Literaturea ikusgarria izan da Larrabetzun

Aikor aldizkaria 2012ko eka. 22a, 15:22
Argazkiak: Idoia Andres
Larrabetzu irakurle eta idazleen topagune bihurtu da barriro, Euskal Herriko bazter guztietatik etorri diralako ekainean Literaturia ekimena dala eta. Asteburu oso batez atera ditue letrak kalera, eta girotu dabe herriko bizitzea. Literaturea herritarrengana hurbildu da, eta herritarrak, literaturara. Antolatzaileak pozik azaldu dira izandako erantzunagaz. “Aurtengo Literaturia polita eta emonkorra izan da. Euskera hutsezko produkzinoen barri emoteko sortu genduan, eta gure hizkuntzea eta kulturea ahalik eta jente gehienera helarazoteko. Beraz, erantzuna dagoan heinean, pozik gagoz. Baina beti beharrean, gure kultur ondareak zabaltzeko ahaleginetan. Presa barik, baina ekinean”. Ekimena laugarren aldiz antolatu dabe aurten, eta bertaratu diranek literaturaz hainbat modutan gozatzeko erea euki dabe. Izan be, adin eta gustu guztiei zuzendutako egitarau oparoa eta erakargarria izan da hiru egunez. Aurten, Estepan Urkiaga Lauaxeta idazleak izan dau protagonismo berezia. Egitarauaren barruan izan dira solasaldiak, mahai-inguruak, poesia errezitaldiak, antzerkia, bertso tramea, hip hop abeslariak, kontzertuak, gazteek Mikel Zarateri eginiko omenaldia, AEK-ko lagunek prestautako ipuin antzeztua, umeek marrazturiko liburu azalen erakusketea, liburu aurkezpenak... “Emonaldiak sendotu egin dirala esan daiteke, azken urteotan bezala, guztietara jente ugari hurbildu dalako. Kalidadea egon da eta parte-hartzea be nabaria izan da”. Halan, karpea lagunez bete zan Lauaxeta idazlearen omenezko ikuskizun zoragarria ikusteko, eta irakurle talde asko, “igaz baino gehiago”, batu ziran hareei zuzendutako eztabaida-gunetan. “Halako gauzei balio handia emoten deutsegu”. EH3 hip hop taldeak Koldo Izagirreren testu baten inguruan eginiko moldaketeak be ikusmin handia sortu eban, eta nagusientzako antzerkia be ikusleen gustukoa izan zan. “Programeari jagokonez, balorazinoa ona da, oro har. Halanda be, duda barik, azokea da indartu beharreko puntu nagusia. Literaturiara argitaletxe asko etorten dira, hareen ahaleginak egiten dituela, eta, eskaintza oparoa egon arren, azokara ez da jente larregirik hurreratzen. Eremu hori landu behar da, jentea euskal produkzinora hurbiltzeko, eta hataz gozau eta konpartitu daien”. Ezaugarri bereziak Larrabetzuko Literatura Eskolak orain dala lau urte jarri eban martxan Literaturia ekimena hainbat helburugaz: urteko lehenengo hilabeteetan argitaratutako liburuak solasaldietan hizpide izatea; euskerazko literaturea ikusgarri egitea, literatureak adierazoteko dituen genero eta formatu guztien jakitun ipintea herritarrak, idazle eta irakurleen artean hartu-emon zuzena sustatzea, eta literaturarako zaletasuna bultzatzea. Literaturia ekimen berezia da, beste azoka batzuek ez daukiezan ezaugarriak dituana. Euskera hutsezko literaturea ardaztzat dauen egitasmo bakarra da Euskal Herrian, eta literaturazaleek eurek antolatutako ekimena da, euren beharrizanak, gabeziak eta jakingurak asetzeko. Era berean, eragile askoren ekarpena jasoten dau: irakurleak, idazleak, hezkuntzan dabilzanak, erakunde publikoak...; eta literaturearen adierazpide guztiak ipinten ditu erakusgai: liburua, musikea emonaldiak, irakurraldiak, bertsoak, gogoetak, mahai-inguruak, antzerkia... Bertan herritar guztiek, txikiek zein nagusiek, badaukie zer ikusi eta zertaz gozau. Literaturea mundua eta bizitzea ulertzeko beste bitarteko bat dala dinoe, baita hizkuntzea lantzeko tresnea be. Euskerazko literaturea ezagutzeko, gordeteko eta zabaltzeko ahaleginean eragile guztien alkarlana joten dabe ezinbestekotzat. “Alkarlana behin eta berriro eskertu gura dogu, ahalegin handia eta parte-hartzea handia egon dalako lagun guztien partetik. Herriko alkarteen laguntasuna eskertu gura dogu, baita norbanakoengandik jasotako laguntasuna be. Doazala esker onak, Literatura Eskolarentzat eta Larrabetzu herriarentzat”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).