Eskola eta hezkuntzaren historia batuko dabe Lezam

Aikor aldizkaria 2012ko ira. 20a, 13:05
Datorren urtean 25 urte beteko dira Lezamako gaur egungo eskola eregi zala. Ekainean, ikasturte amaierarako jaialdian, ekitaldi berezia egingo da urteurrenaren haritik, halanda be, aurreko hilebeteetan be hainbat ekitaldi antolatzeko asmoa dago. Horrezaz gainera, dokumentala prestauko da, eta antxinako argazkiak eta bideoak batuko dira. Aitatutako guztiak martxan jarteko, Lezama ereiten taldea sortu da. Taldea honeek osatzen dabe: irakasleak, gaur egungo ikasleen gurasoak eta ikasle ohien gurasoak, ikasle ohiak eta udal ordezkariak. “Gauza asko dagoz egiteko, eta taldeka banatu gara. Talde bakotxak ardura bat hartu dau”, azaldu deuskue. Izan be, behar mardula dabe aurretik. Ekitaldi nagusia gurasoen alkarteak antolatzen dauan ikasturte amaierarako jaialdian egingo badabe be, Gabonetatik aurrera hainbat motatako ekimen izango dira: antzerkia, musika edo kirola, adibide batzuk ipintearren. “Jenteak egitasmoa zein dan jakiteko eta motorrak berotzen hasteko”. Ekitaldiotan gaur egungo ikasleek ez ezik ikasle ohiek eta herriko taldeek be parte hartzea gurako leukie. “Azken baten, herritar gehienok pasau gara eskolatik, eta pasau ez danak loturaren bat edo bestea dau beragaz”. Lezaman, urteetan zehar, hezkuntzak euki dauan bilakaerea jasota ixtea da taldearen beste helburu bat. Egitasmo bi garatuko ditue horretarako: batetik, artxibategia osatzea, eta bestetik, dokumentala ekoiztea. Horreetan eskolaren 25 urteak batuko dituen arren, proiektuak harago joango dira, eta aurreko urteetako materiala topaten be ahaleginduko dira. Ahalik eta luzeen emongo dabe saltua atzera. Dana dala, esandakoaren arabera, etxeko beharrakaz hasi dira, eta uda aurretik ekin deutsie materiala batzen. Batez be argazkiak batu ditue. Hareetako batzuk guda ostekoak dira. Material zaharragoa topetea gatxago izango da, beharbada. “Batzuk gugana etorri dira materialagaz, baina gu be etxez etxe ibili behar izan gara, materiala nork euki eikean genkiala”. Eskolan topautakoa eta lagunek itxitakoa digitalizaten ibili dira, eta argazki batzuei ikutuak emon behar izan deutseez, denporearen poderioz hondatu diralako. Argazkiak ez ezik bideoak eta bestelako materiala be badabilz topaten. Hiru aukera dagoz taldeagaz kontaktuan ipinteko: 94 455 51 19 telefono zenbakia; lezamaereiten@gmail.com helbidea; eta facebook. Topagunea Lortzen dan materiala artxibategi handi bat sortzeko erabiliko da. Argazkiak-eta urteka edo promozioka ordenatuko ditue, bilaketak erraz egiteko. “Materiala ekitaldietan ikusgai jartea be baliteke”. Era berean, materialaren zati bat dokumentalean erabiliko dabe. “Herrian, gitxi gorabehera gerra ostetik gaur egun arte, hezkuntzak zelako bilakaerea euki dauan ezagutu gura dogu. Zelan irakasten eta ikasten zan lehen, zein ikastetxe egon da herrian, zer ikasten zan, zelango materiala erabilten zan, zelango egoerak bizi ziran...”. Halan, laster hasiko dira herritarren testigantza jasoten. “Jenteak oso bizi gogoratzen ditu haurtzaroa eta eskola garaia. Hori abantaila da, detaile guztiak kontau ahal deutsuezalako: tintontzia, idazmahaiak eta liburuak zelangoak ziran, zertan jolasten ziran jolas-orduetan, zer abesten eben...”. Gainera, gai erraza da haren gainean berba egiteko”. “Jente askoren haurtzaroaz berba egiten gabilz azken baten. Oso hunkigarria izango da orain dala urte asko ikusten ez dozun lagunakaz edo ikaskideakaz eta irakasleakaz berriro topetea. Urteurrena topagune be bihurtuko da”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).