Zapoak eta sugeak erre?

Aikor aldizkaria 2012ko eka. 22a, 15:41

t: Juan Luis Goikoetxea / a: Aritz Albaizar

“Zapoak eta sugeak erre, erre! Artoak eta gariak gorde, gorde!” Kanteu ohi da gure artean. Baina zer dinogu? Behin honezkero ez da garirik Txorierrin; abestiko letra horrek XX. gizaldia dakarsku gogora. Eta zapoak eta sugeak erre? Aranzadi Zientzia Elkarteko Herpetologia Behatokiak dinoanez, arriskuan dira euskal kostaldean -hots, Azkorrin (Getxon) eta Txingudin (Irun-Hondarribia)- bizirik diran zapo lasterkari mota biak. Ganera, zapo-sugeak bide gurutzeetan erre? Geldoetan sorginkeriagaitik almohada barruan formatzen ziran oilaskoak bidegurutzean erretzen ziran. Lapurdiko Sara herrian, bidegurutze batean egiten dabe sua San Joan bezperan. Gaur egun, baina, lehen bide gurutze ziran leku asko biribilo dira, rotondaz bete gaitue-eta. Halanda ze, aldatu egin dira gari-artoak; zapo-sugeak eta bide gurutzeak. Erretzekotan, orduan, zelako zapoak edo apoak erre? Ez deutsu inoz inork “zapo hori!” iraina jaurti? Ba, irain latza zan euskaldunak euskaldunari botatzeko. Ze, Larrabetzuko LITERATURIE inguruko ospakizun bizi-bizian kontu kontari genbiltzala, aitatu neban zapo asko iruntsi behar dala talde-lanetan-eta jardun ezkero, eta ondorioz, San Joan egunean ez jakula geratzen zaporik surtara botateko. Bat-batean argitu euskun Mari Felik, ondo legokeela urte guztiko zapo-sugeok San Joan gauean kanpora botatzea, suak garbitu deiskuzan. Egia esan, era horretara uxatu egingo geunke sorginkeria, malefizioa, geuregandik. Ohiturari jarraituz, eskegi daigun leizarra lora sortaz apaindurik etxeko atean eta sartu daigun solo erdian. Dantza gaitezan suaren inguruan; egin daigun jauzi, kantatuz: San Joan Bagilea zapo-sugeakaz akorde, artoak eta gariak gorde!