Txorierrin be euskeraz bizi gura dogu

Aikor aldizkaria 2012ko aza. 22a, 14:27
Euskeraz bizitzeko guraria kalean aldarrikatzera deitu dau Kontseiluak, “Euskaraz bizi nahi dut” kanpainearen haritik. Txorierriko AEK-k eta euskera alkarteek bat egin dabe kanpaina eta deialdi horregaz, eta autobusa jarriko dabe abenduan 1ean Donostian egingo dan manifestazinora joateko. Kontseiluak orain dala urte bi jarri eban martxan “Euskaraz bizi nahi dut” kanpainea. Denpora tarte honetan hainbat ekintza egin dira gizartearen hainbat arlotan; esaterako, film laburren lehiaketea, herri lasterketak eta Hizkuntzaren keinua liburuaren argitalpena. Herritarrakaz zein bestelako eragileakaz jardun dau beharrean, eta harreman horretatik ondorio hau atera dau erakunde horrek: “asko gara euskeraz bizi gura dogun herritarrak eta asko be bagara gurari hori determinazinoz aldarrikatzen dogunak”. Administrazinoen aldetik, barriz, uste dau ez dirala jarri euskeraz bizi ahal izateko beharrezkoak diran bitartekoak. “Azken 30-40 urteetako aurrerapausuak herri mobimentuen beharrari esker egin dira, baina ez dira nahikoa izan eta beharrezkoa da hizkuntza-politiketan jauzia emotea”. Erakundearen eretxiz, politikariek kontuan hartu behar dabe herritarren euskeraz bizitzeko guraria eta gaur egun era ezin aproposagoa zabaldu da horretarako. Halan, aldarrikapena kalera ateratera deitu dau eta manifestazinoa antolatu dau abenduaren 1erako. Manifestazinoak arratsaldeko 5etan urtengo dau Anoeta estadiotik. Txorierriko AEK-k eta euskera alkarteek —Altzora, Tximitx, Lagatzu, Zorrizketan eta Arrekikili— Kontseiluren kanpainea aztertu eta hausnarketea egin dabe orain arte eskualdean egindako beharraren gainean. Era berean, Txorierrin euskeraz bizitzeko dagozan erak eta oztopoak euki ditue hizpide. Azaldu dabenez, hareek be ekarpena egingo deutsie kanpaineari, eta datozan egunotan haren barri emongo deutsee herrietako eragileei. AEK euskaltegian be kanpainea eta haren ildoak landuko ditue ikasleakaz. “Ezinbestekotzat joten dogu gobernuak jakitea zeintzuk diran herritarron kezkak eta aldarrikapenak. Horregaitik uste dogu inportantea dala abenduaren 1eko manifestazinoan parte hartzea, eta autobusa ipiniko dogu hara joateko”. Autobusa doan izango da eta arratsaldeko 3etan urtengo dau Sondikatik. Autobusak geldialdia egingo dau Txorierriko autobus-geraleku nagusi guztietan. Bera hartu gura dauenak izena emon beharko dau euskera alkarteetan edo AEK euskaltegian (94 454 39 67). Kontzientziaznioa Beste alde batetik, aitatu beharra dago abenduaren 1ean Txorierrin ekintzak egingo dirala Euskerearen Eguna dala-eta. Txorierriko AEK-k eta euskera alkarteek argi itxi gura dabe, manifestazinora joateko autobusa ipinteko erabagia hartu dabenean, ez dabela ekintza horreen kontra egiteko asmorik euki. “Euskeraren Egunaren haritik antolatutako ekintzen artean herritarrek izango daben beste era bat da. Izan be, ospakizunerako momentua ez ezik aldarrikapenerako momentua be bada, gure ustez. Autobusa manifestazinoa amaitzen danean itzuliko da Txorierrira, eta Donostiara joatea erabagi dauenak oraindino eukiko dau hemengo ekintzetan parte hartzeko erea”. Autobusa ipinteaz gainera, Txorierriko AEK-k eta euskera alkarteek kontzientziazino kanpainea zabalduko dabe eta bertoko eragileak animauko ditue Kontseiluren kanpaineari atxikimendua adierazotera. Atxikimendua www.euskarazbizinahidut.org webgunearen bitartez emon leiteke, eta han banderatxoak eta kamisetak be erosi leitekez. Esan deuskuen moduan, materiala Txorierriko AEK euskaltegian be jarriko dabe salgai, eta herritarrak animau gura ditue balkoietan-eta banderatxoak ipintera. Azkenik, jakinarazo deuskue Donostiako manifestazinoaren ostean berriro alkartzeko asmoa daukiela, eta batzar horretan gura daben eragileek be hartu ahal izango dabela parte.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).