Euskal artaldean ala erdal artaldean bizi?

Aikor aldizkaria 2012ko uzt. 24a, 13:59

t: Juan Luis Goikoetxea / a: Aritz Albaizar

Hauteskunde hotsak udate beroan entzuten hasi garan unean, barriro beti-betiko atazak plazaratzea gogaikarria be izan leiteke. Dana dala, atsotitz zaharrak dino: Txakurrak non mina, han mihia. Gutariko batzuk giro euskaldunean bizi gara: beharlekua halakoa daukagu; lagunak holakoak eta etxekoak ez edozelangoak. Euskal berben oihartzunean biziteari normal deritxagu. Gu, orduan, euskal artaldekoak gara. Beste batzuk erdal artaldea dira edo erdal artaldean bizi dira: bazkaria erdaraz jaten dabe; txikiteo denporan “aupa Athletic” gora behera, erdaraz edaten dabe. Euren artean bizi diran euskal ardiak be, bekokorroa erdaraz egiten behartzen dabez, nahiz-eta agur, gora Euskadi edo kauen zotz euskaraz erabili. Honeek gure erdal artaldeko dira. Bada hirugarren artalde bat -asko berrogei urtetik beherakoak-, zeinek eskoletan edo ikastetxeetan ibiliak diran arren, buenos días esango deutsuen eta ez inoiz egun on. Eskola orduetan burua euskaraz jorratu deutsie, baina ez bihotza irabazi, zoritxarrez. Eta nonok maite ez bazaitu, zelan eskatuko deutsazu mosua? Bada zorigogorra, norberak egun on esan eta erantzuna buenos dias hartutea gero! Batez be, dakizunean ez dala etorkin ailegeu barria. Azken baten, azken finean, buenos días dinoan horrek, ondo ederto daki guk euskal ardiok ez daukagula ez euskara dakian erreginarik, ez presidenterik, ezta ertzainbururik be. Badaki bildurrak jagoten dauela mahastia.