Euskerea, borborrean

Aikor aldizkaria 2012ko aza. 22a, 14:32
Txorierriko euskaltzaleek Sondikan ditue hitzordua eta topagunea aurten. Euskerearen Egunaren haritik, azaroaren 29tik abenduaren 3ra arte, herritar guztiei zuzendutako hainbat ekitaldi eukiko doguz han. Aurreko urteetan bezala, aurtengo Euskerearen Egunak herritar guztiengana ailegetea dau helburu, hareen adina edozein dala be. Horretarako, Txorierriko Zerbitzuen Mankomunidadeko Euskera Sailak bilerak euki ditu Sondikako Udalagaz, Altzora euskera alkarteagaz eta herriko gainontzeko taldeakaz. Iradokizunak eta ideak alkartrukau ditue eta egitaraua guztien proposamenak kontuan hartuta osatu dabe. “Parte-hartzea bultzatzen daben ekintzak antolatu doguz, sondikoztar eta txorierritar guztiek euskeraz eginez ondo pasau eta disfrutau daien”. Bodologoak antzezlanak hasierea emongo deutso prestau dan ekintza-sorta zabalari. Gazteei, helduei zein nagusiei zuzendutako ekoizpena da, barrez leherrarazoko dituana. Izan be, ezkontza batetik datozala, alkarrizketea sortzen da hiru lagunen artean... Ikuskizuna azaroaren 29an, 19:00etan, izango da Sondikako Kultur Etxean, eta sarrerak euro batean jarriko dira salgai euskaltegietan eta Kultur Etxean bertan, ekitaldia hasi baino ordubete lehenago. Azaroaren 30erako, Bertso hopa ekitaldia antolatu da gazteentzat. Mankomunitateko euskara teknikariak azaldu deuskunaren arabera, oso kontu barritzailea da eta arrakasta handia euki dau egin dan leku guztietan. Saioak bertsolaritzea eta hip hop-a buztartzen ditu eta publikoak be oso eginkizun garrantzitsua izango dau. Halan, gazte bakotxari eskatuko jako paper baten gai bat idazteko, bertsolariak eta hip hop-lariak hareen gainean aritzeko. Norgehiagokea arratsaldeko 7etan hasiko da Gaztetxean. Zapatua, abenduaren 1a, mobimendu handiko eguna izango da. Orain dala gitxi Berbagunea egin zan Bilbon, eta formatu hori hartu da oinarritzat, Sondikan be berbarako gunea sortzeko. Ekintzea Nagusien etxean egingo da goizeko 12etatik aurrera. Han hainbat talde edo berbagune atonduko dira eta bakotxean gaurkotasun-gai bat landuko dabe 20 minutuan. Ostean, beste bi taldetan aritzeko erea eukiko dabe parte-hartzaileek. Berbagune bakotxa aditu batek zuzenduko dau; hareen artean, Toti Martinez de Lezea idazlea, Aitor Elizegi sukaldaria, Mikel Artetxe txirrindulari ohia, Jesus Garcia sendagilea eta ekonomialari bat egongo dira. Ekitaldi hau herritar guztiei dago zabalik, baina izena aldez aurretik emon behar da (94 454 03 50), antolatzaileek jakin daien zenbat lagunentzako tokia atondu behar daben. Beraz, erea parebakoa daukie hau, gaur egun puri-purian dagozan gaiei buruzko hausnarketea eta eretxi trukaketea egin nahi dabenek, adituakaz batera. Bestalde, goi mailako bertso-saioa egingo da arratsaldeko 7etan. Kultur Etxean Arkaitz Estiballes, Etxahun Lekue, Sebastian Lizaso eta Andoni Egaña arituko dira bat-batean. Ondoren, Taberna Ibiltariak hartuko dau txandea. Abeslariek Kultur Etxetik urtengo dabe eta euskal kantutegia herriko txoko guztietara zabalduko dabe. Jente artean banatuko dira abestien fotokopiak, abesti baten edo bestearen berbeak ezagutu ezean, ha be kantau ahal izateko. Eskoletan be bai Domeka goizean giza katea osatuko da Pergolan. Ekintza hau lehenengo aldiz egingo da Txorierrin. Parte-hartzaileek koloredun kartulina bana hartuko dabe eta han hizki bat egongo da idatzita. Hizki guztiak alkartuta, Guk euskaraz kantua osatuko dabe. Giza katea goizeko 12etan izango da eta, antolatzaileek aitatu deuskuen bezala, gitxienez 176 personak hartu beharko dabe parte ekitaldian, ha egoki egin ahal izateko. Jente gehiago animetan bada, kantua gehiagotan osatuko da, harik eta guztiek ekintzan parte hartu arte. Arratsalderako, umeei zuzendutako antzezlana egongo da Kukubiltxo taldearen eskutik. Ikuskizuna 17:00etan izango da Kultur Etxean. Hurrengo egunetan, eskoletako umeentzako ekitaldiak izango dira eta bertan, orotara, 1.226 umek hartuko dabe parte. Ekitaldiak ikasleen adinaren arabera prestau dira. Abenduaren 3an, 10 urtetik 11 urtera bitarteko gaztetxoek ikuskizunetarako dituen gaitasunak erakutsiko ditue ikaskideen aurrean. Euskerazko 22 abesti aukeratu dira eta talde bakotxak hareetako bat abestu, dantzatu edo antzeztu beharko dau. Horretarako, Euskaraokea egingo da. Abenduaren 4an, Patxin eta Potxin pailazoek antzezlan barria eskeiniko deutse lau urtetik sei urtera bitarteko umeei, eta Tor magoaren magiak aho bete hortz itxiko ditu zazpi urtetik bederatzi urtera bitarteko umeak hurrengo egunean.

Txorierriko albiste garrantzitsuak eta azken ordukoak jaso gura dituzu Whatsapp bitartez?

WHATSAPP: Bidali ALTA hitza 747 406 561 telefono zenbakira.

Izan zaitez berriemale ere. Bidali zure argazkiak, bideoak eta berriak.

Hilero lagun birentzako bazkaria zozkatuko dugu alta hartzen dutenen artean (Baserri Antzokian).