Berriro egin dugu “Derioztarrak bost kontinenteetan†hitzaldi-saila. Nondik ibili gara aurten? Zer ikusi eta zer ikasi dugu? Erraza ez den arren, hurrengo lerrootan laburbiltzen saiatuko gara. Aurrerapen moduan, aipa dezakegu oso zaila dela bost bidaia hain ezberdin topatzea.
Lehengo egunean, Txapas taberna gainezka zegoela, safari batean hartu genuen parte, Gotzone Imazen eskutik. Afrikako bost handiak (elefantea, bufaloa, errinozeroa, lehoia eta lehoinabarra) ikustera joan zen maasaien herrira, baina han beste gauza batzuk ere aurkitu zituen. Bidaia kamioitzar baten gainean egin dugula, paisaia ikusgarriak eta era guztietako animaliak izan ditugu begien aurrean, argazkirako prest egongo balira bezala. Izen mitikoa duten lekuetatik ibili gara: Nilo ibaiaren iturria den Victoria lakua, Maasai Mara eta Serengeti erreserbak, eta Ngorongoro parkea, Zanzibarreko hondartzetan amaitzeko.
Bigarren egunean Tripy tabernan izan gara eta, han bertan, Berlinetik paseatu gara Ziortza Sanzekin. Bestelako bidaia izan da guztiz. Eraikuntzak ez dira garrantzitsuena eta hiria ere ez da oso polita; garrantzitsuena kaleko giroa da. Eta hortik ibili gara, merkatu txikietan, jendeak kalean bazkaltzen zuen bitartean, musika jotzen zuten bitartean... eta ziurtasun osoz esan dezakegu han ez dagoela lapurrik. Kreuzberg auzoko kaleen aniztasunean ibili gara, harik eta hango usainak ia-ia sentitu ditugun arte.
Aldekone tabernan batu gara hirugarren egunean. Kanadan, Jabi Mugarrarekin izotz eskalada hastear ginela, lanpara erre eta bertan behera gelditu da hitzaldia. Beste batean izango da.
Izotzetik leku beroago batera joan gara laugarren egunean: denon ahotan dabilen Iranera, hain zuzen ere. Txepetxa AEK euskaltegian 50 graduko tenperatura jasan dugu Imanol Goienagaren eta Asier Bidaurrazagaren azalpenei jarraitu diegula. Beroaz aparte, han badago zer ikusi eta zer ikasi. Ikusteko, Zaratrustak zapaldu zituen lekuak, Persepolis herri famatuko harriak, meskitak... Eta ikasteko, adibidez, zelan gidariz autobusa gelditu barik alda daitekeen... Baina Imanolek eta Asierrek gehien azpimarratu digutena izan da bertako jendea, persiarrak, oso atseginak eta guztiz fidagarriak direla. Bisitatzeko moduko herria da.
Hitzaldi-sailari Mendia tabernan eman diogu jarraipena. Bidaia honek ez du aurrekoekin zerikusirik eduki, pare bat egun iraun duelako. Bidaia ez dugu bakarka egin, ezta talde txikian ere. Bidaia milaka lagunekin batera egin dugu. Hasieran, alaitasuna eta itxaropena izan dira nagusi; amaieran, etsipena eta tristura. Nora joan gara Lander Aiarzaren eskutik? Ba, Bukarestera, noski, Europako Ligaren finalean Athletic animatzera. Etxera itzuli baino lehen, taxia hartu eta ibilaldia egin dugu hiritik.
Baina porrotak ez gaitu kikildu eta izotzari eta hotzari berriro egin diegu aurre, Jabi Mugarrarekin batera. Tenperatura zero azpiko berrogei gradutaraino iritsi da Kultur Birikan, eta guk pioletak hartu eta kranpoiak jantzi ditugu. Pozik ibili gara ur-jauzi izoztuetatik igotzen, Kanadako paisaia ikusgarrien artean. Hara beste egun eguzkitsu batean itzultzeko asmoa dugu, oso hotz handia dagoenez, izotza ez delako urtzen.
Amaitu dira aurtengo bidaiak, datorren urtean beste bost edukiko ditugu zain. Ez galdu.