Guztioi gustatzen zaigu bidaiatzea, baina nork emango luke 10 urte leku batetik bestera? Judith eta Andre bikote holandarrak euren zaletasuna bizimodu bihurtu zuen lehengo hamarkadan, eta harrezkero Frantzia eta Espainia bisitatu dituzte. Azken geldialdia Txorierrin egin dute, eta berton Aikor! aldizkariarekin egon dira.
Santimami auzoa Derion dago. Industrialdeek eta baserriek bat egiten dute han, Asua ibaiaren inguruan. Baina ezohiko osagai batek bertan behera utzi du paisaiaren betiko harmonia: gurdi koloretsu bi. Barrutik Andrek eta Judithek osatutako bikotea atera da. “Abenturazaleak gara. 2000. urtean erabaki genuen kanpora joatea, norabide argirik eduki barik. Eguzkiaren atzetik gabiltzaâ€. Bikotea Holandakoa da eta eurekin batera alaba bik, hiru zaldik eta bost txakurrek bidaiatzen dute.
Abenturari hasiera eman baino lehen, bidaiak egiten zituzten furgonetaz, baina bidaia hau gurdiz egin nahi zuten. “Era ekologikoan bidaiatzen dugu. Ez dugu gasolinarik behar eta eguzki-plaka batzuei esker lortzen dugu energia. Merke-merke ateratzen zaigu leku batetik bestera joateaâ€. Holandatik atera zirenean gurdi bakarra erabiltzen zuten, baina gaur egun bi dituzte. “Neskak nagusiagoak dira eta euren lekua eskatzen zutenâ€. Beraz, beste gurdia familiak berak eraiki eta arrosaz pintatu zuen.
Bidaiatzen dutenean, eguraldiari erreparatzen diote lehenik eta behin. “Negua gogorra izan da euri asko egin duelako. Hotza jasan ahal dugu, baina euria arazotsua da guretzat: arropa eta txakurrak busti egiten dira....â€, esan digu Judithek. Era berean, familia dagoen lekuaren ingurua ikustera joaten da Andre arratsaldeetan bizikletaz. “Horrela, aukera dugu lekua nolakoa den ikusteko, eta hobeto planeatu ahal dugu bidaia: nora joatea merezi duen... â€, dio gizonak.
Beste alde batetik, gurdiz bidaiatzeak baldintzak dakartza: esate baterako, ura eta belarra behar dituzte zaldientzat. Gainera, bide txikiak nahiago dituzte, bertan trafikoa ere txikiagoa baita, eta eurek erosoago bidaiatzen baitute. Eta horregatik gustatzen zaie Frantzia. Estatu espainola ere ezagutzen dute, iparraldea, batik bat. “Duela bost urte sartu ginen Espainian. Euskal Herriaz gainera, Kantabria, Asturias eta Galizia ezagutzen ditugu. Ez gara hegoaldera joan, belarrik ez dagoelakoâ€.
Euskal Herria
Euskal Herria polita iruditu zaie, baina ez dute hemen gelditzeko asmorik. “Arriskutsua da, errepideak autoz beterik daudelako. Eta bide txikirik ez dago, eta ondorioz, denbora pilo bat ematen dugu leku batetik bestera joateko. Gainera, Euskadiko orografia ez zaigu komeni: beti gabiltza aldapan gora eta aldapan behera, eta zaldiak nekatu egiten diraâ€. Estatuan beste arazo bati egin behar izan diote aurre: polizia. “Behin eta berriro etortzen zaigu nortasun agiria eskatzera eta nor garen galdetzera. Oro har jatorrak dira, baina guretzat oso astuna da herri guztietan poliziari azalpenak eman behar izatea. Batzuetan hiru aldiz egunean eskatu digute nortasun agiria, eta kriminalak bezala sentitu garaâ€.
Baina gauza guztiak ez dira txarrak Estatuan. “Hainbat kultura uztartzen dira hemen eta nork berea bultzatzen du. Aniztasuna ona da; Europako herri guztiak berdinak izango bagina oso aspergarria izango litzateke. Frantzian egon ginenean, okindegiek eurek egiten zuten ogia; hemen, aldiz, gehienek izoztuta erosten dute. Ez zaizkigu horrelakoak gustatzen, artisauen lana galtzen ari delako. Tamalez, gaur egun joera nagusia da Europa osoanâ€.
Bizirauteko modukoa
Euren bizimoduak lasaia dirudi, baina beti dago zer egin. “Animaliak zaindu, ogia egin, belarra eta egurra bilatu, janaria erosi...â€. Batzuetan azoketan hartzen dute parte dirua irabazteko. Judithek fantasiazko makillajeak lantzen ditu, eta Andrek argazkiak atera, inprimatu eta saldu egiten dizkie bezeroei. Bidaian hartutako argazkien postalak ere saltzen dituzte. “Bizirauteko ematen digu, baina ez da errazaâ€. Egunen batean liburua idatziko dute euren bidaiaren berri emateko. “Hamar urte daramatzagu txiroak bezala bizi izaten; ea liburuak laguntzen digun aberatsak bezala bizi izaten (kar, kar...)â€.
Bidean egiten dituzten lagunek askotan laguntzen diete. “Jendea jatorra da leku guztietan eta normalean primeran tratatzen gaituzte. Jakin-mina dute eta guregana hurbiltzen dira, eta askotan janaria ere ekartzen digute. Egunero-egunero dugu janaria, nahiz eta guk batzuetan sosik ere ez irabazi. Pribilegiatuak gara: nork du bere etxea eraikitzeko aukera?; nork du hondartza zoragarriak egunero ikusteko aukera? Eta bitartean lagun jatorrak ezagutu ditugu leku guztietanâ€.
Bizimodu ezohikoa da gurasoentzat, baina are gehiago alabentzat. Judithek berak ematen die eskola Interneten laguntzarekin. “Heziketa ezberdina dute: gauza gutxiago dakite gai batzuei buruz, ziurrenik, baina askoz gehiago dakite beste batzuei buruz. Historiaren edo geografiaren gainean ez dute liburuetan irakurtzen; baizik eta, bidaiari esker, bizi egiten dituzte. Hizkuntzei dagokienez, euren adineko neska-mutilek baino askoz gehiago dakite. Eta zorionez, izugarri gustatzen zaie irakurtzea. Asko ikasten dute, baina beste era bateanâ€.
Hala ere, gazteek bizimodu nomada baino ez dute ezagutu, eta gurasoek hori aldatzea nahi dute. Izan ere, datozen hilabeteotan Frantzia aldera joango dira etxe finkoa topatzera. “Alabak nerabeak dira eta laster ez dute gurasoekin leku guztietara joan nahi izango. Neskek eskatu baino lehen, guk bizitza normala eroateko aukera eman nahi diegu. Eurek ez dute nahi, baina bizimodu sedentarioak ere baditu abantailakâ€. Frantzian etxe finko batean daudenean bidaiatzen jarraitzeko asmoa dute, baina oporraldi arruntetan, udan-eta. Eta betiko moduan, eguzkiaren atzetik ibiltzen jarraituko dute.
www.roulotte-papillotte.com