Euskara eta perretxiko-egunak

Aikor aldizkaria 2012ko abe. 17a, 09:44

Udazkena perretxikotan ibiltzeko garai egokiena da eta Berbalagunok aukera aprobetxatu dugu, hilabete berbamikologikoa antolatzeko. Hala, Lagatzu Zamudioko euskara elkartearekin batera, euskaraz, onddoz, lanpernaz eta mendiko beste ahogozagarriz betetako lau ekintza egin ditugu azaroan. Roberto Fernandez mikologoak oso hitzaldi interesgarria eskaini zigun Zamudiotorren. Hainbat lagun batu ginen eta arreta handiz jarraitu genien adituaren azalpenei. Perretxikoen ezaugarriak, arriskuak eta bestelako kontuak buruan genituela atera ginen solasalditik, horiek guztiak hurrengo astean egingo genuen irteerarako oso baliagarriak izango zirela pentsatzen genuen bitartean. Eta Sarria herrira abiatu ginen, ilusio handiz eta saskiak prest genituela. Menditik tipi-tapa, han eta hemen begiratzen, mendiko altxorrak topatzeko irrikan... Gutariko askok oraindik genituen buruan Robertoren irakaspenak, baina eskerrak txangoan Juanan Diez zamadudioztarra gidari eduki genuela! Juanan ere aditua da perretxikoetan eta berak esan zigun zer hartu eta zer ez, non begiratu... Bere laguntza ordainezinari esker, altxor ederra lortu genuen; hala esateko lizentzia onartzen badidazue, perretxikoen “saskikadak” eta “saskikadak”. Eta ale guztien artean, gehienok inoiz ikusitako alerik handiena topatu genuen. Argazkia atera genion, txangora etorri ezin izan zinetenek ere hura mirets zenezaketen. Saskiak ondo beteta itzuli ginen Txorierrira. Sukaldean Mendian primeran moldatzen garen arren, perretxikoak jatea perretxikotan ibiltzea baino gehiago gustatzen zaigu; noski, berbalagun azkarrak gara gu. Eta horregatik prestatu genuen bazkari ederra Sarrian batutako aleekin. Perretxikotan aditua izateaz gainera, sukaldari bikaina ere bada Juanan eta sukaldeko sekretu bat baino gehiago ezagutarazi zigun. Beno, bera eta bere emaztea. Izan ere, senar-emazteek perretxikoak prestatzeko hainbat modu azaldu zizkiguten. Guk ez genekien hainbeste era zegoenik! Besteak beste, maziak baziren moduan prestatu genituen, patearekin... eta arroz-pastela ere egin genuen. Halakorik prestatzen genuen lehenengo aldia izateko, dena goxo-goxo atera zitzaigun. Perretxikoak batu ez ezik argazkiak atera ere egin genuen azaroan. Eta horren haritik, Argazki Lehiaketa antolatu genuen, zeina publiko orokorrari zuzenduta baitzegoen. Lehiaketara 40 argazki aurkeztu ziren eta epaile IZAE Zamudioko Argazki Taldekoak ibili ziren. Lan gogorrari egin behar izan zioten aurre, agindutako argazki guztiak politak baino politagoak zirelako. Ana Goitisolok irabazi zuen lehiaketa nagusien kategorian eta saritzat lagun birentzako afaria jaso zuen. Hamalau urtetik beheko gaztetxoei zuzendutako lehiaketa Olatz Pozo 10 urteko neskatoak irabazi zuen. Olatzi ere eman genion opari ederra. Lehiaketara agindutako argazkiak Zamudioko taberna batean jarri genituen ikusgai. Hilabete mikologiko ederra atera zaigu, bai horixe!