Alberto Daniel Gainza, argentinarra: “Euskal Her

Aikor aldizkaria 2012ko mar. 23a, 14:52
Argazkiak: Itsasne Zubiri
Atal berri bat jarri dugu martxan Aikor! aldizkarian, Txorierritartuak. Bertan atzerritik etorri, eta gure herrietan bizi diren lagunen berri emango dugu. Atalari hasiera emateko, Alberto Gainza argentinarraren bisita jaso dugu. Alberto hainbat lekutan ibilia da, eta gaur egun Sondikan bizi da. Zergatik etorri zinen Txorierrira? Duela bost urte erabaki genuen Euskal Herrira etortzea. Garai hartan Estatu Batuetan bizi ginen, baina ez geunden gustura. Emaztea hemengoa da eta berak proposatu zuen hona etortzea. Gainera, koinata ere Sondikan bizi zen, eta oso pozik zebilen. Baldintza bakarra jarri nuen: herri txiki batean bizi nahi nuen, beti hiri handietan bizi izan bainaiz. Zenbait lekutan bizi izan zara: Argentina, Estatu Batuak, Venezuela eta Euskal Herria. Non egon zara ondoen? Argentinan gustura ibili naiz, baina krisia besterik ez dut ezagutu bertan. Euskadin ere oso gustura nago. Zeintzuk dira bakoitzak dituen alde onak eta txarrak? Argentina nire herria da: zoragarria da, jende jatorra, eguraldi ona..., baina politikariak oso txarrak dira; Estatu Batuetan erraztasunak ematen dizkizute lan egiteko, baina kontsumo eta itxurakeria handia dago; Venezuela oso herri polita da, baina ez dago segurtasunik eta desberdintasun itzelak daude gizarte mailan; bizi izateko, ondoen Euskal Herrian: txikia da eta jendea jatorra da. Denetarik duzu eskura. Alde txar bakarra da askatasun ideologikoa mugatua dela. Angolan eta Mozambiken ere ibili zinen lanean... Bai, izatez auzitegiko antropologoa naiz. Nazio Batuen Erakundeak (NBE) hainbat herritara bidali ninduen pertsonak identifikatzera. Mozambiken, Angolan.... egon naiz Afrikarrak hainbeste sufritu arren, oso jatorrak eta esker onekoak dira. Bosnian ere egon nintzen gerra bukatzear zegoenean. Infernua bezalakoa izan zen: gizakiok egin ahal ditugun gauzarik txarrenak bertan ikusi nituen. Erlijio eta politika mailako gatazka zela-eta, 50 urtean bakean bizi izan den gizartea elkar hiltzen hasi zen, senideen artean, auzokideen artean. Baina hemen beste lan bat daukazu. Autoak garbitzeko enpresa sortu duzu... Estatu Batuetan esperientzia hartu nuen arlo horretan, eta hemen nire enpresa sortzea erabaki nuen. Autoak garbitzeko enpresa eratu nuen,eta, hasiera-hasieratik, argi nuen zerbait berritzailea izan behar zela. Nire enpresan ibilgailuak garbitzen dira, baina haiek dauden lekura joaten gara, bezeroei denbora aurrezteko eta eurentzat erosoagoa izateko. Euskal Herrian, legeria zorrotza dago ingurumenari buruz, eta ura jasotzeko eta birziklatzeko sistema asmatu eta patentatu genuen. Zure ustez, zelan hartzen ditugu euskaldunok atzerritarrak? Ondo. Esaten da euskaldunak oso irekiak ez direla, eta egia da, agian. Hala ere, itxura horren atzean zintzoak eta zuzenak dira. Futbolzale sutsuak omen zarete argentinarrak. Egia da? Bai. Eta futbola oso termometro ona da herriko gogo-aldartea neurtzeko. Futbola aitzakiatzat hartzen dute benetako arazoak estaltzeko. 1978an, esate baterako, Videlaren diktadurak Argentinan egin zen Munduko futbol Txapelketa erabili zuen giza-eskubideen kontrako gehiegikeriak estaltzeko. Izan ere, futbolak herri osoa geldiarazten du. Selekzioak jokatzen duenean, eskolak itxi egiten dira. Eta ospitalera edo aduanara joaten bazara gerta daiteke bertan inor ez egotea. Eta hartzen bazaituzte era txarrean egingo dute, ziur asko. Guztiok dugu barneratuta eta naturaltasunez ikusten da. Psikologoak ere omen zarete... Zuk Psikologia ere ikasi zenuen... Bai. Proportzionalki, psikologo gehien duen herria Argentina da. Hitz egitea zein entzutea gustatzen zaigu. Euskaldunok ez dakizue guk bezain ondo entzuten. Historiazalea Historia izugarri interesatzen zaio Albertori. “Batzuetan pentsatzen dut iraganean eta orainaldian aldi berean bizi naizela. Historia oso garrantzitsua da errepikatu egiten delako. Beraz, iragana ezagutu behar da, orainaldia hobeto ulertzeko, eta etorkizuna hobeto planifikatzeko”. Albertok ikerketa batzuk egin zituen Argentinan, eta gaur egun, Gerra Zibilak Txorierrin eduki zuen eragina aztertu nahi du. “Batez ere alde militarra baztertuta, hau da, herritarrek zelan bizi zituzten gerra eta gerraostea”. Horretarako, ez du euskara ikasi beharko, baina argentinarrari ikastea gustatuko litzaioke. “Emaztea eta seme-alabak euskaldunak dira; nik inoiz ikasiko dut. Tamalez, lana dela-eta ezin naiz euskaltegira joan. Hitz batzuk badakizkit, eta haiek egunero erabiltzen ditut”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).