Hego bi

Aikor aldizkaria 2012ko api. 25a, 14:16

t: Juan Luis Goikoetxea / a: Aritz Albaizar

Udaberriko habia eraikitzen ari den txoria, aise da konturatzen arrautza epeletatik jaiotako kume kutunak hegodunak direla, hegaz egiteko sortuak, urrun-hurbil bidaiatzekoak, jatorriz direla hegaz egiteko. Hala ere, ez die kantatzen “Hegoak ebaki banizkio nerea izango zen”. Euskal Herriko ur-lurretan sorturiko euskalduna, jatorriz lumaduna, habian ez, baina abian da bilakatzen hegabidun, elebidun: orain zurekin, ahora contigo bizi dena; contigo zurekin bihurtu gura lukeena, alegia, erdaldunari hegan irakatsi. Ordea, bat, beti bat bakarrarekin ohitua, nola bitara ekarri? Ez ote da, bada, errealitatea bi begirekin hobeto ikusten? Ez al daki frantsesdunak, espainolezkoak mailukada zer den, kolpe bakarra jo arren tiriki eta tauki bikotea dugula euskaldunok entzuten; kolpe bakarra hots biko dela sentitzen?: “Tirikitauki, tauki mailuaren hotsa”. Ez du Lauaxetaren elizako ezkila zaharra din eta dan entzun?: “Din, dan, balendan/ elizako ateetan/ gizon bat dilindan”. -Zer diozu erdaldun? Ez da euskaratik irten behar unibertsal izateko, gizakiaren bihotzetik bihotzera, ideiarik ideiara hegan egiteko; beti ere, arrotzen doinu zoliak noiz entzungo zain. Munduan euskaraz bizi garenok gara Euskal Herri, supazterretik azken bazterreraino, bortuen goitik sasien petik hegan. “Uso zuria errazu nora joaiten zara zu. Espainiako bortuak oro elurrez beteak dituzu; gaurko zure ostatu gure etxean baduzu”.