala kanpotik jarraitu behar. Udane Goikoetxea kazetariak hartu eban sarearen korapiloak josteko ardurea, eta bidea emon eutsen ekimenean parte hartu eben hizlariei, musikariei eta artistei. Abesbatza erraldoia osatu eben Txorierriko koru-kideek eta abesti zoragarri bi eskini euskuezan: Txoria txori eta Oi kanta berri. Lander Aiarza Derioko alkateak berbea hartu eta ongi etorria emon euskun han gengozanei. Ostean, Larrabetzuko musika eskolakoek abesti polita aurkeztu euskuen, inor gehiagori aurkeztu baino lehenago. Eta kritika zorrotzak entzuteko unea ailegau zan, Larrabetzuko bertso eskolako lagunen eskutik. Nota hartu, eta dagoaneko txoriak dieta hasi dau. Argazkilaria aparteko orduak sartzen dabil, eta argazkilaritza ikastaro batera doa arratsaldero. Baina ez dakigu oso ondo hartu dauan, izan be, adierazo deusku zuek be ahalegina egin eta gimnasiora, ule-apaindegiarenera... joan ahalko zinatekiela. Publizidadeagaz gurago geunke ez sartu, baina benetan dinotsuegu oso serio gabilzala aldizkarian horoskopoa ipinteko aukerea aztertzen. Posterrena be gustau jakun eta herritarren artean castinga egiteko asmoa dogu; deialdiak laster zabalduko doguz. Eta komikilaria artista da; uste dogu horretan ez dagoala zer egiterik. Artean irribarrea ahoan ebela, eszenatokira igon ziran Txorierriko euskera alkarteen kideak: Altzora, Tximintx, Lagatzu, Zorrizketan eta Arrekikili. Herriaren, hizkuntzaren, Aikor! aldizkariaren garrantziaz mintzatu jakuzan, euren ahotik esaldiak eta bertsoak ateraten ziran bitartean. Eta Txoria txori entzun zan barriro aretoan, Oihane Ibarretxek Mikel Laboaren abestia a capella abestu ebalako. Disparate zirku taldeak aho zabalik itxi ginduzan euren akrobaziakaz, umorez beteta egozanak. Aurkezleak aitatu eban moduan, gurea bezalako proiektuak aurrera eroateko, ahaleginak ez ezik akrobaziak be egin behar dira askotan. Urteurrenak ospatzen diranean, azterketea egiteko joerea dago; saihestuezina da. Xabier Goienetxe aldizkariaren zuzendariak Aikor!-ren nondik norakoak errepasau eta onagaz baino ez zala gogoratzen esan euskun, eta batez be zuekaz. Ezinbestekoak izan zarielako Aikor! inguruan sortu dan sare erraldoi hau osatzeko orduan. Halan, hamar urtean 300 komertzio eta enpresa baino gehiagok aukeratu dabe Aikor!, euren jardueraren barri emoteko, eta aldizkariak 171 kolaboratzaile euki ditu, eta hainbeste aikor!lagun. Eszenatokira zuetariko batzuk igon zinien, baina esker ona guztiontzat da. Sorpresetarako momentua be egon zan ekitaldian. Ezer ez genkiala eta nahasmen apur bategaz, eszenatokira igon behar izan genduan langileok. Baina geuk be bagenduan batekoa ondo gordeta, eta ustekabean harrapau genduzan Xabi, Ales eta Marifeli. Hamar urtean, Aikor! hilero kalean egon bada, euren ilusino eta ahaleginari esker izan dalako. Zirrara aidean, Bertokokoek eta dantzariek hartu eben protagonismoa. Lehenengoek eszenatokian herri kantu baten lehenengo notak intonau baizen laster, bigarrenak publiko artean nahastu eta dantzatzen hasi ziran. Amaiera bikaina, ekitaldi bikain baterako. Trikitiaren soinuak jaiak jarraituko ebala adierazo euskun eta kopaua eskintzekoa zan guneraino hurbildu ginan. Urteurrenak beste trazea hartu eban bertan.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).