Atlasen semea

Aikor aldizkaria 2012ko mai. 25a, 12:56
t: Gaizka Eguskiza / a: R.G.
Greziako mitologian, titanak gizonezko jaungoiko boteretsuak ziren. Haietako bat Atlas izan zen, eta gaur egun Marokoko mendi-kateak hartu du bere izena. Eta non eta bertan egiten da urtero Titan Desert txirrindularitza lasterketa. Esaten da bizikleta arloko Dakar rallya dela, eta normalean oso txirrindulari ospetsuek hartzen dute parte, adibidez Roberto Heras edo Óscar Pereiro. Baita 49 urteko Rubén Glera zamudioztarrrak ere, eta poz-pozik itzuli da. “Esperientzia zoragarria izan da, eta oso gogorra ere bai”, adierazi du. Rubének 600 kilometro inguru egin ditu Saharako basamortuan, sei egunean, hau da, 100 kilometro egunean. “Nik primeran pasatu dut, ez dakit masokista naizen, hainbeste sufritu dudalako. Fisikoki ondo ibili naiz. Lehenengo egunean gihar bikiak igo zitzaizkidan, baina masajistak esan zidan hegaldiaren ondorioa izango zela ziurrenik. Horretaz aparte, ez dut izan arazorik, ez zorabiorik, ez beherakorik, ezta zauririk ere, beste txirrindulari askori gertatu zaien moduan. Eta gero eta hobeto sentitu naiz. Oso ondo bukatu nuen lasterketa, eta egun gehiago iraun balu, agian irabaziko nukeen (kar, kar)”. Azkenean, 108. postuan amaitu zuen Rubének (415 txirrindularik hartu zuten parte). Arazo fisikorik ez, baina hainbat oztopo mekanika arloan, ordea. “Etapa batean hiru zulaketa izan nituen eta kamara apurtu egin zitzaidan. Ordubete eman nuen geldirik eta oso etsita ibili nintzen. Erratz-autoa gertu nuen eta lasterketa uzteko zorian egon nintzen, baina azkenean bizikleta konpondu eta aurrera jarraitu ahal izan nuen”. Matxurak direla-eta, sailkapena alde batera utzi behar izan zuen Rubének eta bere burua gainditzeari ekin zion. Esate baterako, bosgarren etapan gogor ibili zen eta onenen artean bukatu zuen, 55. postuan, alegia. Giro ederra Rubenentzat luzeak izan ziren egunak basamortuan. Goizean goiz-goiz altxatzen zen (05:00etan), gosaltzeko eta etapa behar den moduan prestatzeko (ura hartu, sinadura-kontroletik pasatu...). Lasterketa 08:00etan hasten zen eta normalean 14:00-15:00ak arte luzatzen zen. “Geroago bazkaltzen nuen, goserik izan ez arren”, eta arratsaldean masajea eta atsedena hartzen zituen. “Askotan lehiakideekin ibiltzen nintzen. Lasterketan bizi dituzun uneak oso gogorrak dira, eta, ondorioz, gure arteko harremanak, askoz sakonagoak”. Titan Desert lasterketa erronka handia da eta parte-hartzaile gehienek abentura ederra izango balitz moduan hartzen dute. Inguruko errealitatearen berri hartzeko denbora ere izan dute. “Oso hunkigarria da Saharakoak zelan bizi diren ikustea. Ni kexaka ibili nintzen arazo mekanikoak izan nituelako, baina etapa bukatzen zenean nahi beste janaria hartzeko aukera nuen, baita dutxa edo ura ere. Denetarik nuen; eurek, ordea, ezer ez. Umeak bidearen alboan jartzen ziren eta eskua luzatzen zuten guk bostekoa emateko. Eta egiten genuenean, poz-pozik jartzen ziren. Pribilegiatuak gara eta hara sasi-oporretan joaten gara”. Ildo horri jarraituz, Rubének erabaki du Saharari laguntzeko programa batean parte hartzea. Programaren bidez mendiko bizikletak bidaliko dituzte hara. Aurtengo erronka bukatu egin zaio Rubéni, baina datorren urtean berriro itzultzeko asmoa du. Atseden hartzeko denbora handirik hartu gabe, bizikletaz ibiltzen hasi da berriro. Elkarrizketaren egunean Rubének 60 kilometro zituen eginda. Ez du bere burua heroitzat edo titantzat hartzen, baina badaki “zerbait berezia” egin duela. Eta hori saritzeko herrikoek harrera egin zioten aireportuan, eta hurrengo egunean, bazkaria. “Horrek esan nahi du maite nauten lagunak eta senideak ditudala, eta hori nahikotxo da”. Titanak jaun eta jabe ibili ziren Urrezko Garaian, Greziako mitologiaren arabera. Rubének euren lekukoa hartu du, Atlasen seme duina da.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).