Ziortza Sanz eta Xabi Zubieta, San Isidro jai-batz

Aikor aldizkaria 2012ko api. 25a, 14:28
San Isidro jaiak maiatzaren 11tik 15era izango dira Derion. Jaiok nobedadeak ekarriko deuskuez aurten; nagusia, kultur taldeek eta herritarrek osatutako jai-batzordea sortu dala. Ziortzak eta Xabik emon deuskue jai-batzordearen eta haren beharrak ekarri dituan nobedadeen barri. Zergaitik ikusi dozue jai-batzordea sortzeko beharra? Batetik, aurreko urteetan, egunean zehar giroa baegoan be, gauean ez egoan mobimentu handirik. Bestetik, kultur alkarteok aspalditik ikusten genduan ez zala behar besteko ahaleginik egiten, jai herrikoiak eta parte-hartzaileak bultzatzeko. Egia da alkarteok jaietan parte hartzen genduala, baina bakotxak bere ekintza sustetan eban eta ez zan beste alkarteek antolatutako ekimenetan ibilten. Hau da, alkarteon artean ez egoan ezelango sare komunik. Eta gai horreei biei bultzadea emon behar jakela pentsetan genduan. Nortzuek osatzen dozue batzordea? Jai-batzordea sortzeko ideia, batez be Tximintx euskera alkartetik eta Santzoka gazte alkartetik sortu zan. Gugaz batera honeek be badagoz: DerioKOmunikazioa, Lainomendi dantza taldea, Jauntzi Jarauntsi Troupe, Tabernarien alkartea, taldeetan ez dagozan hainbat herritar eta Udaleko langile batzuk. Herriko alkarte guztiok ez gagoz batzordean, baina aitatu beharra dago alkarte batzuetako ordezkariak guregana unean-unean etorten dirala. Datozan urteei begira, gustauko litxakigu jai-batzordean herriko alkarte guztiak egotea. Zelango onurak ekarriko ditu, zuen ustez? Lehenengo eta behin, parte-hartzea. Herriengandik herriarentzat egindako jaiak izango diralako. Era berean, alkarteok foru antzeko bat sortu dogu, eta, beraz, alkarteon arteko hartuemona sendotu eta landu egin da; hori funtsezkoa da herritarra izan gura dauan zeozer egiteko. Eta nobedadeen gainean egiten badogu berbea? Sukalki Eguna, esate baterako, beste era baten planteau dogu. Orain arte nahiko profesionala izan da, txapelketa modukoa, eta sari handiak emon dira. Aurten, barriz, filosofia hau dogu: sukalkia han prestau, eta, gero, guztion artean herri bazkaria egin. Ekimen herrikoia izango da eta ez da saririk emongo. Azokari be beste ikutu edo ikuspuntu bat emongo jako, eta pintxo poteoa egingo da lehenengo aldiz. Bestetik, kontzertuen aldeko apustua egin dogu, eta barikuan eta zapatuan egongo dira. Kontzertuek estruktura hau eukiko dabe: Txorierriko talde hasibarria, talde ezaguna eta erromeria. Jai-guneari jagokonez be egongo dira aldaketak, ezta? Bai. Jaiak herrigunetik gero eta urrunago eroan diran ustea dogu, eta jai-gunea Gernikako Arbola kalean ipiniko da aurton. Kalea trafikorako itxiko da, eta karpa erraldoi bat ipiniko da. Karpapean txosna bi eta eszenatokia atonduko dira. Berriz erabilteko edalontziak jarriko dozuez salgai. Horreek txosnetan eta hainbat tabernatan ipiniko dira salgai euro batean. Halan, jai-gunea eta kaleak garbiago egotea lortuko dogu, eta ingurugiroa zaintzen lagunduko dogu. Gainera, ateraten dan dirua hurrengo urteko jaietarako erabiliko da. Euskera sustatzeko ahalegina be egin dozue. Ahal dan bitartean, ahalegindu gara euskereak gure arteko hartuemonetan eta jaietan presentzia handia izatea. Adibidez, batzarrak, aktak, eskaerak... euskeraz egin doguz, eta hainbat ekimen be euskeraz izango dira. Jai-batzordea beharrean dagoan lehenengo aldia da, zer itxaroten dozue jaietatik? Hasteko, lantalde polita osatzea. Izan be, gu ekimenak koordinetan ibiliko gara, baina herritarren laguntzea eta sostengua be beharko doguz: garbiketeagaz, txosnetan txandak antolatzeko orduan... Eta herritarrak animau eta jaietan parte hartu daiela: lehenengo eta behin, derioztarrak; eta gero gainontzeko txorierritarrak. Eta, jakina, eguraldi ona. San Isidro jai egitaraua Maiatzak 11, barikua 19:00: “Herria martxan, martxa herrian” ekimena, Herriko plazan. Tximintx euskera alkartearen eskutik. 20:00: Pregoia, San Isidro jai-batzordearen eskutik. Trakea eta txitxi-burruntzia, Odol argia taldearen eta Subyke aeromodelismo klubaren laguntzagaz. 23:30: Kontzertuak: The Lasai, Ze esatek eta Gora herria, txosna gunean. Maiatzak 12, zapatua. Sukalki Eguna 11:00: Biribilketea, Jantzi Jarauntsi Troupearen eskutik. 11:30: Sukalkia, kiroldegiaren kanpoko frontoian. 12:00: Umeentzako jolasak, kirol pistetan. 14:00: Herri bazkaria (sukalkia), kiroldegiaren kanpoko frontoian. 18:00: Dantzak, txosna gunean. Lainomendi dantza taldearen eskutik. 19:00: Pintxo-poteoa, tabernetatik (urteera, San Isidro eleizatik), Santzoka taldearen eta Ostalaritza alkartearen eskutik. 20:00: Ellas bailan solas kaleko antzerkia, Pikor Teatro taldeagaz. Sollube kalean (euria izan ezkero, Kultur Birikan). 23:30: Kontzertuak: Desenkanto, Obrint Pass eta Trikizio, txosna gunean. Maiatzak 13, domekea. Azokaren Eguna 10:30-14:30: Elikagaien eta Eskulan tailerren azokea, Almazene kalean eta Kultur Birikan. Talo eta txakolinaren dastaketea, artzain txakurren erakustaldia, tailerrak, zanpantzarrak, biribilketea... Kalean egindako IV. Pintura Lehiaketea. Izena emotea, Kultur Birikan. 17:00: Derioko III. Pelota Kopea, 4 ½ elite azpi 22-promesak. Atxiki PTaren eskutik. 17:00: Mus Txapelketearen finala, txosna gunean, Ostalaritza alkartearen eskutik. 18:30: IV. Pintura Lehiaketaren eta Briska Txapelketearen sarien banaketea, txosna gunean. Ostean, txitxarrilloa Cocktail orkestagaz. 19:30: Dantza latindarren erakustaldia, Nagusien etxean, Erretiraduen alkartearen eskutik. Maiatzak 14, astelehena. Umeen eta gazteen Eguna 11:30-14:00: Puzgarriak eta ludotekea, Herriko plazan. 12:00-14:00: Gazteentzako ekintzak eta skate park, Mikel Deunaren plazan. 16:30-19:00: Puzgarriak eta ludotekea, Herriko plazan. 17:00-20:00: Gazteentzako ekintzak eta skate park, Mikel Deunaren plazan. 19:00: Diskofesta gaztea, Sollube kalean. Maiatzak 15, martitzena. San Isidro 11:00: Biribilketea, Jantzi Jarauntsi Troupearen eskutik. 11:30-14:00: Puzgarriak eta ludotekea, Herriko plazan. 11:30: Mezea. 12:00-14:00: Gazteentzako ekintzak eta skate park, Mikel Deunaren plazan. 12:00: Ardaoaren dastaketea, Sollube kalean, Ostalaritza alkartearen eskutik. 12:30: Marrazki Lehiaketea, Herriko plazan, Odol Argia alkartearen eskutik. 16:30-19:00: Puzgarriak eta ludotekea, Herriko plazan. 17:00-20:00: Gazteentzako ekintzak eta skate park, Mikel Deunaren plazan. 18:00: Marrazki Lehiaketaren sarien banaketea, Herriko plazan. 19:00: Idi probak. 19:30: Jaien amaierea, txokolatadea eta sorpresea.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).