Iñaki Aretxabaleta, txakolingilea: “Harroa izan

Aikor aldizkaria 2012ko api. 25a, 14:42
Iñaki Aretxabaletaren Lezamako Magalarte upeltegiak urrezko Bacchus saria jaso dau, barrikan hartzitutako txakolin zuriagaitik. Bacchus sariketa Espainiako Dastatzaileen Alkarteak antolatzen dau, eta nazinoarteko ardaoak balorau eta saritu egiten ditu. Iñaki upeltegian topau dogu, Andoni semeagaz, aitaren ibilpideari jarraitzeko asmoa daukana. Pozik egoteko modukoa. Oso. Ez dot harroa izan gura, baina apur bat harrotuta nago sari honegaz. Izan be, nire eretxian, ez dau txakolin horrek bakarrik atera saria, mahastietan eta upeltegian hainbat urtetan egin dogun beharrak be atera dau saria. Gurea familia-enpresa dala esan leiteke, eta berton guztiok egiten dogu behar ahal dan neurrian: emazteak, seme-alabek eta neuk. Era berean, upeltegiei eskatzen jakezan izapide eta baldintza guztiak betetan ahalegintzen gara, badaukagu ISO kalidade-ziurtagiria, gurea ekoizpen integraua da, hau da, ahalik eta produktu fitosanitario gitxien erabilten doguz... Gure txakolina munduko beste ardao batzuakaz izan da sariketa horretan, eta saria atera izanak esan gura dau gauzak ondo egiten gabilzala. Gero eta prestigio handia hartzen dabilen ardaoa da txakolina. Orain dala urte batzuk, orokorrean, ez egoan ez nahikoa baliabiderik, ez modurik ardaoa egiteko. Baina gaur egun badaukaguz horrelako baliabideak, badagoz enologoak... Bacchus sariketan, esate baterako, Bizkaiko txakolinak sei sari atera ditu. Sari horreetariko bat txakolin goxoari emon deutsie; beste bat, urte batzuetako txakolinari; beste bat, barrikan hartzitutako txakolinari; eta beste hirurak, urteko txakolinari. Beraz, lau txakolin motaren gainean ari gara, eta horrek esan gura dau produktu zabala bihurtu dala. Sariketan lortutako emaitzak oso pozgarriak dira Bizkaiko txakolinerako. Ahalmen handia dogula uste dot. Etxean daukan arrakastea begi bistakoa da; kanpora eroaten be hasi da... Mobimentu handia dago esportazinoei jagokenez, eta jente asko dabil horretan. Guk hori denporaz hartu beharko dogula uste dot. Gero eta mahasti gehiago daukaguz, eta ez dakit noraino ailegauko garen... Dana dala, esportazinoa inportantea dala pentsetan dodan arren, nire eretxiz, inportanteena produktu ona ateratea da, eta zure inguruan onartuta egotea. Azken hori ez da bape erreza. Txakolin mota bi ekoizten dozuez: bata urtekoa da, zabalen dabilana; eta bestea, barrikan hartzitutakoa. Zelango berezitasunak ditu azken horrek? Biek antzeko ezaugarriak daukiez, baina egia da barrikan hartzitutakoak usain eta gorputz handiagoak daukazala. Hori lortzeko, prozesu bati jarraitu behar jako, mahatsa beratuz hasten dana. Ostean, hartzidurea barrikan egiten da eta han zaintza batzuk emon behar jakoz. Hartziduraren ondoren, txakolina barrikan ixten da eta emon beharreko zaintzak emoten jakoz, hondar garbiak mobidu... Katea be ezinbestekoa dala esango neuke. Ez dakit “lanbidearen ajea” izango dan, baina hartzidura egiten dagoanean, batzuetan, gosaldu barik nator upeltegira, zentzumenak ondoen dagozan momentua dalako, eta txakolina dastatzen dot, zelan bilakatzen dabilen jakiteko, eta bera hobetzeko zer egin leitekean aztertzeko. Ardaoa mimetea ezinbesteko da. Txakolin zuria ekoizten dozu; 35.000 litro, aurten. Baltza be bere lekua dabil eskatzen. Egia esateko, gustetan jat. Iparraldeko ardaoen antzera, latzagoa da, baina bere ikututxua dau eta gozoa da. Arazoa da ardao baltzakaz, Errioxako ardaoakaz-eta, konpetentzia handia dogula. Ez dakit egunen baten baltza egiten hasiko nazan. Horri pare buelta bat emon eta ondo aztertu beharko dot. Krisialdiak badauka eraginik zuengan be? Krisialdia sektore guztietan dago, baina baikorra naz eta hortik urten egingo dogula uste dot. Aurten oso txakolin gozoa daukagu, prezioak ez doguz mobidu... salduko dogula pentsau gurako neuke. Ikusiko dogu. Bizkaiko txakolina oso maila politean dago gaur egun, eta kanpoan be baloretan da. Nire ustetan, beharrean jarraitu behar dogu; ez dago besterik. Produktu ona egin. Produktu ona ekoizten bada, edonora joan leitekealako: kanpora zein bertora. www.magalartelezamatxakolina.com

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).