Zaintza partekatua

Aikor aldizkaria 2012ko mar. 23a, 14:21
Zamudiora Deriotik joanez gero, “Umeagaitik: custodia compartida” dinoan pankartea ikusiko dogu baserri baten burdin hesian. Furgoneta bat be badago askotan handik eta hemendik ibilten dana leihoetako kristal guztiak lelo bera daukien paperez beteta. Jesús García zamudioztarra da zaintza partekatua eskatzen dauena. La Terraza alkarteko kidea da Jesús. Alkarte hori gogotsu dabil beharrean, seme-alabak daukiezan senar-emazteak banantzen edo dibortziaten badira, legeriak zaintza partekatua jo daian lehenengo aukeratzat, eta epaileek halan ezarri daien euren ebazpenetan. Horren haritik, hainbat udaletan zaintza partekatuaren aldeko mozinoa aurkeztu dabe udalbatzek onartzeko, eta igaz lege-proiektua aurkeztu eben Eusko Legebiltzarrean. Zaintza partekatuak defendatzen dau guraso biek eskubide eta betebehar berberak daukiezala, seme-alaben hazkuntzari, zaintzari eta heziketari jagokenez. Eta seme-alabek be eskubidea daukiela aitagaz eta amagaz bardintasun-egoeran izateko, modu naturalean eta osasuntsuan. Zamudioztarrak azaldutakoaren arabera, gurasoen artean akordiorik ez dagoanean, epaiketan ezarten diran bisitaldi-erregimenak erabat kaltegarriak dira seme-alaben zaintzarik ez daukienentzat; aitarentzat, kasu gehienetan. Horren ondorioz, oso denpora gitxi pasaten dabe seme-alabakaz, eta, beste alde batetik, galarazoten jake umeen heziketa-prozesuan parte hartzen. Seme-alaben garapenerako garrantzitsuak diran gaietan be, ez dabe eukiten erabagiak hartzeko modurik, eta askotan ez dabe jakiten zeintzuk diran umeei jagokezan kontu inportanteak; edo berandu eukiten dabe halako kontuen barri. “Egoera honetan gagozanok oso txarto pasaten dogu, eta gure familiak be bai. Baina gehien sufritan dabenak umeak dira, geuk egoerea ulertzen ez badogu, hareek askoz gitxiago ulertzen dabelako. Zaintza partekatua umeakaitik eskatzen dogu, eurentzat oso onuragarria dala uste dogulako”. Gaur hobeto Eretxi asko dagoz zelan izan beharko litzaken zaintza partekatua. Batzuen ustez, gurasoetariko batek denporearen % 50 pasau beharko leuke umeakaz; eta beste gurasoak, beste % 50. Seme-alabak familiaren egoitzan gelditu, eta handik mobidu behar diranak gurasoak eurak dirala pentsaten dabe beste batzuek. Jesúsek be badauka bere eretxia. “Umeen beharrizanak hartu behar dira kontuan, eta gurasook beharrizan horreetara egokitu behar gara. Denporea zelan banatzen dan ez da inportantea, neure ustez. Inportanteena da seme-alabek behar daben edo gura daben guztietan jo ahal izatea guraso biakana, eta aitak eta amak be hori egiteko erea eukitea. Hau da, umeek inoiz ez daiela gurasoetariko baten faltea nabaritu”. Zaintza partekatua ahalik eta lasterren ezarteko eskaria egin dau Jesúsek. “Gaur hobeto, bihar baino. Umeek ezin dabelako itxaron. Gainera, zuzengabekeria asko egin dira eta lagun askok denpora luzea daroe seme-alabak ikusi barik. Helduok ados jarri ezin bagara, umeek ez daukie errurik”. Kalean gero eta oihartzun handiagoa daukaan gaia da, eta, zamudioztarrak aitatu deuskunez, herritarrek atxikimendu handia erakusten deutsie. “Azken baten, geure seme-alabakaitik burrukatzen dogu, baina zeuen seme-alabakaitik be bai, zeuen lobakaitik... guztion umeakaitik”. Haren eretxiz, agintarien esku dago arazoaren konponbidea, “eurek daukielako legea aldatzeko ahalmena. Zaintza partekatua lehenengo aukeratzat daukie Bartzelonan eta Valentzian, eta gura dogu Euskadin zein Estaduko gainerako erkidegoetan be halan izatea”. Jesúsek esan deusku mozinoa aurkeztuko dauela Txorierriko udal guztietan, beste eskualde batzuetako instituzinoek egin daben bezala, hemengo udalek be bat egin daien zaintza partekatuagaz.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).