Urrian Gurasolagun egitasmoa jarri zen martxan Berbalagun proiektuaren barruan. Itsasne Zubirik haren arduradunak eman dizkigu gakoak.
Zer da Gurasolagun?
Egitasmoak eskola edo ikastetxe bateko gurasoak eta seme-alabak elkartzea du helburu, haien artean euskaraz egin dezaten.
Zergatik jarri da martxan?
Alde batetik, gurasoen artean sare euskalduna sortzeko; eta bestetik, euren arteko harremanetan euskara sendotzeko. Era berean, euskara ikasten dabiltzan gurasoei euskaraz aritzeko beste aukera bat eman nahi izan diegu. Horretarako prestatu dugun formatuan berba ondo edo txarto egiteak ez du garrantzirik, helburua euskaraz egitea delako. Beraz, ez dute zertan lotsa eduki edo beldur izan behar. Azkenik, aipatu beharra dago egitasmoak gurasoen eta umeen artean euskaraz egiteko ohitura sortu edo indartzea ere baduela helburu. Oso garrantzitsua da helburu hori.
Gurasoen ikuspuntutik, zeintzuk dira egitasmoan parte hartzearen arrazoiak?
Egoera asko daude. Batzuek euskaltzaleak direlako eman dute izena; beste batzuek, euskara praktikatzeko; eta beste batzuek, seme-alabekin euskaraz egiteko ohitura hartzeko. Edozelan ere, egitasmoan parte hartzea onuragarria da oso, umeek gurasoak euskaraz entzuten dituztelako, eta nagusiok eredu gara umeentzat. Izan ere, askotan, gurasoen artean erdaraz egiten dugu, baina umeei, euskaraz. Egitasmoa egokia da jarrera hori aldatzeko.
Zer egiten duzue?
Elkarrekin izaten gara Sondikako eskolako patioan, umeek askaria hartzen duten bitartean. Eguraldi txarra badago, psikogela erabiltzen dugu. Batzuetan, eskulanak egiten ditugu bertan; eta beste batzuetan, eskulanok ikusgai jartzen ditugu eskolako zenbait txokotan. Aurrera begira, joko eta kanta ikastaroak egiteko asmoa dugu, gero umeekin lantzeko.
Zelako harrera eduki du egitasmoak?
Espero baino hobea, egitasmora gero eta jende gehiago hurbiltzen da-eta. Sondikako eskolan astelehenero batzen gara, 16:30etan, umeak eskolatik ateratzen direnean. Ordubete ematen dugu elkarrekin.
Zein da parte hartzaileen profila?
Sondikako eskolan izena eman dutenen artean, Loiuko eta Sondikako gurasoak ditugu; aitak zein amak, pertsona gazteak. Euskara mailari dagokionez, denetarik dago: euskaldunak, euskara ikasten dabiltzanak edo egon zirenak...
Animatu beste guraso batzuk Gurasolagun taldean parte hartzera.
Euskara gure kultura da; euskaldunok dugun altxorrik preziatuena eta egundoko oparia seme-alabentzat. Beraz, denon artean zaindu behar dugu. Gure esku dago gure ondorengoei transmititzea.