Jabier Lertxundi, Itzarri enpresako aholkulari sen

Aikor aldizkaria 2012ko urr. 24a, 11:23

Jabier Lertxundik Ideia batzuk krisi madarikatu hau gainditzeko liburua argitaratu berri du. Liburu horretan, oraingo sistemaren krisiari buruz hausnartu du, sistema hori osatzen duten hainbat arlo aztertuz. Krisia gainditzeko gakoak ere eman ditu liburuan. Liburua www.itzarrikas.net webgunearen bidez eskura daiteke. Krisialdi honetan, gizabanakoarengan ipini duzu arreta. Pertsonok badugu gaitasuna geure erabakiak hartzeko, pentsatzeko, ekintzak aurrera eramateko, beste batzuekin elkartzeko... Baina geldirik gaude krisiaren aurrean. Liburua tresna bat da, hainbat esparruri buruz hausnartzeko, eztabaidatzeko, ondorioak ateratzeko eta konponbideak aurkitzeko. Krisia gainditu nahi badugu, lehenik geure pentsamoldea aldatu behar dugu. Izan ere, estatuek ez ezik gure pentsamoldeak ere baditu zorrak. Zergatik? Helburu edo amets bat dugunean, estatuek eskaintzen dizkiguten baliabideak hartzen ditugulako, beste lagun batzuekin elkartu eta gaiari heltzeko dauden beste aukerak aztertu beharrean. Adibidez? Herri guztietan, edo gehienetan, badituzte hutsik dauden etxebizitza zaharrak. Kontuan izanik zein altu dagoen langabezia-tasa, eta askok ezin dutela etxebizitzarik eskuratu, gai hau eta beraren konponbideak aztertu ahal izango lirateke. Esate baterako, udalek etxebizitzak birgaitzeko enpresak sortu ahal izango lituzkete eta, bide batez, lana eskaini. Gainera, birgaitze lanetan dabiltzanei abantailak eskaini ahal izango litzaizkieke, etxebizitza erosteko. Eta mailegurik eskatu behar izanez gero, banketxe finantzarioa alboratuko lukeen beste eredu baten alde egin liteke. Era berean, trukea oso tresna ekonomiko egokia da eta hura erabiliko ahal izango genuke. Baina ez dugu horrelakorik egiten gure buruaz ez dagoelako halako gauzarik. Krisia gainditzeko, geure pentsamoldeak gainditu behar ditugu, eta, hain zuzen ere, horretan datza liburua. Krisi ekonomikoa ez ezik beste krisi mota batzuk ere aztertu dituzu liburuan: soziala, politikoa, ekologikoa, militarra... Azken batean, sistema bera dago krisian. Antzinako Erregimenaren ostean, iraultza burgesa etorri zen; eta gero, iraultza sozialista. Baina, denborak aurrera egin ahala, ikusi dugu ez direla garatu ez bataren printzipioak, ez bestearen printzipioak. Aitzitik, pertsonak menperatzea helburu izan duten sistemak garatu dira. Eta orain, ekonomia-arloan jartzen dugu arreta, beste arloetan gertatzen dena ezkutatzeko. Arlo horiek guztiek elkarren arteko lotura dute eta, bata konpontzeko, besteak ere konpondu behar dira. Herritarrak hasi dira beste sistema bat aldarrikatzen... Liburuan horri buruz hitz egiten dut, gaur egungo sistema menperatzailearen hipokrisiari buruz. Gure gobernuek halako mugimenduak babesten dituzte Libia edo Siria bezalako herrietan, baina, hemen sortzen direnean, egurra ematen diete. Eta jokabide horren arrazoia ekonomikoa da. Herritarrok protestatu eta aldarrikatu egin behar dugu, ezin diogulako sistemari geure burua saldu. Hala eginez gero, okerrago egongo gara. Bidean kontraesan eta tirabira asko egongo dira, baina nik uste dut herri mugimenduek pixkanaka-pixkanaka lortuko dutela gauzak aldatzea. Krisitik ateratzeko gakoak gure esku daudela diozu, zeintzuk dira gako horiek eta zelan ezarri behar ditugu? Lehenengo eta behin beldurra galdu behar dugu, hark mugatu egiten gaituelako. Hala, arrakastatsuak izan daitezkeen aukerak edo egin nahiko genituzkeen gauzak alboratzen ditugu, etor litezkeen ondorio txarrei beldur diegulako. Behin beldurra galduz gero, harremanak eraiki behar ditugu; aurreiritziak gainditu, gauzak komunean egiteko. Aukerak geure inguruan topatu behar ditugu, beraz. Bai, ni herrietatik, auzoetatik... hasiko nintzateke. Inguruan ditugun baliabideak aztertu eta haiek erabiliko nituzke, negozioa multinazional bati eman beharrean. Adibidez, energia zergatik ekarri kanpotik, gu geure energia ekoizteko gauza bagara? Guk geurea egin behar dugu. Egilea Jabier Lertxundi Bilbon jaio zen 1955. urtean. Soziologian lizentziatu zen UPV-EHUn, eta Ekonomia Zientzietan doktoratu zen unibertsitate berean. Gaur egun, proiektuen koordinatzailea da Itzarri Consulting enpresan. Profesional bezala, zenbait enpresaren zuzendaritzan egin du lan, eta partaidetza-sistema ekonomikoen defendatzaile sutsua da. Aholkulari bezala, ezaguna da erakundeetan pertsonen lidergoa sustatzeko egin dituen ekarpen metodologikoengatik, talde-lana bultzatzeagatik eta pertsonen garapen pertsonal eta profesional sistematikoak sustatzeagatik. Gai sozioekonomikoen inguruko liburuak idatzi ditu; esate baterako, La tecnocracia en MCC (Basandere, 2002), eta La autoalternativa vasca (Basandere, 2008). Era berean, artikuluak idatzi ditu enpresa zein unibertsitate mundurako, eta seminarioetan, konferentzietan eta kongresuetan hartu du parte.