Oskar Benegas, idazle berria: “Historian arakatz

Aikor aldizkaria 2012ko uzt. 24a, 13:54
argazkia: Ainhoa Arpide
Kondairaren arabera, drakkar batek (haizearen sorgina) Eskoziako printzesa gaztetxo bat ekarri zuen Mundakako kostaldera IX. mendearen hasieran. Hura Oskar Benegas lezamarrak gaztea zela ezagutu zuen istorioa da, eta, hura, hain zuzen ere, hartu du abiapuntutzat bere lehenengo eleberria idazteko: Brujas del viento. Zure opera prima dugu esku artean. Zelan sortu zen hura idazteko ideia? Egia esan, hasiera batean nik beste ideia bat nuen buruan. Erroak Bizkaian antzinatik zituen familiaren istorioa kontatu nahi nuen, eta XXI. mendean bizi den neskari buruz hasi nintzen idazten. Atzera egin nuen denboran, eta neska horrek eta XII. mendean protagonista den mutilak ezaugarri fisiko antzekoak zituztela konturatu nintzen. Eta aspaldian ezagututako kondairaren printzesa eskoziarrak ere ezaugarri fisiko antzekoak zituela. Kondaira idazten nenbilen eleberriaren abiapuntutzat hartzea otu zitzaidan. Izan ere, Brujas del viento askoz handiagoa den eleberri baten zatia da; trilogia baten lehenengo liburua. Guztira 1.200 orrialde dituen eleberria dut idatzita, eta familia baten istorioa kontatzen dut, IX. mendetik XXI. mendera arte. Baina argitaratze-arrazoiak direla-eta zatitzeko aholkua eman zidaten eta lehenengo emaitza Brujas del viento izan da. Berak bakarrik badu nahikoa garrantzia eleberria izateko. Kondaira testuinguru historiko zehatz batean kokatu duzu, zer da fikzioa eta zer errealitatea? Printzesak Hannah Mac-Alpin du izena. Aita Eskoziako erregea zen eta familia barruko gatazkengatik hil zituzten bera, emaztea eta seme-alabak. Hannah bizirik atera zen bakarra da, eta erregearen aldekoek gaztetxoa leku segurura eraman dute. Garai hartako informazioa biltzen ibili naiz, eta ez dut printzesaren izena topatu, baina jakin izan dut orduan Mac-Alpin familiak erreinatu zuela Eskozian. Protagonistari Hannah jarri diot izena, garai hartan ohikoa izan litekeen izena dela pentsatu dudalako. Era berean, IX. mendean, Iberiar Penintsulan zegoen egoera aztertu dut, zein zen erresumarik garrantzitsuena eta abarrekoak. Eta asmatutako pertsonaiak testuinguru horretan kokatu ditut. Lan zehatza eta neketsua. Ez, Historian arakatzea gustatzen zaidalako, geu eta gure ohiturak nondik gatozen jakitea. Gainera, Ainhoa nire emaztea historialaria da eta asko lagundu dit. Eta hainbat akats anakroniko zuzendu ere bai. Liburua zeuek editatu duzue, zergatik hau? Eleberria 2008an hasi nintzen idazten eta 2011n bukatu nuen. Argitaletxeetara jo nuen eta istorioa gustatzen bazitzaien ere, trabak jartzen zizkidaten, apur bat luzea zela... baina ez zidaten benetako laguntzarik eskaintzen. Aspertu nintzen eta albo batera utzi nuen. Egun batean, Ainhoak esan zidan liburua mugitzeko ardura berak hartuko zuela, eta autoedizioko argitaletxeak bilatzen hasi zen. Azkenean, Bubok argitaletxearekin atera dugu liburua. Zelakoak izan dira jasotako kritikak? Onak. Liburu erakargarria dela esan didate. Bigarren orrialdetik aurrera gauza asko gertatzen dira eta ezin zaio irakurtzeari utzi. Pozik? Bai, baina beste diziplina batzuetan gertatzen den moduan, liburua berriro irakurri eta aldatuko nituzkeen gauzak daudela konturatu naiz, beste kutsu bat emango niekeenak... Uste dut egileak ez dituela inoiz liburuak bukatutzat ematen. Trilogiaren beste liburu biak noizko? Goiz da horretarako, lehenengo eta behin, Brujas del viento zelan doan ikusi beharko da. Dena dela, buruan baditut beste istorio bi. Horietako bat ere bada mitologia eta kondairen ingurukoa, gaia izugarri gustatzen zaidalako; eta bestea gaixo batek kontatutako pasadizoa da, Gerra Zibilean gertatu zena. Idazle bihurtu den medikua Oskar Benegas medikua da ogibidez eta bokazioz, eta zaletasunak idazle bihurtu du. Izan ere, haurtzaroa eta gaztaroa liburuen artean gogoratzen ditu Oskarrek. Buruan Hollister familiaren abenturak ditu oraindik, Julio Verneren eta Emilio Salgariren istorioak, bereziki hunkitu zuen El camino Miguel Delibesen liburua, Edgar Allan Poeren kontakizun ilunak, Umberto Ecoren eleberriak... Azaldu digutenaren arabera, istorio txikiak idazteko ohitura du, lana dela-eta, txostenak idatzi behar dituelako. Horregatik, ez zaio batere kostatu “idazluma” hartu eta Brujas del Viento idaztea. Horregatik, eta dituen irakurtzeko zaletasuna eta asmamen handia ere lagungarri izan dituelako. Hala ere, esan digu ez duela idaztea ogibide bihurtzeko asmorik; idaztea zaletasuntzat duela, idaztea eta mendia. Brujas del viento paperean eta formatu digitalean argitaratu da. Liburua edozein liburudendatan eskura daiteke, baina autoedizioa denez, aleak irakurleek eskatu ahala argitaratzen dira. Eskaera egin eta eleberria 24 orduko epean ailegatuko da dendara. Bestetik, formatu digitala Libranda plataformari lotuta dagoen edozein liburudendatan eskura daiteke. http://oskarbenegas.com https://www.facebook.com/Brujasdelviento @oskarbenegas

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).