Argia Pujana, flauta-jotzaile: “Ez dot uste musi

Aikor aldizkaria 2012ko mai. 29a, 11:56
Jotzeko eta ondo pasetako, Brahms eta Shostakovich konpositoreen edozein sinfonia hartuko leuke. Eta jo dauen lekurik ikaragarriena Leipzigeko Gewandhaus auditorioa izan dala dino. Musikak Txorierritik kanpo eroan dau lezamar hau: Alemaniara, lehenago; eta Bartzelonara, geroago. Argia konde-urian harrapau dogu. Bartzelonara 2006. urtean ailegau zan, Alemanian zazpi urte emon ostean. Juan Crisostomo de Arriaga Bilboko kontserbatorioan flauta ikasketak bukatu eta beka bat lortu eban heziketea Freiburgeko kontserbatorioan osatzeko. Handik Karlsruhe urira joan zan, ikasten jarraitzera. Uri hatan emondako azken urtean irakasle ibili zan Pedagogia Goi Eskolan. “Gurasoek egundoko pazientzia euki dabe nigaz. Aitak unibersidadera joatea gura eban; nik, ez. Eta batzuetan damua azaltzen da, hau oso mundu gatxa dalako... Baina merezi dau, bizimodu ederra be badalako, eta bizipen asko emoten deutsuzalako. Benetan, ez dot uste musikan aritzea baino ogibide hoberik dagoanik”. Argiak probak egin zituan Bartzelonako Lizeoko Akademia-orkestan sartzeko, eta han bekadun aritu zan 2009. urtera arte. Gaur egun, Valléseko Orkesta Sinfonikoko kolaboratzailea da, eta flauta eskolak emoten dauz ikastetxe pribadu baten. Horrezaz ganera, beste lau lagunegaz batera Innova Ensemble haize-boskotea osatzen dau. “2008. urtean, Lizeoan joten genduala, sortutako taldea da eta kontzertu asko emoten doguz. Lehengo urtean, adibidez, Getxoko Udabarriko Kontzertuetan hartu genduan parte. Multikulti gara, tronpa-jotzailea Poloniakoa dalako; klarinete-jotzailea, Alacantekoa; eta fagot-jotzailea, Venezuelakoa. Oboe-jotzailea eta biok euskaldunak gara”. Gustura dago Bartzelonan, bikoteagaz, eta momentuz han gelditzea gustauko litzakio. Uri handi baten bizitzeak aukera handiak dakarzala dino: kultura, jentea, ikuskizunak... “Baina kutsadurea be bai. Orain dala gitxi Lezaman izan naz; ha bai aire ederra!”. Behar arloan be, Bilbon baino aukera gehiago dau Bartzelonan; Alemanian baino aukera gehiago be bai. “Euki dodazan barrien arabera, hango orkesta asko ixten dabilz, edo alkarregaz fusionetan”. Krisialdiaren eragina? “Nire ustez, krisialdia atxakiatzat erabilten da, kultura arloan murrizketak egiteko. Kulturea eta pentsamentua hain inportanteak ez dituan gizartea eregi gura dabe, produktibidadeari garrantzia emonda. Eta gizaki egiten gaituen guztia –kulturea, zientzia, galderak egitea, sormena...– alboratu gura da. Musikea kulturaren zatia da, eta gure kulturea eta historia galtzen badoguz, nortasuna be galdu egingo dogu, eta lehen egindako akatsak errepikatu egingo doguz”. Poztasun handiz gogoratzen dauz Alemanian bizi izandako urteak, eta hango egunerokotasuna eta Bilbokoa oso antzekoak dirala esan deusku. “Lagun asko egin nituan han. Are gehiago, askoz errazagoa izan zan Alemanian lagunak egitea Bartzelonan baino”. Erne Heziketa klasikoa jaso dau Argiak eta, aurreko lerrootan aitatutakoetatik aparte, musikari ibili da hainbat proiektutan; Les Fêtes Joyeuses Freiburgeko taldean, esate baterako. Egitasmo modernoagoetan be hartu dau parte: The Opera Show eta Los miserables. “Ikuskizun modernoak egitea dibertigarria eta aberasgarria badira be, klasikoak gurago dodaz. Musikal baten, adibidez, 100 emonaldi baino gehiago egin daitekez, eta gauero gauza bera errepikau. Kontzertu klasikoari jagokonez, barriz, astero aldatzen da programea eta partitura barriei egin behar deutsezu aurre, zuzendari barriari... eta horrek erne mantentzen zaitu”. Dana dala, bizi doguzan uneak kontuan hartuta, beharra eukite hutsa pozik egoteko modukoa da; musika munduan be bai. “Hemen ez dago kontratu finkorik, eta erakunde publikoetan lan egitea oso gatxa da gaur egun”. Orain arte suertea izan dauala esan deusku. “Behar batzuk probetara neure burua aurkeztu eta hareek gainditu ditudalako lortu dodaz. Baina suertea be oso inportantea da: norbaitek ezagutzen dau zure izena eta musikal bat egiteko deitzen deutsue, eta urte osoan dozu beharra... baina, noski, hurrengoan zer gertatuko dan ez dakizu”. Horregaitik ez da ausartzen epe luzerako planak egitera, beharbada. “Nonbaiten behar finkoa bilatu gura dot, inoiz familia sortu gura dodalako, eta egonkortasuna behar da horretarako. Baikorra nazen arren, gatxa ikusten dot gaur egun, eta uste dot inprobisetan jarraitu beharko dodala”. Musikea ogibide eta grina dau Argiak. Mundu haregaz oso gaztetxoa zala euki eban lehen harremana. Ahiztak pianoa joten eban, eta bera be saiatu zan; baina konturatu zan ha ez zala bere instrumentua. “Nik flauta edo fagota jo gura neban. Ikaslea nintzan Larrabetzuko Musika Eskolan eta 11 urte nebazala flauta irakaslea hartu eben. Instrumentuagaz saiatu nintzan eta berehala konturatu nintzan neurea zala”. Musikari klasikoa da, musikea maite dau eta izugarri disfrutetan dau joten. Lerro honeetatik musika klasikoaren alde egin dau. “Jenteak gauza aspergarria dan ustea dauka, edo halan esaten jako. Eta bai, egia da protokolo bat dagoala eta isiltasunean entzun behar dala, baina beste esperientzia mota bat da. Arazoa da ez dogula behar beste publizidaderik. Musika klasikoa aurreretxi barik entzunez gero, gauza ikaragarriak topauko doguz”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).