Argazkilaria, lataren atzetik

Aikor aldizkaria 2012ko aza. 22a, 14:08
t: Gaizka Eguzkitza / a: E. F.
Eva Fernández derioztarrak argazkilaritza estenopeikoa lantzen du eta bere irudietako bik akzesita lortu dute D´Artez Arteen ikuste-jaialdian Eva Fernández 33 urteko gazte derioztarra da. Evak Enpresen Administrazioa eta Ekonomia ikasi zituen, eta gaur egun enpresa txiki batean egiten du lan. Zenbakiak eta finantzak ditu ogibide, baina argazkilaritza da haren benetako zaletasuna, eta aisialdian hari ekiten dio txikitatik. “Umetan, aitaren kamera hartzen nuen eta argazkiak ateratzen nituen. Denborak aurrera egin ahala, zaletasunarekin jarraitu nuen eta, 19 urte nituela, Derioko Argazki Taldean (DAT) sartu nintzen”, azaldu digu. Taldean asko ikasi du. Izan ere, beste argazkilari zaletu batzuekin elkartzen da bertan, eta argazkilaritzaren hainbat sekretu eta teknika adierazten dizkiote elkarri. Gainera, bere kabuz ikasteko aukera ere izan du Evak. “Txikitan probak egiten nituen kamerarekin, eta, zalantzarik izanez gero, helduei galdetzen nien. Geroago, ikastaroetan eta mintegietan hartu dut parte, baina batez ere praktikan ikasi dut: kamerak eskaintzen dituen baliabideak sakonki aztertzen, argiarekin probak egiten...”. Herriko Udalak antolatzen duen ikastaroan egin zituen Evak lehenengo urratsak. Bertan ikasle hasi zen, baina azken 14 urteotan irakasle aritu da. “DATeko kideak gara irakasleak. Nork bere espezialitatearen berri ematen du: batek, argazkilaritza digitala; beste batek, laborategia; beste batek, gaueko argazkilaritza...”. Azken hamarkadan, izugarrizko aldaketa izan da argazkilaritzan: analogikoa ez da ia erabiltzen gaur egun, eta haren ordez argazkilaritza digitala nagusitu da. Aldaketak bete-betean harrapatu zuen Eva, baina, aitortu digunez, biak erabiltzen ditu. “Argazkilaritza digitala landu behar da, merkatuak berak behartzen zaituelako: azkarragoa, merkeagoa da... Hala ere, laborategian jarraitzen dut lanean, eta, egia esan, ikusmin handia sorrarazten didate betiko argazkilaritzak, analogikoak, eta teknika ezberdinek”. Argazkilaritza estenopeikoa “Argazkilaritzan gauza berriak probatu behar dira; bestela, aspergarria da”. Eta horrela, ikertzen-eta, harremanetan jarri zen argazkilaritza estenopeiko teknikarekin. “Behin, Alberto Gagok horren inguruan emandako ikastaro batera joan nintzen eta oso interesgarria iruditu zitzaidan. «Nik ere hori egin behar dut», esan nion neure buruari”. Argazkilaritza estenopeikoa oinarrizkoa da, ia ekiporik gabekoa, eta argazkilaritzaren benetako sena berreskuratzen du. “Kamera nik neuk egin nuen eta, horretarako, panetone bizkotxo baten lata erabili nuen: barrukoa beltz matez margotu eta argazkilaritza papera jarri nuen bertan. Kutxari milimetro bateko zulotxoa egin nion. Argazkia ateratzeko, kontuan hartu behar da zeintzuk diren kutxaren neurriak eta zelako argitasuna dagoen inguruan. Horren arabera kalkulatu behar da zenbat denbora behar den irudia paperean finkatzeko”. Teknika zahar horrek baditu eragozpenak, baina, Evaren iritziz, xarma berezi bat ere badu. “Argazkia egitean, ezin da huts egin, eta emaitza laborategian baino ezin da ikusi. Denbora luzeagoa eskatzen du eta garestiagoa da. Dena dela, oso erakargarria dela uste dut. Orain argazkilariek argazkiak ateratzen dituzte, baina kamerak berak esaten dizu zelan. Argazkilaritza estenopeikoaren bidez, zuk menperatzen duzu dena. Oso polita da prozesua”. Evari hiriko argazkilaritza eta industria-paisaiak gustatzen zaizkio. Argazkiak atera eta gero, nahiago du irudia gehiegi ez ukitu. “Informatikak aukera zabala ematen dizu argazkiak txukuntzeko, baina niretzat argazkiak ateratzea da interesgarria, ez haiek ukitzea. Argi dago beti dagoela aldea ikusten duzunaren eta kamerak ateratzen duenaren artean. Nik argazkiei ukituak ematen dizkiet desoreka hori zuzentzeko. Dena dela, ez naiz argazkiak milioika ateratzen dituztenetakoa: oporretan joaten naizenean, japoniarren antzera argazkiak ateratzen ibili beharrean, inguruneari begiratzen ibiltzen naiz gehienbat”. Argazkilaritza zaletasuna polita bada ere, etorkizunari begira Evak ez du bere burua profesional ikusten. “Neurri batean, gustatuko litzaidake argazkilaritzatik bizitzea, baina beste arlo batean egiten dut lan, eta zaletasunarekin nahikoa dut. Hemendik aurrera jarraituko dut argazkilaritzan lanean eta gauza berriak probatzen, baina inolako asmo handirik gabe”. Evak munduari begiratuko dio panetoneko lataren atzetik eta bere ikuspuntu apala erakutsiko digu. Evaren lana, saritua Derioko Udalak D´Artez Arteen ikuste-jaialdia antolatu zuen urrian. Horri esker, jarduera ezberdinetan dabiltzan artista batzuek aukera izan zuten euren lanak herriko dendetan erakusteko. Lehiaketak artista gazteen lana zein Derioko saltokiak bultzatzea izan zuen helburu. Eva Fernandezen bi argazkik akzesita lortu zuten lehiaketan. “Ondo pasatzeagatik eta nire lana ezagutzera emateagatik hartu nuen parte, baina pozgarria da saria jasotzea, bai horixe!”. Akzesitari esker, erakusketa orokor batean hartuko du parte martxoan, Derioko Kultur Birikan. “Ez nuen espero ezer irabazterik, parte-hartzaileen maila oso altua izan zelako. Oso interesgarria iruditu zitzaidan D´Artez egitasmoa, argazkilaritzaz gain, beste arte-teknika batzuk ikusgai izan ditugulako herriko dendetan: margolariak, eskultoreak, diseinatzaileak...”. Evak argazki bi aurkeztu zituen lehiaketara: batetik, argazki estenopeikoa, Bilboko 11-M mugimenduko kideena; bestetik, Indiako neskatila baten argazkia. “Bigarrena ikusgarriagoa da, baina lehenengoan teknika estenopeikoa da interesgarria: kamera Arenaleko zubiari lotu eta han minutu oso batean utzi nuen, Arriagako plazari argazkia ateratzeko”.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).