Suak bizirik dirau Sondikan

Aikor aldizkaria 2012ko mai. 25a, 09:49
a: Juanjo Ortiz
San Joan gau magikoa da, eta su garbitzaileak protagonismo berezia du. Aurten ere su inguruan bilduko dira sondikoztarrak, baina data horren inguruan ere ekitaldi sorta zabala edukiko dute, jai batzordeak egitarau oparoa antolatu baitu herriko jaietarako. Jaiei barikuan emango diete hasiera, iluntzeko 8 eta erdietan. Baina, motorrak berotzen hasteko, umeentzako eta gaztetxoentzako ekimenak egingo dira aurreko orduetan. Era berean, aipatu beharra dago Pentagrama elkarteak soinuen emanaldia eskainiko duela eguenean. La pegatina eta Izargi taldeak musika jarriko diote barikuko gauari. Zapatua egun nagusia izango da Sondikan. Besteak beste, Pintura Lehiaketa, gazta eta txakolinen dastatzea, eta bilbainadak egongo dira goizean, eta Padel Txapelketaren finalaurrekoa eta finala jokatuko dira arrastian. Padel Txapelketa lehenengo aldiz antolatu da aurten, eta KO erara izango da. Adierazitakoaren arabera, partidak ekaineko asteburuetan egingo dira Artebe kiroldegian, eta bikote irabazleek baino ez dute jarraituko txapelketa barruan. Hau da, partida bat galtzen dutenak kalera joango dira. Partida bakoitzean, hiru set jokatuko dira. Txapeldunek garaikurrak eta kirol materiala jasoko dituzte saritzat; eta kirol materiala, txapeldunordeek eta hirugarren postuan lotzen direnek. Balkoi Apainduen Txapelketa ere lehenengo aldiz antolatu dute aurten Sondikan. Ekainaren 1etik 6ra bitartean eman behar da izena liburutegian. Hilaren 9an, 09:00etatik 14:00ak arte, erakustoki bat jarriko da Goiri Erdikoa plazan, eta han jasoko ahal izango dira doan balkoietan ipini beharreko loreak. Parte-hartzaile bakoitzak zenbaki bat idatzita duen txartela jasoko du, eta balkoian jarri beharko du txartel hori, ageriko leku batean. Balkoiak hilaren 18tik 20ra bitartean egon beharko dira amaituta, epaimahaiak egun horietan aztertuko dituelako. Guztira, lau sari emango dira, eta kategoria bi hartuko dira kontuan. Lehenengo kategorian familia bakarreko etxebizitzak eta etxe atxikiak sartuko dira. Irabazleari 150 euroko diru-txartela emango diote sari; eta 100 euroko diru-txartela, bigarrenari. Etxebizitza-blokeak beste kategoriaren barruan izango dira. Kasu honetan ere 150 euro jasoko du irabazleak; eta 100 euro, bigarrenak. Diru-txartelak herriko dendetan gastatu beharko dira. Elementu estetikoak Balkoi irabazleen argazkiak ekainaren 23an jarriko dira ikusgai Udaletxeko balkoian. Sariak ere egun horretan emango dira. “Lehiaketa honen bidez azpimarratu nahi dugu zein mesedegarria den balkoiak apaintzea, herriaren elementu estetiko garrantzitsuak direlako”, adierazi dute Udaletxean. Sua piztu baino lehen, txahal-okela dastatzeko aukera egongo da zaindariaren egunean; txingarrak oraindik piztuta daudela, dantzaldia Akerbeltz taldearekin. Gau biziaren ostean, domeka goiza etorriko da; jaien azken egunaren goiza, alegia. Haurrentzako jolas-parkea egongo da, eta fanfarre batek herriko bazterrak girotuko ditu. Eguerdian, herri bazkaria egingo da, eta bazkalostean, Mus Txapelketa. Gorantzaileak taldeak dantza-agerraldia eskainiko du, eta jaiak hasi bezala amaituko dira: petardoen soinuarekin. Jai-egitaraua Ekainak 21, eguena 19:30: Pentagrama Kultur elkartearen emanaldia, Kultur Etxean. Ekainak 22, barikua 16:00-19:30: Disko-festa, Gorondagane ikastetxeko Guraso Elkarteak antolatua. 19:30: Bigantxak. 20:30: Txupinazoa. 21:00: Tortilla txapelketa. 23:30: Kontzertua: La pegatina. 01:00: Berbena: Izargi. Ekainak 23, zapatua 09:00-11:00: Pintura Lehiaketa. 11:30: Kalejira, Elaiak txistu taldearen eskutik. 12:00: Idiazabal gazta eta Bizkaiko txakolinen dastatzea. 12:30: Apar-jaia. 13:00: Bilbainadak, Los Txikis taldearekin. 16:00: “Jon Deuna” I. Padel Txapelketa: finala eta finalaurrekoa. 18:00: Dantzateke, umeentzako dantzaldia. 18:30: Tiragoma Lehiaketa. 20:00: Balkoi Apainduen Lehiaketaren sariak ematea. 21:00: Txahal-okelaren dastatzea. 23:00: Suak. 23:30: San Joan sua. 00:30: Berbena, Akerbeltz taldearen eskutik. Ekainak 24, domeka 11:00-15:00: Haurrentzako parkea. 12:00-15:00: Fanfarrea. 12:30: Meza eta aurreskua. 13:30: Kopaua, jubilatuentzat. 15:00: Sukalkia. 16:30: Mus Txapelketa. 18:00: Euskal dantzen agerraldia, Gorantzaileak dantza taldearen eskutik. 19:30: Dj Xaibor. 22:00: Petardo-sorta.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).