Euskararen autobideak hiruzpalau karril/errei ditu

Aikor aldizkaria 2012ko mai. 25a, 09:36

t: Juan Luis Goikoetxea / a: Aritz Albaizar

Euskara, euskara batua baino zabalagoa da. Aiko perpausa polita ideia lausoak gardentzeko. Euskararen autobideak hiruzpalau errei ditu. Berez, urte askotan ez dugu izan autobiderik. Lurraldeka antolaturiko errepide sareak eduki ditugu, Zuberera han, bizkaiera hemen. 1968an Euskaltzaindiak autobide batua zabaldu zuen Arantzazuko harriz. Harrezkero, herri nahiz herrixketatik ibiltzeko ziren bideak ere autobidera jaso ziren. Gaur egun, euskararen autobidea hiru karrileko da: ezkerreko azkarretik euskara batuak dihardu; erdikotik euskalki jasoak, eta eskuinekotik lekuan lekukoak. Ezkerrekotik dute autoa dabil; erdikotik dabe beribila; eta, eskuinekotik, Txorierriko autobidean, deurie kotxea. Zenbaitek gurako lukeena da, lekuan lekuko berbeta autobidetik atera eta kaminora bidaltzea, baina, gaurkoz, herri, nukleo, erregistro batzuetara ez da autobiderik iritsi, lehengo errepide, gurdibide, bidezidorretatik dabiltza. 1968an, euskara batuko auto turboduna abian jarri aurretik, euskal lurretan ziren Frai Bartolome Merzedesa, Kardaberaz Volvoa eta Axular Rolls Roycea. Zergatik litzateke onuragarri euskara batuko autoak besteei esatea: Zaudete geldi! Darraitela hirurek. Geroak esango du karril bakoitzak noraino eta nola iraungo duen ze, idatziak idatzi, ahozkoa irakasle borondatetsu eta filologo jakitunak uste baino konplexuago eta iraunkorrago da, zorionez. Ez dezagun behin ere ahaztu, edozelan ere, autobidean erdarek gainetik pasatzen gaituztenean, euskal gidariok tuneleko argiak piztu beharko ditugula.