Literaturiatik Euskal Herrira

Aikor aldizkaria 2012ko mai. 29a, 11:19
Ekainaren 1etik 3ra bitartean literaturea kalera aterako da Larrabetzun, eta horretarako, berbea, dantza, poesia, musikea, antzerkia... erabiliko ditu hedatze-bidetzat. Literaturia euskera hutsezko literaturaren agertokia da eta aurten laugarren aldiz egingo da. Larrabetzu zein Txorierriko mugak gainditu eta topagune bihurtu da Euskal Herri osoko irakurle, idazle eta argitaletxeentzat. Besteak beste, Literaturia egitasmoak helburu honeek ditu: urteko lehen sei hilabeteetan argitaratutako euskerazko liburuak solasaldietan hizpide izatea, euskerazko literaturea ikusgarri egitea, herritarrak literaturak adierazoteko dituan genero zein formatu guztien jakitun egotea, euskeraz idazten daben idazleek irakurleakaz hartu-emon zuzena izatea, eta literaturarako zaletasuna bultzatzea. Halan, Larrabetzuk alde guztietatik arnastuko dau literaturea hiru egunean zehar. Liburuen aurkezpenak, antzezlanak, mahai inguruak eta musika ikuskizunak egingo dira, eta euskeraz plazaratzen daben argitaletxeek erakusleihoak ipiniko dabez plazan. Estepan Urkiaga Lauaxeta idazleak protagonismo berezia eukiko dau aurtengo ekimenean. Lauaxeta: ez zuten poeta fusilau musika eta poesia buztartzen dituan ikuskizuna ekainaren 1ean egingo da. Han hainbat lagunek hartuko dabe parte: Gari, Mikel Urdangarin, Rafa Rueda, Anje Duhalde, Ane Zabala eta Edorta Jimenez, esaterako. Horrezaz gainera, idazleak Gernikan atxilotu ebanean jantzita eroan gabardinea erabili dabe Literaturiaren aurtengo edizinoa igarteko kartelean. Literatura azokaren aurreko egunetan be ekitaldiak izan dira Larrabetzun. Edadekoek kontautako ipuinak grabau eta hareen emonaldiak eskaini dira. Antzezlan didaktikoak antolatu dira eskolako 5. eta 6. mailetako ikasleentzat, eta euskerazko liburuen azalak sortzeko ekimena sustatu da. Era berean, Book-trailer lehiaketa jarri da martxan Tximitx Derioko euskera alkartearen eskutik. Egitaraua Larrabetzu eta Txorierriko mugak gainditu eta argitaletxe batzuk liburu barriak aurkeztuko dabez Donostian. Durangoko Azokaren haritik, Askara zikloa sortu da. Lau mahai-inguruk osatutako ekimena da hori eta euskal kulturgintzaren inguruan hausnarketarako gune barria zabaltzea dau helburu. Lehenengo mahai-ingurua Larrabetzun izango da maiatzaren 31n. Han “Zergatik ez da ikusgarria euskal kultura hedabideetan?” gaia izango dabe hizpide. Saioa arratsaldeko 7:30ean hasiko da Anguleri kultur etxean. Beste saioak Azpeitian, Donostian eta Gasteizen antolatuko dira. Emaitzak Durangon kaleratuko dabez. Ekimena euskal lurralde osora zabaltzeko literaturia.org webgunea indartuko dabe, eta bertan informazino orokorra emongo dabe egitasmoari buruz eta parte hartzeko moduei buruz. Blogak, twiter, facebook eta abarreko erremintez be baliatuko dira. Gainera, egitasmoa interneten bidez zuzenean ikusteko aukerea egongo da, eta edozein personak edozein lekutan dagoala jaso ahal izango dau Literaturian gertatzen danaren barri. Zuzeneko emisioa lehen aitatutako webgunetik egingo da. Antolatzaileak Literaturia Literatura Eskolaren baitan sortutako ekimena da. Literatura Eskola orain dala bederatzi urte jarri zan martxan Larrabetzun, sustatzaileek euskerazko literaturaren zein munduko literaturaren gainean gehiago ikasi eta ezagupenak alkartruketea helburu ebela. Azaldutakoaren arabera, urte honeetan 250 lagun eta 55 bat hizlari pasau dira eskolatik, eta 70 gai euki dabez hizpide. Gainera, lehenengo hiru urteetan eskolak Larrabetzun izan baziran be, Euskal Herriko herrialde guztietan izaten dira gaur egun. “Literatura mundua eta bizitza ulertzeko beste bitarteko bat dala uste dogu, eta hizkuntzaren lanketarako tresna izan daitekeala ahaztu barik; batez be eukiak lantzeari emon gura deutsagu garrantzia. Euskerazko literaturea ezagutu, gorde eta zabaltzeko ahaleginean ezinbestekoa da eragile guztion alkarlana”. Halan, bada, Literaturia ekimenaren antolatze beharretan herriko hainbat alkarte eta talde be badabilz Literatura Eskolakoakaz batera: Udala, liburutegia, Arrekikili euskera alkartea, Hori bai gaztetxea, Txinpasmendi gurasoen alkartea, Gurpide alkartea, Larrabetzu.org blogariak eta Uritarra futbol eskola. Ekainak 1, barikua 10:00: Idazlea zeu zara, irakurtzen dozulako umeentzako antzezlana, Anguleri kultur etxean. 22:00: Lauaxeta: Ez eben poeta fusilau ikuskizuna. Plazan. Ekainak 2, zapatua 10:00-11:30: Euskal Herriko irakurle taldeen arteko mahai-ingurua, 111 Akademiaren gidaritzapean: Nork erakusten deusku zer irakurri? Zeren arabera hautatzen ditugu liburuak? 11:30etik aurrera: Liburu barrien aurkezpenak. 12:00: Literaturiatxua (umeentzako egitaraua). 12:00-14:30: Liburuen aurkezpenak, Anguleri kultur etxean. 15:00: Bazkaria, eskolan. 18:00: Literaturiatxua: Leihotik mundura antzezlana, Hori Bai gaztetxean. 18:30: Xentimorik gabe antzezlana, plazan. 20:30: Xabier Montoyaren emonaldia, plazan. 23:00: EH3 kolektiboak Koldo Izagirreren Teilatuko lizarra liburuko letrekin osatutako hip hop emonaldia. Hori Bai gaztetxean. Ekainak 3, domeka 10:00-11:30: “Idazlearen eta irakurlearen artean, itzultzailearen itzala” mahai-ingurua. 12:00-14:30: Liburuen aurkezpenak, Anguleri kultur etxean. 12:00: Literaturiatxua (umeentzako egitaraua). 15:00: Herri Bazkaria. 17:30: Bertso-trama literarioa, plazan. Igor Elortza eta Jon Maiaren eskutik. 18:00: Literaturiatxua (umeentzako egitaraua). 19:00: Poesia errezitaldia, Hori Bai gaztetxean. Iñigo Astiz, Ione Gorostarzu, Urtzi Urkizu, Ainhoa Unanue eta Eric Dicharry. 20:30: Mugaldekoak taldearen emonaldia, Hori bai gaztetxean.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).