Roberto Martinez, kolonbiarra: “Arazo barik egok

Aikor aldizkaria 2012ko eka. 22a, 15:42
Ondo gogoratzen du Robertok Txorierrira ailegatu zen eguna: 2001eko ekainaren 16a. Hamaika urte pasatu dira harrezkero, eta kolonbiarrak bere bizitza egin du berton. Ondo sentitzen dela esan digu, erabat integratuta. Gaur egun, Sondikako Jubilatuen Etxeko tabernaren arduraduna da. Zergatik erabaki zenuen Kolonbia uztea? Nire semea, Juan Sebastián, oso gaixorik zegoen eta ebakuntza zehatz bat behar zuen. Kolonbian ez zegoen baliabiderik ebakuntza hura egiteko. Lagun bat genuen Estatu Batuetan eta han saiatu ginen, baina garestiegia zen: 60.000 dolar, hain zuen ere. Gurutzetan saiatu eta aukera eman ziguten. Semea eta emazte ohia etorri ziren hona, baina arrisku handiko ebakuntza zen eta medikuek ni ere etortzeko eskatu zuten, baimena sinatzeko. Ebakuntza arrakastatsua izan zen, eta nire semeak 14 urte ditu gaur egun. Osasun arloko arrazoiak ekarri zintuen hona; hala ere, zaila izan zen zure herria utzi behar izatea? Nik ez nuen nire sustraietan pentsatu; nire semearen osasunean baizik. Semea dena da niretzat, eta aita naizen heinean, nire esku zegoen guztia egin behar nuen, berak aurrera egiteko. Zergatik Sondikara? Koinata ohia hemen zegoen, eta berak lagundu zigun ebakuntzarako behar genuen guztia egiten. Pozik nago berton, nire beharrizanak betetzeko beste baliabide dudalako. Lagun handiak ditut eta herriko jendeak estimatzen nau. Hemengo kulturara arazo barik egokitu naiz eta banoa aurrera egiten. Beraz, bertora egitea ez zitzaizun asko kostatu... Emigrazioa onartuta dudan gauza da, Venezuelan eta Panaman ere bizi izan naizelako. Hona ailegatu nintzenean, nire balioak erakutsi nituen eta jendeak maite nau. Jubilatuen etxean 10 urte daramatzat. Bertoko taberna hartu ahal izateko, nire egoera erregularizatu behar izan nuen eta autonomo bihurtu. Sondikako enpresa batek sei hilabetean kontratu ninduen, horrela egin ahal izateko. Nik beti uste izan dut kotizatu behar zela, nire semeagatik eta etorkizunera begira, ziurtasun bat izateko. Zertan egiten zenuen lan Kolonbian? Industria-segurtasun arloko arduraduna izan naiz, petrolio-enpresa batean. Farmazia sektorean ere lan egin dut mediku-bisitari, eta taxi bat gidatu dut. Semea aurrera ateratzeko beharrak lan horietan aritzera bultzatu nau. Osasungintza pribatua da Kolonbian. Herriaren gaurkotasunari jarraitzen diozu? Bai, Interneten bidez dut nire herriaren egoeraren berri. Hango politikak eta Europakoak ez dira berdinak. Segurtasunik falta dago Kolonbian eta hori lanik ez dagoelako ere bada, ezberdintasun handiak daude pertsonen artean... Eta azken batean, han eta hemen, guztiok egiten dugu borroka, bizitza duina izateko eta gure eskubideak izateko. Inoiz Kolonbiara bueltatzea gustatuko litzaidake, semea nagusia denean. Eta, noski, berton eraman dudan bizitza eta lortu dudana gutxietsi barik. Zer deritzezu krisiari eta gobernu zentralak ezarri nahi dituen murrizketei? Oraingoz, krisiak ez du eraginik niregan. Ordutegi zorrotza dut, eta ez dut denborarik irabazten dudana xahutzeko. Murrizketei dagokienez, ez direla bidezkoak pentsatzen dut. Osasunik eta kulturarik ez duen herria ez delako ezer. Oinarrizko eskubideak dira horiek. Politikariek txarto egiten dutena herritarrek ordaindu behar dute. Eta hori han eta hemen gertatzen da, herri guztietan. Horregatik ez naiz ondo konpontzen politikariekin. Zelan ikusten duzu etorkizuna? Beti baikortasunarekin. Mentalitate baikorra dut, eta hari eta nire lanari esker beti lortu izan dut aurrera egitea. Era berean, babes handia jaso dut lagunengandik. Ez naiz inoiz diru-laguntzetatik bizi, ez zait gustatzen. Dudan guztia nire ahaleginari esker izan da.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).